Ai, sagarrak. Sagarrekin hasi ginen aurrekoan. Sagarrek zeresan handia baitute. Aitonak kontatu zigun bezala, Antzinako Greziako lurretan Troiako gerraren pospolo izan ziren sagarrak. Mundu osoko kondaira ugaritan azaltzen dira, baina orain, hemen, gureari erreparatuko diogu. Gurean ere askotxo azaltzen dira sagarrak. Edo haien ondorengo gozoa: sagardoa edo sagar-arnoa!
Goazen apurka, sagarrek ekarritako kontu onak eta mingarriak ikustera. Lehenbizi, on bat.
—Euskal piraten egunetan —azaldu zidan aitonak—, arazo handia izaten zuten marinelek. Garai haietan, marinelek denboraldi luzea ematen zuten itsasoan, eta fruitu eta barazki oso gutxi jaten zituzten. C bitaminarik gabe, eskorbuto gaixotasunak jotzen zituen askotan. Begiak galdu zitzaketen. Edo hortzak!
—Gaixoak! —xuxurlatu nuen nik, penaz.
—Denborarekin, aurkitu zituzten modu batzuk eskorbutoa saihesteko, baina askotan ez ziren erosoak: adibidez, arratoiak jatea.
—Arratoiak?
—Edo lizundutako jana. Euskaldun askok modu hobea aurkitu zuten: sagardoa!
—Sagardoa? Aaaa. —Ondorioztatu nuen nik—: Eta sagardoak C bitamina du?
—Hain zuzen!
—Sagardoa. Hara, hara. Piraten edaria rona zela uste nuen.
—Euskaldun askok sagardoa nahiago… zorionez. Hortzik galdu beharrik ez!
To sagardoaren mesedeetako bat!
Piratentzat ona izan zen… baina kalteak ere ekarri zituen. Euskal sorginei, esate baterako. Zergatia jakin nahi? Laster azalduko dizuegu!
Ez dago iruzkinik