Pasio krimena

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 16tik aurrera
Orrialde kopurua: 208
Gaia: pasioa, intriga, zientziaren historia, adiskidetasuna…
Prezioa: 13,50 euro

LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
Informazio zabalagoa IDAZLEAREN WEBGUNEAn
Liburuaren IRAKURKETA GIDA DOAN lortzeko, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Xoel filosofo gazteak eta June ingeniariak maitasun istorio pasional bezain suntsigarria bizi ondoren, kontaktua etetea erabaki zuten. Orain, Juneren familia obsesiboak heriotza mehatxuak jaso ditu, eta neskak laguntza eskatzen dio.
Xoel Ainitzerekin azalduko zaio, hura ere maitale ohia eta fisikari berezi samarra.
Neska baten gorpu birrindua agertzen den unean, Juneren aita desagertu egiten da. Biktima edo hiltzaile? Susmagarri bat bestearen atzetik, ekaitzen zientzia bortitza, kaos-dantzaren misterioa, dirutza ederra jokoan, hilketak, amorrua eta maitasuna, sexuaren indarra eta itsukeria, adiskidetasunaren gozoa.
Pasioaren gatza eta latza.

Pasioa eta sentimendua

Sentitu ezean, apenas gara merezi duen ezer. Pasioak gure pausoak elikatzen ez baditu, barneko suak berotzen ez bagaitu, herren eta hegorik gabe gabiltza. Pasio horrek, ordea, bestelako ordaina ere badu: ertzetara eramatea gu. Amildegi lokaztuetara. Behe-laino beltzez harturiko bazterretara. Hain garai eta hain lurpean. Hain aingeru, hain deabru.

Pasio krimena liburuan hainbat pasio azaltzen dira: iraganeko pasioa (atzominaren pisua), oraineko pasioa, pasio itsua, pasio beltza, pasio artistikoa eta pasio zientifikoa (bada alderik?), pasio pizgarria nahiz suntsigarria. Askotariko pasioak, baina betiere pasioa!

tximista

Ekaitzen zientzia, kaosaren teoria, dantza, musika

Ekaitzen zientzia zirraragarria da, ekaitzek beti dutelako zerbait eskerga, helezina eta gutaz harago dagoena. Erraza da imajinatzea nolatan bururatu zitzaizkien gure arbasoei Zeus edo Thor bezalako jainkoak. Tximistak, euri jasak, haize bortitzak…

Nobela honetako protagonistetariko bat aditua da ekaitzetan: June. Klimaren oinarrizko zientziaren inguruko kontu batzuk azalduko dira haren eskutik. Tximistak nola sortzen diren (eta sor daitezkeen), edo sumendien inguruko gorabeherak.

Eta zer esan kaosaren teoriaz? Tximeleta efektuaz?

Zenbat eta konplexuagoak sistemak, orduan eta sentiberagoak. Hasierako baldintzak amiñi bat ukitzea aski, ondorio harrigarri eta ustekabeak sorrarazteko: bere hegotxoen eraginez, historiaren beraren eboluzioa asalda zezakeen tximeletatxo apal batek, eta tsunami bat olatu txiki bilakatu, edo haizekirri ñimiñoa urakan suntsigarri.

Dantzari dagokionez, beti liluratu nau ikusteak zer egin dezaketen zenbaitek gorputzarekin. Dantzariek dantza egitean ez daude eguneroko dimentsioan, lege fisikoak aldatzen diren beste nonbaiten baizik. Vaslav Nijinski izan zen dantzarien artetik aipagarrienetariko bat:

Nijinski dantzaria aipatu zidan Udazkenek. Hari buruzko informazioa bilatu dut: dantzaren jenioa izan zen, eta airean flota zezakeela ematen zuen saltoa egiten zuen. Probokatzaile handia. 
    

Edo, nola ez, musika! Nietzschek zioen musikarik gabeko bizitza akatsa zela.

Historia guztien aurreko doinua zen hura, gizakien lehenbiziko musikaren oihartzun sarkorra.

Eta entzun egin zuen. Perkusioa. Antzinako kirikoketa. Adinik gabeko leize baten barruan sentitu zen Ainitze, magia hil edo bizikoa eta ukigarria zeneko eremuan. Inoiz utzi zion izateari?

Ttakun-ttakun, ttakun-ttakun. Ttakun.

Neskak hutsean jausten zen ur uholdea entzun zuen, Esne Bidea zeharkatzen zuen fenix hegaztia, begira zuen jendeari begiratzen zion kale-manikia, zuhaitzean eguzki-argia edaten zuen sagar gorria. Entzun zuen Arnauren mina ere, talken arnasen artean. Bere lekuaren atzetik zerabilen bilaketa etengabea, berea ez zen mapa arrotzean.

Ttakun-ttakun. Ttakun. Ttakun-ttakun.

 

Umorea, abentura, intriga…

Zer da bidaia abenturarik gabe, intrigarik gabe, umorerik gabe? Gaizki-ulertu bat. Akats barkaezina eta irreala.

Orriotan, zenbait bidaia aurkituko dituzue, pertsonaia bakoitzak garatu ahal izan duena. Umore apur batez, abentura biziaz, eta intrigaz ondua. Nola, bestela?

Pertsonaia bereziak?

 Zientzia eta filosofia ez dira kontrako ertzetan bizi diren arerioak. Artea ere ez. Aitzitik! Dela zientzia, dela filosofia, dela artea, guztion galderak erantzuten saiatzeko ahaleginak dira. Galdera nagusiak, gehien axola zaizkigunak.

Nire pertsonaiak sarritan dira (erdi-)zientzialariak, (erdi-)artistak edo (erdi-)filosofoak. Pertsonaia bereziak hartzen ditut (niretzat bereziak, noski), eta egoera berezietan murgiltzen saiatzen naiz.

tximeleta

Pasio krimena intrigazko nobela denez, hasieratik bertatik abiatzen da egoera “berezi” batetik: jipoi bat. Laster, oso bortizki hildako neska bat azaltzen da Donostian, eta irakurlearen aurrean susmagarri bat baino gehiago agertuz joango dira. Fikzioa aitzakia, Pauliren Printzipio umoretsua ezagutuko dugu, ekaitzen fisika apur bat, edo kaosaren teoria zoragarriaren sarreratxoa.

Zer nahi nuen? Ahal dela, testu adiktiboa!

Duela gutxi euskal gazte literaturaren inguruko iritzia-edo eskatu zidaten, artikulu gisa azaltzeko.Lotura honetan duzue testu osoa.

Oso laburrean esanda, nire kultur-arduratako bat irakurzaletasuna da. Hobeto esanda, zaletasunik eza. Edo eskasia. Batez ere euskaraz. Euskal irakurleek erdarara jotzeko joera eskerga dute, euskaraz bizi, ikasi eta komunikatu arren.

Zer egin euskal irakurleak euskarara erakartzeko edota euskal irakurle gisa sortzeko? Aurreko artikulu horretan kontatzen dudan moduan, baditut familian irakurle amorratu batzuk: ama eta izeba. Ez zuten ikasterik izan, irakurtzen ikasteko aukerarik ere apenas. Baina kioskoetan oso merke saltzen zituzten nobelatxoak irakurtzen hasi ziren. Nobela asko-asko-asko. Oso desberdinak: abenturazkoak, poliziakoak, sentimentalak… Baina guztiak ere adiktiboak. Irakurleari lepotik heldu eta askatzen ez zituztenekoak. Urteekin, denetik irakurtzen jarraitu zuten.

Horra nire erronka! Testu adiktiboak sortzen ahalegintzea. Ama eta izeba konkistatu zituzten testuak bezalakoak lortzen saiatzea, haiek bezalako irakurleak sortzeko. Irakurle pasionalak, biziak, denetarik irakurri dezaketenak eta irakurtzen dutenak. Irakurle zoriontsuak.

Musika

Idaztean musika entzuten dut askotan, eta gero eta gehiagotan. Liburu hau idazteaz batera, telebista serie bat ezagutu dut: Luther. Hango aurkezpen kantuaren aterpean abiatu dira hemengo pasarte batzuk.

Hemen duzue Youtubeko esteka, entzun nahi izanez gero (Massive attack-ena da). Bide batez, seriea ikusteko aukera baduzue, aurrera. Ez dut uste damutuko zaizuenik.

Hizkuntza aldetik

Ahal bezain zuzena, betiere, eta aldi berean ahal bezain zuzena. Izan ere, bi adieretan esan nahi dut: zuzentasun linguistikoa, eta batik bat zuzentasun emozionala, pasionala, erritmikoa. Irakurleari ahal bezainbeste plazer emateko ahaleginean.



Hona hemen liburuari buruzko elkarrizketa

 Pasio krimena titulua, eleberri beltza dirudi.
Pasioaren bi aurpegi nabarmenak azaltzen dira: pizgarria eta suntsigarria. Pasioak gorantz eraman gaitzake, eta amildegi sakonenera. Pasioaren kolorea gorria dela esango nuke gehiago, eta gorri horrek une beltz batzuetara eramaten duela. Nobela gorri-beltza, hortaz.

Izenburutik bertatik agertzen da garbi zein diren asmoetako bi: korapilo kriminalen bat, eta pasioa. Eta hala da. Oso modu bortitzean hildako neska bat aurkituko dugu unibertsitatean: bularraldea ireki eta bihotza atera diote. Ezagutuko dugun pertsonaia batek baino gehiagok izango du hura hiltzeko arrazoi (edo) pasionalen bat: dirua, maitasuna, gorrotoa, sexua… Hiru maitale ohi, familia obsesibo bat eta susmagarri bat baino gehiago. Nork hil du neska? Eta zergatik horrela? Protagonistekin aurrera egin behar jakiteko.

Zure zientzia maitea ere ageri zaigu bueltan: meteorologia, fisika teorikoa…

aurkezpena

Uste dut ez dudala sekula abandonatu(ko) zientziaren itsasoa. Ezin. Hainbeste dago jakiteko! Zientziaren zabalak aukera handia ematen dit hainbat begirada desberdin ezagutzeko. Pasio krimena liburuan, baditugu batzuk: zientziaren beraren historia pasartetxoak, zientzialarien pasioak, lorpenak eta saminak, kaosaren matematika, meteorologiaren ikusgarritasuna, arkitektura artearen zientzia eta zientziaren artea… Nire testuetan etengabe sartzen dira (zaizkit!) zientziaren hamaika zapore.

Zergatik dituzu hain maiteak filosofo, dantzari eta musikari xelebreak?
Gure mundua bitxia delako, beharbada? Ezin begirada normal batez ezohikoaren bidea ulertu. Zientzia eta filosofia ez dira kontrako ertzetan bizi diren arerioak. Artea ere ez. Aitzitik! Dela zientzia, dela filosofia, dela artea, guztion galderak erantzuten saiatzeko ahaleginak dira. Galdera nagusiak, gehien axola zaizkigunak.
Nire pertsonaiak sarritan dira (erdi-)zientzialariak, (erdi-)artistak edo (erdi-)filosofoak. Pertsonaia bereziak hartzen ditut (niretzat bereziak, noski), eta egoera berezietan murgiltzen saiatzen naiz. Ikusteko zer atera daitekeen. Zer eskaini dezaketen, eta zer ikasi dezakedan nik neuk.

Irakurlea harrapatzeko eleberria da beraz?
Nire kultur-arduratako bat irakurzaletasuna da. Hobeto esanda, zaletasunik eza. Edo eskasia. Batez ere euskaraz. Euskal irakurle askok eta askok erdarara jotzeko joera eskerga dute, euskaraz bizi, ikasi eta komunikatu arren.

Zer egin euskal irakurleak euskarara erakartzeko, edota euskal irakurle gisa sortzeko? Baditut familian irakurle amorratu batzuk: ama eta izeba. Ez zuten ikasterik izan, irakurtzen ikasteko aukerarik ere apenas. Hala ere, kioskoetan oso merke saltzen zituzten nobelatxoak irakurtzen hasi ziren. Nobela asko-asko-asko. Oso desberdinak: abenturazkoak, poliziakoak, sentimentalak… Baina guztiak ere adiktiboak. Irakurleari lepotik heldu eta askatzen ez zituztenekoak. Urteekin, denetik irakurtzen jarraitu zuten.

Horra nire erronka! Testu adiktiboak sortzen ahalegintzea. Ama eta izeba konkistatu zituzten testuak bezalakoak lortzen saiatzea, haiek bezalako irakurleak sortzeko. Irakurle pasionalak, biziak, denetarik irakurri dezaketenak eta irakurtzen dutenak. Irakurle zoriontsuak.

Nola lortzen da idaztankera adiktiboa?
Noski, ez dago arautegi jakin bat. Teoria oso erraza da: irakurleak trabarik gabe irakurri behar du, eta “zerbaitek” harrapatu egin behar du. Zerk? Izan daiteke gaia, beharbada, edo hitzen jarioa, erritmoa, pertsonaien graziak eta desgraziak, istorioaren egitura, ikusgarritasuna… Ezin jakin!! Teoria erraza izan arren, praktika ez delako batere. Pentsatu bestela zenbat teoriko egongo liratekeen lokatzetan sartuta. Eta ez daude. Pentsatzen dut sekretuaren parte bat obsesioa dela. Eta bigarrena obsesioa. Eta hirugarrena obsesioa.

aurkezpena

Eta euskarari dagokionez? Adikzioa lortu nahia ez da hizkuntzaren kaltean izango?

Euskaraz aspaldi maitemindu nintzen! Ziur asko, horregatik sartuko naiz halako itsaso nahasietan… Istorio eder bat kontatu nahi dut betiere, baina ahal bezain euskara egokian. Horra gakoa! Zer da “egokia”? Dudarik gabe, malgua izan behar denean, malgutzea, eta jolas egin behar denean, jira eta buelta hastea hizkuntzaren festa-plazan. Egia da gero eta euskal esamolde, aipu eta esaera zahar gehiago erabiltzen ditudala. Gustatzen zaizkit, eta iruditzen zait modu aproposa dela zenbait irakurleri euskararen aberastasuna hurbilarazteko, nola, eta jolasaren eskutik!

Umore puntua ere badu eleberriak pertsonaien ateraldiengatik…
Jakina. Zer da bidaia abenturarik gabe, pasio eta intrigarik gabe, umorerik gabe? Akats barkaezina! Egunerokotasuna zentzugabekeriaz blai dago. Nirea bai behintzat! Gehienetan, horrelakoei barre egiten saiatu behar genuke. Argiagoak ginateke horrela.

Ainitze da pertsonaia nagusietariko bat, fisikari teorikoa, oso despistatua, eta ezaugarri aipagarri batzuekin: inguruko gailu guztiak honda ditzake (nahi gabe), eta hurbiltzen zaion pertsona berezi bakoitzarekin ziztuan maitemintzeko madarikazioa du. Amaieran, haren bide berriak iradokitzen dira. Jarraitzeko asmorik edo? 
Ainitze oso pertsonaia kuttuna dut. Zientziazale amorratua da, eta egoera umoretsu ugari sortzen ditu bere izaera bitxiagatik. Pasio krimena idazten hasi aurretik ere, banuen gogoa buruan ditudan zenbait “zientzia-istorio” harilkatzeko: zientziaren misterio erakargarrienen inguruan, baina oso modu parodikoan hartuta betiere: unibertsoaren sorreraz, klonazioaren aukera eta arriskuez, biziaren sorreraz, espezieen eboluzioaz, mekanika kuantikoaren xelebreaz, munduaren azkena izateko hamaika suntsipen motez… Ainitze pertsonaiaren eskutik aztertu nahi nituzte gai horien sakona eta parodia. Irakasteko, ahal dela, baina jolasaren bitartez. Nire ustez, hori baita modurik egokiena (dibertigarriena ere badelako, ziur asko).


Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…

Fernando Morillok ere liburu berria argitaratu du (Enparan Dorretxea)

enparan, Pasio krimena

“Pasio krimena” plazaratu du Morillok (Diario Vasco)

pasio krimena, DV

Fernando Morillok ‘Pasio krimena’ kaleratu du (Berria)

berria, pasio krimena

“Pasio krimena” thriller zientifikoa kalean da jadanik (Sustatu)

sustatu, pasio krimena

Morilloren eta Ibargurenen lan bana argitaratuko du Gaumin etxeak (Hitza)

hitza

Fernando Morillo: “Liburu adiktiboak sortzea dut helburu, euskaraz ere katigatuta geratzeko” (Uztarria)

pasio krimena, uztarria

Thriller zientifikoak Gaumin argitaletxearen eskutik” (Nontzeberri)

nontzeberri

(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)

(Edit)