Txalaparta, 2010. Adina: 14tik gora.
Sinopsia
Dena amildu zenean, Hondamendian, ez zen aienetarako astirik izan. Zibilizazioa porrokaturik geratu zen, hondarrezko gaztelu bat itsaso basati baten olatuen aurrean bezala. Bat-batean eta bortizkeria handiz gertatu zen dena. Orduan, bere lubaki primarioenean babestu zen bizitza: bestea hil ala norbera.
Bi hamarkada joanak dira Hondamendia gertatu zenetik. Eta amildegitik harago zegoen mundua errealitate bihurtu da. Bertan, arnasaldi bakoitza labankada da eta izkina bakoitza ustekabe, baita alderantziz ere.
Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.
Fantasiak errealitateari kosk
Asko gustatzen zait bide ezezagunetan ibiltzea, zuhaitzen artean, kale galduetan edo pertsona bitxien alboan. Horrela sentitzen naiz bizien. Beharbada, horregatik irensten nuen, nerabea nintzela, literatura fantastikoa eta zientifikoa. Erraza zen halako mundu urrunetan nabigatzea, abenturaz abentura salto egitea.
Apurka, konturatu nintzen mundu fantastiko horiek ez zirela hain urrunak. Alderantziz. Istorio haietan kontatzen ziren grinak, pozak, minak edo ausardiak gure inguruko bizipenen antz handia zeukaten. Areago, berberak ziren. Lasaitu egin nintzen. Fantasia irakurtzea, bat-batean, ez zitzaidan denbora-pasa edo ihesbide iruditzen, errealitateari kosk egiteko modu erakargarria baizik.
Eta hemen nabil, orain, fantasiaren munduak arakatzen. Bestelako errealitate batzuk marrazten, gurea hobeto, edo bestela behintzat, ikusteko.
Zer kontatzen da liburuan?
Esan bezala, nerabea nintzela hamaika istorio xurgatzen nituen, imajinazioaren, liburuen eta komikien bitartez, gehien bat. Barra-barra. Krisi garaia zen hura ere, eta bizipen eta narrazio asko eta askok postapokalipsi antzeko baten tankerakoak ziren. Litekeena al da horrelako puntu batera iristea? Gure zibilizazio modernoa eta garbia (-edo) oroitzapena baino ez izatera? Ez zait ezinezkoa iruditzen.
Demagun zerbait latza gertatzen dela, eta gogorregia iruditzen zaigun hori etortzen dela: Hondamendia. Komunikabideak eten egiten dira, ez dago elektrizitaterik, gasoleorik, ordenagailurik edo supermerkaturik. Zer egingo genuke?
Bilbo Samurairi halako ingurunea egokitu zaio. Bilbo da liburuko protagonista nagusia. Sega handi bat darama bizkarrean zintzilik, eta herriz herri dabil.
Nolakoa da Bilbo? Ez dut haren deskribapenik eman, nahita. Ez dakigu zer itxura duen: denon modukoa izan daiteke. Ezagutzen dugu, ordea, haren izaera: etengabe entrenatzen ditu gorputza eta burua. Edozertarako prest egon nahi du. Heriotza zirrikitu guztietatik eta makina bat modutan hurbiltzen da Hondamendiaren ondorengo munduan. Bilbok ez dio erraz jarri nahiko.
Bilbok lagun bat du alboan: Xuri izeneko gaztea. Gizaki itxura du, baina sekretu bat gordetzen du. Hondamendiaren ondoren mutazio ugari izan ziren, eta Xuri gizakia baino zerbait gehiago (edo gutxiago) da. Desberdina da. Desberdintasun horrekin bizitzen ikasi beharko du, eta ahal duen neurrian, baita aprobetxatu ere.
(Hor naukazue, Donibane Lohitzuneko txoko zoragarri batean. Liburuko pasarte bat argazkiko lekutik hurbil gertatzen da)
Zientzia, historia, mitologia…
Zibilizazioa desagertuz gero, zer geratuko litzaiguke? Zenbait liburu eta artikulu aztertu ditut, markoa irudikatzeko. Hala ere, barruari begiratu diot gehienbat. Gu gara ekosistema askotan eragin handiena. Gure indarra ahulduko balitz, mundu osoa aldatuko litzateke, arin samar gainera.
Zer egingo lukete gure katuek edo txakurrek? Basatiak ziren duela ez asko, eta aurrekora itzuliko liratekeela iruditzen zait. Eltxoak ugaritu egingo lirateke. Mutazioak⦠mutazioena aparteko gaia da. Aukera handia ematen dio idazleari jolas egiteko! Nolako mutazioak gerta daitezke? Nola hartuko genituzke mutatuak? Historia aztertu besterik ez dugu erantzun bat aurkitzeko: batere ondo ez, seguruenik.
Mundua azaldu ezin dugunean, arrazionalizatu egiten dugu. Istorioak asmatu behar baditugu ere. Mitologiak azalpen batzuk ematen zituen. Zergatik existitzen da haizea? Eolok putz egiten zuelako. Eta nondik dator tximista? Mari eta Sugoi larrutan ari zirelako. Mitologia berriak asmatuko genituzke?
Eta mitologiak iragan ezezaguna azaldu beharrean, etorkizun posiblea azalduko balu? Amets dexente elkartu ditut liburuan, baina betiere narrazioaren barruan. Abentura liburua da. Bizia eta deskribapen gutxikoa. Edonola ere, zenbaiti behintzat zer pentsatu txikia emango diela espero dut.
Irauteko borroka zaildu eta bortiztu egingo litzateke. Animalia batzuk desagertu, beste batzuk gogortu. Eta beldurra eta bizitzaren intentsitatea areagotu egingo litzateke, heriotza albo-alboan denean gertatzen den bezala.
Heriotza. Eta sega. Sega baita gure kultura heriotzaren sinboloa. Eta heriotza zabalduko du Bilbok segarekin.
Zer nahi nuen? Zer aurkitu dut?
Grinarik gabeko bizitza oso aspergarria iruditzen zait. Osasungarriagoa izango da, beharbada, baina ez nuke nahiko. Horregatik, saltsa askotan sartzen ditut pertsonaiak. Barruan zer duten erakutsi dezaten. Izaera landu dezaten. Beldurrari aurre egin diezaioten, ahal bada duintasunaren eta umorearen bitartez.
Ezezagunaren aurrean egin beharreko hautua. Burua makurtu edo jaiki. Duintasuna. Umorea. Beldurra. Adiskidetasuna. Mamuak. Porrotak. Zalantza. Grina. Bizitzaren intentsitatea eta heriotzaren ezinbestea. Gai asko, gai interesgarri eta esanguratsuak. Horiek guztiak ahalik eta egokien harilkatzen saiatu naiz. Orain, zuen txanda da. Esango didazue… š
Jarraipenik?
Pertsonaiek bizitza propioa har dezakete, eta idazlearen planak aldatu. Kontrola galdu dut nik. Istorioan aurrera egin ahala, ohartu nintzen gozatzen ari nintzela, eta uste baino gehiago kontatu nahi nuela. Bilbo Samuraik berak idatzi du istorioa. Eta nik berarekin bizi izan ditut orriotako abenturak⦠eta garbi geratu zait abentura gehiagoren gose naizela. Bilbori zer gertatzen zaion jakin nahi dut. Xurik zer egingo duen jakin nahi dut. Beste pertsonaia batzuek zer erabakiko duten jakin nahi dut.
Horretarako, idazten jarraitu beharko dut! Ea niri bezainbeste gustatzen zaizuen liburua, eta horrela errazagoa izango da segalariaren bidaia gehiago ezagutu ahal izatea (zuek, eta baita nik neuk ere!).
Laster arte.
Irakurtzeko gogoa pizten du. Zenbat gauza ezkutatzen dituen. Gizarteak ere pertsonak bezalakoak ote?
Dudarik gabe. Gizarteak eta pertsonok elkar elikatzen eta eragiten dugu, txarrerako… eta onerako.
Eskerrik asko iruzkinagatik!