Maddi naiz, eta euskal piratekin bueltaka nabil.
Sagarrak gustatzen? Harriet nebari eta bioi ere bai. Baina kontuz!!!
—Sagarrak magikoak dira, Maddi —kontatu zidan aitona Anttonek.
—Bai, horregatik azaltzen dira mito ugaritan. Eta euskaldunontzat makina bat gauza on ekarri digute sagarrek… baina baita arriskua ere.
—Sagarrek arriskua?
—Eta mesedea. Nahi duzue sagarren inguruko kontutxo batzuk kontatzea?
Harriet neba albora etorri zait, aitona istorio bat hastear zela igarrita.
—Kontatu kontuak, aitona! —eskatu diot.
Eta aitonak kontatu:
—Adibidez, Troiako gerra sortu zuen sagar batek. Olinpo mendian, bazkari erraldoi bat egin behar zuten jainko gehienek. Gehienek. Eris, diskordiaren jainkosa, ez baitzegoen gonbidadua.
—Liskarrik ez sortzeko —ondorioztatu nuen nik.
—Hain zuzen —onartu zuen aitonak—. Baina Eris oso haserre geratu zen. Zer egingo, eta sagar bat jaurti zuen bazkal-mahaira. Baina ez edonolako sagar arrunta: Erisek “ederrenarentzat” idatzi zuen sagar hartan. Eta ika-mika hasi ziren berehala Olinpoko hiru jainkosa itzel: Hera, Atenea eta Afrodita. Hirurek izan nahi zuten ederrena. Adostu ezinda, Paris artzainari galdetu zioten: nor da ederrena? Herak nahi ahala botere eskaini zion. Ateneak, berriz, jakinduria. Afroditak munduko emakumerik ederrenaren maitasuna. Eta Parisek aukeratu.
—Afrodita hautatu zuen! —oihukatu nuen nik. Apur bat ezagutzen nuen istorioa.
—Hori da. Paris artzainak Afrodita aukeratu zuen. Eta Afrodita gustura geratu zen. Atenea eta Hera batere ez. Paris Troiako printzea zen. Eta mendeku gisa, Herak eta Ateneak bultzatuta abiatu zen Troiako gerra anker eta berezi hura.
Hori izan zen lehenbiziko “sagar-kontua”. Aitonak askoz gehiago kontatu nahi zigun, noski. Eta guk zuei ere bai, jakin dezazuen zergatik ziren eta diren sagarrak hain mesedegarriak eta arriskutsuak gizakiontzat, eta nola ez gurean, euskaldunontzat.
Laster.
Laster arte ba!
Maddi.