Euskal kondairei begiratzen badiegu, batzuetan-batzuetan azaltzen zaizkigu sagarrak.
Behin, adibidez, ba omen zebilen artzain bat Murumendin ardiak zaintzen. Egarriak zegoenez, ur bila hasi zen hara eta hona. Halako batean zer aurkituko, eta kobazulo baten ahoa. Eta hantxe, dama gazte bat apain jantzita. Dama bitxia iruditu zitzaion.
—Zer zabiltza, gizontxo? —galdetu zion emakumeak.
—Ba hementxe nabil, urik bilatuko ote dudan, egarriak nabil eta.
—Ura? Sagardoa esan nahi al duzu?
Eta damak sagardoa ekarri zion txarro polit batean.
—Hara, hau da hau sagardo ederra —esan zion artzainak—. Nongo sagarrekin egina da?
—Ikaztegietako Montes-eko etxejaunak ezari emandako sagarrekin.
Artzaina harrituta geratu zen. Ohartu baitzen dama hura lamia zela! Mari jainkosaren laguntzailea. Eta Mari jainkosak ez zuen gezurra onartzen. Norbaitek zeukana baino gehiago edo gutxiago adierazten bazuen, Marik hartzen zuen gezurraren zatia.
—Nola, nola? —galdetu zidan nebak.
Eta nik azaldu:
—Zuk hamar sagar edukita, sei zenituela esanez gero…
—Aaaaa! Marik lau hartzen zituen! —ulertu zuen Harrietek.
—Hori da. Ezari emana esaten zion horri. Gehiegi zenituela esanez gero, baiari emanakoak ziren.
—Eta Marik biak hartzen zituen.
—Eta sagardorik ederrena egin.
Mariren garaia ooooso aspaldi hasi zen. Atera kontuak. Auskalo noiztik ginen euskaldunok sagarzaleak!
Ez dago iruzkinik