Kaixo!
Maddi naiz. Baina hemen bazaudete, oso litekeena da honezkero ni apurtxo bat behintzat ezagutzea, ezta? Bestela ere, ez kezkatu. Hemen duzue informazio pixka bat nitaz eta beste hainbat kontuez.
Ta kontuak kontu, hainbeste kontu kontatuko nizkizueke! Ezagutu ditudan pirata itzelak, Amaia sorgina, Axular idazlea… Onena, gehienetan bezala, apurka joatea izango da, ezta?
Badakit non hasi. Eta batez ere norekin. Ixtebe Pellot, euskal azeria! Hura gizon dotorea eta umoretsua! Sarritan, piratez hitz egiten denean, gaizto eta maltzur margotzen dituzte. Noizbehinka bakarrik jartzen dituzte jator eta zintzo. Izan ere, oooooso bizimodu gogorra zuten. Errazagoa da jatorra izatea dena erraza denean! Pellotek ez zuen batere-batere erraza izan. Behin eta berriro atxilotu zuten etsaiek, pentsatuta azken aldia zela. Bai zera! Guztietan egin zuen ihes! Batzuetan bere indar eskergari esker, batzuetan bere antzezpen-senari esker (horrexegatik deitzen zioten “azeria”: harrapatzen ooooso zaila zelako!). Bikaina zen antzerki umoretsua egiten, baita etsaien aurrean ere. Edo bereziki etsaien aurrean.
Pentsa zenbateraino zen jatorra eta gizalegetsua. Entzun. Behin, ingelesen aurka gerran, ingeles soldaduak Hendaiara iritsi ziren. Hendaiako herritarrek ihes egin zuten… baina ez guztiek. Wellington jenerala zen ingelesen buruzagia. Gizon bat ikustean, Hendaiako etxe baten ondoan, harengana jo zuen.
—Egun on, gizona —esan zion ingeles jeneralak.
—Berdin —erantzun zion hendaiarrak.
—Entzuna dut Hendaian oso gizon berezia eta interesgarria bizi dela. Indartsua, harrapaezina, zintzoa. Gure etsaia izan arren, gustura ezagutuko nuke. Zoritxarrez, herritar gehienek alde egin dute.
—Zuen soldadu guztiak ez baitira hain zintzoak, nonbait.
—Beharbada. Hala ere, eskertuko nizuke gizon hori aurkituko bazenit. Ixtebe Pellot izena du. Ezagutzen duzu? —galdetu zion Wellington jeneralak.
—Beharko.
—Badakizu non bizi den?
—Beharko.
—Esango zenidake? —tematu zen jenerala.
—Aurrean duzu.
—Hau da Pelloten etxea?
—Hau da —erantzun zion hendaiarrak.
—Eta Pellot bera? Joan egin da?
—Pellotek ez du ihes egiten. Ez du inoiz egin.
—Eta non da orduan?
—Bere etxearen aurrean.
Wellingtonen begiak puxika baten modura puztu ziren, harriduraz:
—Ez da posible! —oihukatu zuen—. Zu zara Pellot?
—Neu naiz.
Wellingtonek karkara egin zuen, pozak zoratzen:
—Egia zen ziotena: indartsua, zintzoa… eta ausarta!
Ingeles jenerala liluraturik geratu zen Ixtebe Pellotekin.
—Esaiezu herrikideei, mesedez —erregutu zion ingelesak—, herrira itzultzeko. Inorkez die ezertxo ere egingo. Nire hitza duzu. Fidatzen zara?
Pellotek begietara begiratu zion, sakon eta luze. Egia zioela ulertu zuen.
—Fidatzen naiz.
Eta hendaiarrak herrira itzuli ahal izan ziren.
A zer nolako gizona. Pellotek etsaiak ere lagun bihurtzen zituen!