Tarteka, gai batere ez samurrei eman behar zaie ahotsa. Honi, adibidez: eskolako jazarpena, bullying-a deritzon infernu-antzekoa. Ez zait erraza egin liburua idaztea, inola ere. Baina egin behar zela iruditu zitzaidan, eskoletatik zenbait eskaera jaso ondoren. Liburuaren izenburua Zauri ezkutuak (Bullying-a eskolan) da.
Hauxe duzue liburuaren sinopsia:
Iriaren hirugarren ikastetxea. Ezagunak zaizkio eskolako zauri ezkutuak, eta neska urduri dago. Oharkabean pasatzen saiatuko da hasieran. Baina Unax izeneko mutil berezi eta markatua ere hasiberria da, eta koska krudel bat aurkituko dute berehala: Nora eta Martxel neba-arrebak, itxuraz ikastetxeko benetako jaun eta jabe, eta ikasle bakoitzari mingarrien nola jo jakiten maisu. Iria eta Unax izango dituzte jo-muga nagusietako bat.
Ikasle, irakasle eta gurasoen hamaika ardura, eztabaida eta ahalegin, egoera latzari buelta eman ahal izateko, adiskide, sentimendu eta ezustez beteriko trama ia poliziako batean.
