Ibaizabal, 2002.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 12 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Abandonaturiko dorretxe misteriotsu bat, burutik egindako marinel zahar eta kondairazalea, San Joan suaren magia, mamu uluak… Andonik eta bere lagunek ikaragarrizko abentura izango dute.
Paulo VI auzoko lagun-taldean herriko San Joan surik handiena egin nahi dute. Ez dira guztiz ondo ari, ordea, albokoena handiagoa baita. Zer egin dezakete irabazteko? Horretan dihardutela, eta gutxi balitz bezala, Intzak lagun berri bat ekartzen du auzora: Aiora. Andoni liluratuta gelditzen da etorri berriarekin eta begiratu besterik ezin dio egin. Aioraren begiradan misterioren bat ezkutatzen dela susmatzen du. Ederki ziurtatzeko aukera izango du abenturak aurrera egin ahala .
Bitartean, San Joan Surako erregai bila ibiliko dira. Zergatik ez sartu abandonatutako dorretxe zaharrean? Zergatik ez hartu hango altzariak-eta? Dorretxera hurbiltzean, ordea, zaratak entzungo dituzte. Zarata arraroak. Arnasots beldurgarriak. Pixkanaka, gainera, abandonaturiko dorretxearen inguruko zenbait istorio ezagutuko dituzte… Istorio ilunak. Ez ote zen, ba, mamuren bat egongo horma haien artean, ezta? Nolanahi ere, lagun-taldeak sartzea erabakiko du… Beldurrak blai amaituko dute. Eta baita beraien bizitzako abentura bizitzen ere.
Nire iruzkina, bitxikeriak eta kuriositateak
Txikitan, ez geneukan Play Station edo Wii-rik. Kalean egiten genituen orduak eta orduak. Garai hartan, gainera, etxe zahar asko izaten ziren auzo gehienetan. Haietan sartzen ginen, San Joan Surako erregaien bila, neurri batean, baina baita abentura-gose ginelako ere. Txanpon eta liburu zaharrak, argazki abandonatuak, beste garai bateko ametsak… Edozer aurki zenezakeen han.
Bestalde, puri-purian zeuden orduan mamuen inguruko kontuak. Gugandik hurbil, esate baterako, Itziarreko mendatean (Zumaia eta Deba artean), mamu bat agertzen omen zen tarteka. Autoz zindoazela, neska bat ikusten omen zenuen autostop egiten.
Hura jasotzen bazenuen, ziotenez, zurekin hiztetan hasten zen, normal-normal, baina, halako batean, larriduraz esaten omen zizun: «Kontuz bihurgune horrekin! Hor hil nintzen ni!».Eta desagertu egiten zen.
Zuen inguruan, ziur asko, entzungo zenituzten antzeko istorioak.
Bermeoko Izaro uhartearen inguruko kondaira bat ere aurkituko duzue orriotan. Hor duzue Izaro, ezkerraldean. Bai leku ederra!
Eta liburuko muina eta nolabaiteko ardatza: San Joan sua. Eta hark sorrarazten zizkigun lilurak eta adiskidetasun-nahiak. Ordu asko eman genituen gaxtetan suak prestatzen, eta haien inguruan dantza eroan. Amets egiten.
Guretzat, halako kontuez beteriko abentura izan zen gazte-garaia. Horietariko zenbait kontatzen ditut Dorretxe zaharreko misterioan. Nire oroitzapen eder batzuk ezkutatzen dira lerro horietan. Mamuak, kondairak eta abenturak gogoko badituzue, liburua gustatuko zaizuela uste dut.
![]() |
Sarritan galdetu didate Bihotz nahasiak edo Arriskupean liburuen antzekoak ba ote ditudan. Azkenaldian, halako hiru sortu ditut, abentura bizi-biziak, eta aurrekoen estiloa gustatu bazitzaizuen, dudarik gabe goxatuko dituzue berriagoak diren Abbadiaren sekretua (gaztelu sorgingarri bat, Antton Abbadia zoragarriaren hainbat amets eta kontu bitxi, pertsonaia bereziak, abentura, misterioa, umorea…), Zonbia San Mamesen (zonbi bitxi bat, Athletic-eko partidu baten erdian, umorea barra-barra, oso pertsonaia xelebreak eta iratxoak hegan eta mozorro festa ero bat eta… Tira: milioi bat barre).
|
![]() |
Edota Izuaren Pasabidea (mutiko albino bat, neska ilun eta arriskutsu bat, izu guztiak elikatzen dituen pasabide beldurgarria, eta maitasunaren indarra… gozorako eta garratzerako).
Liburu berriagoak izanik, badira haien audioliburuak eta bideo argigarriak, istorioa hobeto sakontzeko, edota gida pedagogikoak irakasleentzat, edo behar dituenarentzat. Ikusi nolakoak diren loturetan, eta dastatu. On egin! 🙂