Elkar argitaletxea, 2007.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Bi lagun, mutilak biak. Batek baditu hainbat neska ezagun, lagun edo dena delako… Bestea, berriz, sekula ez da ausartu neska bati hitz erdirik esaten, mozkorturik ez bazen, eta horrela, jakina, ezin ganorazko ezer lortu. Esperientziagabeak mesedez eta faborez eskatuko dio lagunari erakuts diezaiola nola jokatu, nola moldatu, eta esperientziadunak onartu egingo du besteari laguntzea.
Seximenduz
Lagunekin parranda egiteko? Euskaldunak lehenak. Kirola egiteko, afari eder bat izateko edo apustuan aritzeko? Hortxe euskaldunak. Eta… sentimenduak adierazteko?
Ai-ai-ai, horra hor koska.
Kondaira urbano batek dioen arabera, lehen unean, euskaldunak, oro har, hotzak gara. Gero bai, epeltzen (omen!) gara. Baina hasieran gorriak eta beltzak ikusten omen ditugu gure bihotza zabaltzea egokitzen zaigunean.
Egia ote kondaira madarikatu hori?
Horri erantzun nahian, han eta hemen ibili nintzen galdezka, gazteei, zaharrei, neskei eta mutilei. Nola zabaltzen zuten bihotza? Nola zabaldu izan zieten berei?
![]() |
Seximenduen mapa egin nahi izan dut «Seximenduz» liburuan. Hor naukazue, argazkian, barne-suen mapa kontsultatzen. |
Zer da, orduan, «Sexi-menduz»? Ligatzeko gida bat? Mmmm… Ez. Edo ez guztiz. «Sexi-menduz» ez da ligatzeko gida-liburu serio bat. Kontu horietan ezin seriotasunaren larriduraz jardun. Ekar dezagun txantxa-giroa eta jolasteko gogoa sentimenduaren mundura!
Sarreran esaten den moduan, benetan ederra bazara, eta horrekin batere arazorik ez baduzu, hau EZ da zure liburua. Utzi. Ez galdu denbora alferrik.
Baina bestela, angustiak itota bazaude, edo hala egon izan bazara inoiz, gomendatzen dizut. Barre egingo duzu. Hainbat eta hainbat oztopo umorez hartzen ikasiko duzu. Hala espero, behintzat!
Liburua irakurri ondoren, irakurle, Azpeitian askotan esaten den bezala, segi zezenera. Txarrenean, esperientzia lortuko duzu. Beharbada, barre pixka bat ere egingo duzu. Eta onenean… onenean zeuk jartzen dituzu mugak.
Zorte on!
Jarraian duzuena Martin Ansok Gara egunkarian egindako elkarrizketa da, «Seximenduz» liburuaren aurkezpena zela eta
(Jatorrizkoa hemen)
«Seximenduz» edo «zer arraio egin behar da hemen ligatzeko?»
«Seximenduz» edo, azpitituluak argiro esaten duen bezala, «Zer arraio egin behar da hemen ligatzeko?». Hori da Fernando Morillok, batez ere nerabeei begira, plazaratu duen (esku)liburua. «Ars amandi» moduko bat da, fitxak eta guzti, edo nolabaiteko «mapa seximentala».
Martin ANSO | DONOSTIA
Adin bereko bi lagun dira. Aitorrek baditu hainbat neska ezagun, lagun edo dena delako. Unai, berriz, sekula ez da ausartu neska bati hitz erdirik ere esaten, mozkorturik ez bazen, eta horrela, jakina, ezin ganorazko ezer lortu. Desesperatuta, neska-kontutan eskarmentua duen lagunarengana hurbildu eta, mesedez, laguntzeko eskatu dio. Aurrerantzean, Unairen heziketa «seximentala» bere gain hartuko du Aitorrek. Hauxe da Fernando Morillok Elkarren eskutik plazaratu berri duen «Seximenduz» liburuaren argumentua.
«Ez da sexu fisikoaren ingurukoa, nolabaiteko sexu sentimentalaren ingurukoa baizik», ohartarazi zuen atzo aurkezpenean egileak berak. «Askotan esaten da -jarraitu zuen- Euskal Herrian, sentimentuei dagokienez behintzat, nahiko motzak garela, eta arrazoi pitin bat badagoela uste dut». Liburuaren bidez moztasun hori gainditzeko hainbat pista ematen saiatu da Fernando Morillo, «umorez, baina, aldi berean, serio».
Lagunei galdeketa zorrotza
Andoni Egañaren «buruari asea eta bihotzari gosea ez baita bidezkoa» esaldia abiapuntutzat hartuta, Morillok bere eta lagunen nerabezaroko maitasun kontuak alderatu ditu eta horien gainean «nolabaiteko mapa seximentala» egiten saiatu da. «Lagunei, neska zein mutilei, sekulako kaparrada eman diet, haiek nola ligatzen zuten-eta galdetuz. Ondorioa da denok ibili garela bueltaka korapilo beraren inguruan: mutilok ez genuen nesken jokabidea ulertzen eta alderantziz; horrek mina sortzen zuen gure garaian eta egun ere mina sortzen jarraitzen du».
Etengabe «eredu berberak» errepikatzen direla ere ondorioztatu du Morillok: «Guztion porrotak eta garaipenak oso antzekoak dira. Une jakin batean, pertsona bati irudituko zaio sekulako hankasartzea egin duela, baina seguru harri horretan bertan beste hamaika erori direla. Hori jakiteak ez du hankasartzea konpontzen, baina norberak bere burua mapa seximentalean kokatzeko lagungarria izan daiteke».
Liburuan bildu dituen istorio guztiak errealitatetik hartutakoak dira. «Alde horretatik, idatzi ditudan liburuetatik errealena da, beharbada», aitortu zuen. Istoriook irakurtzean, «seximenduen mapa pitin bat ezagutzen duenak», gazte nahiz heldu, bere burua batean ez bada bestean, nola edo hala islatuta ikusi eta seguru asko barre egingo du. Mapa ezagutzen ez duenak, berriz, bi gauza topa ditzake: «Mina eta angustia arintzeko analgesikoa eta `jolas’ horretan pitin bat harago joaten ausartzeko suspergarria».
«Seximeduz»en bertan azaltzen du Morillok liburua norentzat ez den egokia, alegia, «serioentzat eta, berez erakargarri izateaz gain, horrekin inolako arazorik ez dutenentzat; horiek ez baitute behar zeruko erreinurik. Amen». Gainerakoentzat, berriz, «Seximenduz», liburuaren atal baten titulua gogoan, «Biblia baino are hobea» izan daiteke.
Xabier Mendiguren Elkarreko argitaratzaileak gogoratu zuenez, Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) seguru asko DBHn-eta arrakastarik handiena duen euskal idazlea da. Darabilen prosa arina eta aukeratzen dituen argumentuak -gazteentzat bereziki erakargarriak- arrakasta horren giltzarriak dira.