Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Duela bi urte, Maddi eta euskal piratak idatzi nuen. Han, zenbait euskal pirata historikoren gorabeherak kontatu nituen, Maddiren ikuspegitik (eta Mikel Mendibil marrazkilariaren irudiekin). Euskal pirata (edo kortsario) haien pasadizoak eta bizitzak ikertzean, oso erakargarriak egin zitzaizkidan. Haietako bakoitzak liburu mardul oso bat mereziko luke!

Orain aukera izan dut Hendaiako Ixtebe Pellot kortsario handiaren bizitza nobelatzeko. Irakurketa Erraza formatuan idatzita dago (Irakurketa Erraza zer den jakin nahi baduzue, hemen dago informazio zabalagoa).

Pellotek sekulako abenturak bizi izan zituen. 13 urterekin joan zen etxetik, soldadu batzuekin. Hendaiarra izanik, berehala entzun zuen, ozen entzun ere, itsasoaren tentazioa. Eta kortsario hasi zen oso gaztetatik. Hamaika itsas-borroka izan zituen. Egundoko ausardia zuen, egundoko saltoak egiten zituen (Napoleon bera harritu zuen saltoka), eta ia-ia beti zegoen umore onez. Borroka ugari irabazi arren, galdu ere galdu zituen batzuk. Eta atxilotu egiten zuten. Eta horiexetan erakusten zuen Pellotek bere izaeraren distira handia. Behin eta berriro egiten zuen ihes, modu sinesgaitzetan gainera. “Euskal azeria” esan zioten, azeria bezain bizia eta harrapa-zaila zelako.

Liburu honetan aurkituko dituzue Pelloten abenturatako asko. Bere umorearen adibide ugari. Eta bere nobleziarena. Lagunen lagun aparta, etsaiak ere lagun bihurtzeko moduko gizona izan zen.

On egin!

Abian da ikasturte berria

Irailean sartuak gara jadanik, eta, noski, ikasturte berria hasi dugu.
Abian da ikasturte berria

Sormenaren alde ederretako bat da sekula ez dela ezer finkatzen amaieraraino. Alegia, egunero da egun berria, eta ez dakizu nola jarraituko duen. Ezin duzu. Eta horrexek ematen dio baliorik erakargarriena, sormenari bizitzari bezalatsu.

Adibide txiki bat. Liburu bat idaztean, batzuetan, oso garbi izaten da zein izango den izenburua. Azken batean, liburu baten zati inportantea da titulua. Baina, baina, baina istorioa idaztean, hariak eta pertsonaiak eta pasadizoak garatu egiten dira. Aldatu eta eraldatu, ibaiak aurrera egiten duen neurrian. Eta orduan finkoa zena ez da jada ziurra, edo zurruna, edo herdoila. Duela hilabete inguru, Yoseba Peñaren liburuaren izenburua eman genuen: “Oximoron konspirazioa”. Istorioa garatuz joan da, tarra-tarra, berrituz, bizituz. Eta orain, liburu bera izan arren, aldi berean ez da. Orain, izenburua ere aldatu zaio: “Kaosaren edertasuna”. Behin betikoa ote? Kaosak berak aldarrikatuko lukeen moduan, nahikoa aldaketa ñimiño bat sekulako ondorioa izateko. Auskalo orduan!

Horrelaxe gabiltza, kaotikoki aurrera, liburuak eta marrazkiak eta bururatzen zaizkigun guztiak prestatzen, prestatzen, zuek gozo-gozo izan ditzazuen. Baina kasu, kaosa ez da kaotikoa. Edo zentzugabea. Ez horratik! Kaosaren edertasunean ulertuko duzue ederki. Eta kaotikoki. Laster!

Udazkeneko nobedadeak prestatzen topera!

Udazkeneko nobedadeak prestatzen topera!

Udan sarturik gaude jadanik, eta gehientsuenak oporretan izango zarete. Zein ongi! Guk ere izango ditugu, noski. Baina oraintxe udazkeneko nobedadeak prestatzen topera gabiltza. Labean zer dugun ikusi nahi?? Sartu, sartu sukalderaino. 

Irakurketa Errazean argitaratzen dugun Erraz irakurtzeko bildumak bi titulu gehiago izango ditu laster. Alde batetik, Fernando Morilloren “Ixtebe Pellot, azken kortsarioa” izango dugu. Pellot kortsario hendaiar apartaren gorabeherak ezagutuko ditugu, sinesgaitzak bezain benetakoak guztiak ere: abentura, ausardia, umorea, ihesaldi etengabeak… denetarik izan zuen Pelloten bizitzak. Zinez ezagutzeko moduko alea izan zen Ixtebe Pellot, “euskal azeria”.

Bestetik, Irakurketa Errazaren baitan, baita, Aitor Aranaren eleberri bat izango dugu. Beldurra izango omen du ardatz… Baina horren berri izateko zain egon beharko duzue. Sorpresa!

Bizigai bilduma ere handitzen doa. Bizitzari heltzeko gaiak lantzen ditugu txoko honetan; minbizia, eskola jazarpena… Oraingoan emozioen lanketarekin gatoz. “Trumoi txakurraren negarra” du izenburu. Oinatz eta Goizane dira “giza” protagonistak. “Giza” azpimarratzen dugu, ze izan ere badira beste mota bateko protagonista garrantzitsu batzuk ere: Trumoi txakurra eta Mimi eta Tigre katuak, esate baterako. Gizakion eta animalien arteko harremanak aztergai. Adiskideak eta leialtasuna, askotariko komunikazio moduak edo ankerkeriak ereindako samina.

Gehiago! Yoseba Peñaren eleberri bat ere ari gara lantzen: “Oximoron konspirazioa”. Eba eta Adam gizarte osoa kontrolatzen duen makina zorrotz eta bihozgabearen aurka borrokan. Hurrengo hilabeteotan zabalago!

Kai mugikorra

Gure Kaitxuk ezin zuen bere liburuan geldirik egon eta mugitzeko bidea ematea erabaki dugu. Urte bukaeran aplikazio interaktibo eta multimedian jolas txikiz betetako Kairen istorioa argitaratzea nahiko genuke. Zertaz ari garen jakiteko hemen duzue orain arte garatutako zirriborro digitala. Ongi pasa!

KAI mugikorra

 

Liburu berriak

Liburu berriak

Irakurketa Errazeko liburuen zerrenda handitzen doa pixkanaka. Oraingoan, gaztetxoentzako “Amaia udalekuetan” idatzi digu Onintze Goitiz-ek, eta Bilbo hiribildu bihurtu zeneko eleberri historikoa Laida Martinez-ek. Zorionak bioi, neskak!

Erdi Aroko egunak

Erdi Aroko egunak

Laida Martinez Navarrok idatzitako liburuak argia ikusi du jadanik. “Erraz irakurtzeko” sailan argitaratu dugu, Mikel Mendibilen ilustrazioez lagunduta. Hona hemen sinopsia:

Itsasadarra duen herri txikia da Bilbo.
Joanes soldadu joan da Gaztelako gudara, On Diego Lopez Harokoarekin.
Atzean utzi du gustatzen ez zaion bizimodua
eta Argia, Katixa eta Uria jauna bere lagunak:
Argia berarekin erdi-maiteminduta dago;
Katixak ondo ezagutzen ditu mutilaren akatsak;
eta Uria jaunak Bilbo handitu nahi du merkataritza erabiliz.
On Diegok Jaurreria lapurtu zion bere iloba Mariari,
eta orain andreak hura berreskuratu nahi du.
Zenbat maitasun, guda, historia…
Denetarik izan zen Bilbon Erdi Aroko egunetan!

Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa

Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa

“Istorioak partekatzeko gozamena” titulupean, Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa egingo da datorren larunbatean Bilbon. Eztabaidarako eta esperientzia-trukerako espazioa izango da, eta Irakurketa Errazeko Kluben inguruko jendea bilduko du: irakasle, animatzaile, irakurle… 2012tik hona, dagoeneko 30 klubetik gora ditugu Euskal Herrian, horietako batzuk euskaraz. Topaketa Bilboko Mediateka BBK Azkuna Zentroan izango da, maiatzaren 16an, goizez. Egitaraua Larunbata, maiatzak 16 (Bastida Aretoa) 09.30-11-00: Workshop, lan-taldeak Profesionalei (liburuzain, elkarte, dinamizatzaile…) eta irakurketa klubetako partaideei zuzendua. 12.00-14.00: Ondorioak bateratzeko unea. Irakurketa Errazean interesatuta dagoen orori irekia. Graphic Recording: Mercedes Corretge. Izen-emateko AZKUNA ZENTROA Alhóndiga Bilbao Punto de información: INFOPUNTUA Teléfono: 944 014 014

Koldo Mitxelenako klubak oporretan

Koldo Mitxelenako klubak oporretan

Koldo Mitxelena Liburutegian astero elkartu dira Irakurketa Errazeko klubak otsail-martxoan. Legazpi6 euskaltegiko ikasleek eta Bagera elkarteko partaideek osatutako klubek “Santiago Bidearen misterioa” eta “Txernobil txiki bat etxe bakoitzean” irakurri dituzte hurrenez hurren. Orain, jai-egunak datoz. Eta ondoren, klub berriak abiatuko dira. Laster emango dizuegu horien berri.

Gero eta klub gehiago euskaraz!

Gero eta klub gehiago euskaraz!

2014ko udazkenean abiatu zen lehen Irakurketa Errazeko euskarazko kluba. Bilbon izan zen, AlhondigaBilbaoko MediatekaBBKn. Bertendona ikastetxeko ikasleak astero bildu ziren “Rif mendietako ura” irakurtzeko. Oso ondo pasatu omen zuten, giro erabat ludikoan irakurri baitzuten liburua.

Otsailean bigarren kluba jarri zen martxan MediatekaBBKn. Oraingoan, euskara ikasten dabilen talde bat biltzen da. Italiar, ukrainar, andaluziar… Denetarik dago talde horretan, eta oso giro onean ari dira “Santiago Bidearen misterioa irakurtzen”.

Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegia ere Irakurketa Erraza mugimenduarekin oso interesatua agertu da hasieratik, eta liburu berrien argitalpena sustatzeaz gain, Gipuzkoako lehen klubak ere antolatu ditu liburutegian. Hona hemen horretarako dituzten arrazoiak, Frantxis Lopez-en hitzetan:

“Irakurketa Errazaren aldeko apustua egin dugu jendeen artean izaten den ikusten ditugun irakurtzeko zailtasunak gainditzen lagundu nahi dugulako. Liburutegi guztien helburu nagusienetakoa alfabetatze-gabeziak gainditzen laguntzea baita. Gizartearen %30ak irakurtzeko zailtasunak izan ditzakeela kontutan hartuta, Lectura Fácil Euskadi – Irakurketa Erraza taldearen laguntzarekin lanari ekin diogu. Euskal Herrian, aipaturiko gabezia areagotu egiten da euskaldun jende askok ikasketak erdaraz gauzatu baitzituen eta euskaraz alfabetatzerik lortu ez duelako oso positiboa ikusten dugu hemen bildu den irakurle kopurua, eta baita euskal idazleek irakurketa errazaren oinarrietan sortzeko ahalegina.”

Haurrentzako lehen IEko liburua

Haurrentzako lehen IEko liburua

Max Bilbon bizi da liburua, Laida Martínez Navarro idazle bilbotarraren testuak eta Asier Sanz Nietoren irudiak dituen eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu den lana, Hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta DislebiApnabiAspaceDown Sindromea Fundazioa eta beste hainbat elkarteetan banatu da. Horrez gain, liburu-dendatan salgai dago eta Udal Liburutegi Sarean maileguan hartu daiteke.Bilboko Udalaren ekimenez argitaratu den liburuak Max du protagonista, 9 urteko ume totela. Istorioak integrazioa eta adiskidetasuna azpimarratzen ditu, eta baita norbera bizi den herriarekiko maitasuna ere, kasu honetan Bilbo.

Umeak amarekin irakurtzen Max Bilbon bizi da liburua euskaraz haurrentzat argitaratu den Irakurketa Errazeko lehen obra da. 2014ko udaberrian argitaratu ziren IE formatuko euskarazko lehen lau eleberriak, baina helduei zuzendutakoak. Gazteleraz ere oso gutxi dira haurrei zuzendutako IEko materialak. BIlboko Udalak egitasmo horren bidez, Irakurketa Erraza hedatu eta formatu horretan sortutako literatura egitea bultzatu nahi du.Max Bilbon bizi da umeei dago zuzenduta batez ere. Izan ere, ume askorentzat irakurtzea ez da erraza, batzuen kasuan, ikasketa zailtasun bereziak dituztelako eta material egokirik ez dutelako. Beste alde batetik, Estatu kanpotik heldu diren umeak edo familia etorkinetan jaiotakoak gero eta gehiago dira, eta ume horiek zailtasunak dituzte bi hizkuntza ofizial dituen ingurunean. Liburu honek oztopo horiek gainditzen ere lagundu gura du, irakurzaletasuna eta irakurtzeko ohitura eta hizkuntzaren ezagutza bultzatuz eta, aldi berean, Bilbo eta bertako elementu enblematikoenak erakutsiz.

neska irakurketa errazan