Izar malkoak

Testua: Fernando Morillo
Irudi eta diseinua: Mikel Mendibil
Urtea: 2015
Adina: 15etik aurrera
Orrialde kopurua: 120
Prezioa: 12,50 euro
Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen 2003an

LIBURUAREN HASIERA
Idazlearen webgunean informazio gehiago
Liburuaren IRAKURKETA GIDA DOAN lortzeko, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Sinopsia

Beñat. Gaztea. Teknofriki amorratua. Neskekin beno, tira. Oraintxe arte! Aurrean baitu Maider, katu-begi misteriotsu eta erakargarria. Gaua baino ilunagoa eta asmo ezkutukoa.

Maiderrek min egiteraino menperatuko du Beñat, mutila gogor egiten saiatu arren. Sexua eta itzal ilunak zorabiagarriegiak egiten zaizkio, ordea. Gutxi ez, eta Jaione ere inguruan izango du.
Zuloaren ertzean ibiliko da Beñat: ulertu nahian, urtu eta berpiztu nahian, atzera egin ezinean. Hainbeste zalantza, beldur eta eromen!

Urteetako periploa

Nire libururik irakurrienetakoa da Izar-malkoak 14-17 urte bitarteko irakurleen artean. Nora joan, han kontatzen didate, begiak eta bihotzak zirraraz, zenbateraino iritsi zaien istorioa, zer hurbil sentitu dituzten protagonistak. Beraien lagunak balira bezala. Beraiek balira bezala! ????Ederra da istoriogose istoriogile batentzat halakoak jasotzea. Emozio kartsu hori sentitzea, gori eta taupaka.
Niretzat istorio “zaharra” bada ere, aspalditxo idatzitakoa, orain ni neu nago horrela, horren piztua eta txinpartatsu, protagonista horien bigarren etaparekin zeharo emozionatua. Haien bertsio zaharberritua eskuen artean izatean. Ea orain arte bezainbeste gustatzen zaizuen zatozten irakurleei!

 

Euskadi Saria 2003an

Izar-malkoak liburua 2002an kaleratu zen, baina dexentez lehenago idatzi nuen. Ibilbide kuriosoa jarraitu zuen: hasieran, tarra-tarra abiatu zen, xuabe aurrerantz. Halako batean, hara ezustea, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eman zioten! Eta pasieratxoa lasterka bihurtu zen.
Sari bat irabazten duzunean, askotan, halakorik espero ez zenuela esaten duzu, eta, askotan, ez da guztiz-guztiz egia: ahots txiki batek animatzen zaitu zeure baitan, noiz edo noiz «zergatik ez?» errepikatuz.
Oraingo honetan, ordea, egia biribil-biribila zen: EZINEZKOA zen nik sari hura irabaztea. Ez orduan, behintzat, kontuan hartuta zein ziren beste hautagaiak: Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Pako Aristi eta Jon Suarez! Erraz esaten da. Imajinatu zer-nolako ezustea hartu nuen deitu zidatenean!!

maddi, begira
Hor naukazue Euskadi Saria jasotzen, oraindik sinetsi ezinda ????

Epaimahaikidekoek esan zutenez, oso egokia iruditu zitzaien gazteentzat. Joandako urteen argipean, antza denez behintzat, oso oker ez zebiltzala aitortu behar dut: eskola askotan izan naiz istorio horren inguruko gorabeherak lantzen, eta oso harrera ona izaten du liburuak behin eta berriro.

Gaiari dagokionez. Gazte baten zalantzak eta ekaitzak aztertu nahi nituen. Haren eta guztion baitako joera beltz oharkabea (oharkabea batez ere geuretzat!). Inkontzientearen ezpata zorrotza. Ederra. Mingarria. Ezinbestekoa. Eta arakatu nahi nuen zergatik gabiltzan sarritan amildegira jauzi egiteko prest, nahiz eta guztiz garbi eduki hor behekoa horixe bera dela: amildegi ilun eta garratza.

Beñat protagonista bi nesken artean mugituko da, eta zuloaren ertzean ibiliko: ulertu nahian, ikusi nahian, atzera egin ezinean. Lehenago edo geroago, gehienoi gertatzen zaigun moduan, hara: ertzak, zalantzak, beldurra. Eta eromen ukitua.

Nobedade ikusgarria, irudiak

Testu orraztuagoaz gain, liburuaren bigarren bertsioak badu bestelako nobedade ikusgarri bat: irudiak. Lehen, liburuak ez zituen. Azalekoa baino ez. Oraingoan, Mikel Mendibilaritu da Beñaten mundua irudiztatzen, haren barne-paranoia zibernetiko-sentsualak argira ekartzen.

Liburuaren berezitasun batzuk

Narratzailearen ahotsa
Beharbada, irakurletxo batzuk harritzen dituen lehenbiziko berezitasuna narratzailearen ahotsa da, bigarren pertsonan idatzia dagoelako. Beñatek Maiderri kontatzen dio istorio osoaren bere bertsioa. Bere barruko zalantzak eta zirrarak. Bere garaipenak eta kolpeak.
Beñatek bere mina askatzeko erabiltzen du hori. Barrenak husteko eta barne-barnetik hazten hasteko.

Sentimenduak
Sentimendua nagusi. Sentimenduak eramaten gaitu harago, teilatura nahiz amildegira. Emozio horrek gidatzen du Beñat, herrestan. Sentimenduak itsutzen du batzuetan. Beste batzuetan, hortik edaten du aurrera egiteko adorea.
Maider dauka nahasbide. Eta Jaione. Eta bere burua.
Zer da amodioa? Non amaitzen da, eta noiz hasten da sexua? Bada alderik? Bada ezarri beharreko mugarik? Norberari? Besteari? Aaaaa!!! Beñatek badu zer ikasia. Ederki daki. Eta gogoa ez zaio batere falta.

Hackerren kodea
Badira beste mundu batzuk, baina honetan dira. Badira askotariko mundu eta “sentimunduak”. Egunerokoa, ukigarria, normala dena, erreala iruditzen zaigu. Errealena. Eta besteak? Beste mundu iheskorrak, itzalez eta ezustez beteak, bitxiak, urrunak, ispiluaren bestalde eta honalde daudenak. Beñatek ezagutu nahi ditu.
Bere mundurik munduena hackerrena da. Hacker bihurtu nahi du mutilak. Hackerren kodea errespetatzen du, samuraien kodearen tankerakoa ia, eta izentxo bat irabazi nahi du. Ezkutukoa bada ere. Espazio zibernetikoan aurkitzen ditu garai bateko ozeano esploratugabeak. Garai bateko piraten oihartzun basa.
Ozeano horretan, ordea, itsaslamiak ari zaizkio kantuka. Eta berak badaki kantu horrek erotu egingo duela. Baina ezin begiak itxi. Ezin entzungor egin.

 

Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…

Izar-malkoak, Galtzagorri elkartean
izar malkoak

Lezoko liburutegiko blog-ean
izar malkoak

Leer es mi afición blog-ean
izar malkoak