Une bereziak. Badakizu ager litezkeela, baina ez dituzu espero. Ez dakizu noiz etorriko diren. Ez dakit zenbat eskolatan egon naizen jada azken urteotan. Ez dakit zenbat saio egin ditudan. Jadanik 2000tik hurbil izango naiz. Beharbada gehiago dagoeneko. Batzuk-batzuk. Zenbat galdera jaso ote ditut? Zeruak izar adina bai! Etengabe eskatzen diet entzuleei ondo sentitzeko egin beharreko galdera. Zalantzarik egonez gero, beti-beti-beti barruen dagoen horri begiratzeko. Galdera galderenak barrutik eta barruan sortzen direnak direla. Paperetan edo klasean prestatutakoak balekoak dira. Ok. Txukunak sarritan. Baina besteak, unean eta ezustean jaiotzen diren horiek, galdera horiek dira benetakoagoak. Urrezkoenak. Ezinbestekoak.
Une bereziak. Ez dituzu espero eta hortxe, ttak, agertzen dira. Hain da bitxia saio bakoitzean lehen saioan bezala sentitzea. Eta tarteka, oraindik ere, sekula egin ez didaten galdera bat, edo bi, edo zortzi jasotzea. Hain benetako galderak. Zer pentsatua eta zer sentitua sortzen dutenak. Barrua azal eta mami irabiatzen dituztenak.
Ez da modu txarra lehen sarrera eransteko txoko honi. Horixe aitortzea. Aspaldiko galdera-dantzarik intentsuenetarikoa, zirraragarrienetarikoa, Orreagatik, duela mendetxo batzuk Errolanek susto galanta hartu zuen bazterretik, oso hurbil bizi izan dut. Bihotzari egindako segada (mesedegarri eta ezinbesteko) baten modura.
Eskerrik asko Garraldan hainbeste irakatsi didazuenei.
Besarkada bat eta ez adiorik!!