Hiru istripu eta bi amodio

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 14tik aurrera
Orrialde kopurua: 160
Gaia: nerabezaroko konfliktoak, Marie Curie, maitasuna, umorea, ametsak, homosexualitatea…
Prezioa: 12,50 euro
Juul sarietako bat irabazi zuen 2014an

LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
Informazio zabalagoa IDAZLEAREN WEBGUNEAn
Liburuaren IRAKURKETA GIDA eta AUDIOLIBURUA DOAN lortzeko, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Sinopsia

Anuskak eta Galderrek mendi-istripu lotsagarri baten ondoren ezagutzen dute elkar. Anuska liluraturik dago, baina Galderrek sekretu beltz bat ezkutatzen du. Txinpart distiratsu baten ondoren, bereizi egiten dira.

Destinoak istripu larriago bat ekarriko dio Anuskari, eta orduan Izortze ezagutuko du, oso neska berezia. Hainbeste gal dezake burua neska bategatik? Nahasmena gutxi ez, eta Galder etorriko zaio berriro.

Anuskak Marie Curie zientzialaria du eredu, eta bihotzari kasu egin nahi dio. Zer demontre egin, ordea, taupadek bi bide desberdin seinalatzen badituzte aldi berean?

Marie Curie, aurreiritziei aurre - Fernando Morillo (Sorginetxe istorioak)Hiru istripu eta bi amodio. Txinparta - Fernando Morillo (Sorginetxe)

Juul Saria

2014ko ekainean, berri oso pozgarri bat eman zidaten: Hiru istripu eta bi amodio liburuak JUUL sarietako bat irabazi zuen! Bereziki eskertzen den sarietako bat da, irakurleek beraiek bozkatzen dutelako zuzenean. Poza, hortaz, bikoitza. Mila esker Juul-eko irakurleei eta antolatzaileei!

Liburuaren berezitasunak

Marie Curie

Anuskak eta Galderrek bete-betean bizi dituzte nerabezaroko konfliktoak: betiko lagunen lehen ika-mikak, izaera eta gorputz aldaketak, krisiaren gorriak eragindako desorekak… Zertarako gaude prest aitaren izena salbatzearren? Posible ote bi pertsona aldi berean maitatzea? Eta zure sexu berekoa baldin bada bat? Maitasuna, hezkuntza, umorea, homosexualitatea

Anuskak Marie Curie emakume bikainaren bizitza hartzen du mundua ulertzeko eredu. Marieren diziplina eta nortasuna, emakumea zela aurpegiratzen ziotenean, edo haren ontasun miresgarria giza-minaren aurrean.

Amodioa, malkoak eta ametsak, sentimenduak pil-pilean.

Gai nagusiak

– Amodioa
Amodioa beti da nahasgarria, aztoragarria eta bizigarria, baina inoiz ez nerabezaroan bezainbeste. Orduan astintzen baikaitu lehenbizikoz, indar handiz astindu ere. Ez dakigu zer den barrua kiskaltzen digun zalantza. Ez dakigu zenbaterainokoa den. Izatekotan, infinitua. Eta horrek dena baldintzatzen du, noski: nola neurtu daiteke neurgaitza?

– Adiskidetasuna 
Nerabezaroak konflikto-gune ugari ditu. Sentimenduen gorabeherei loturik, maiz, lagunen arteko lehen tira-bira bortitzak ere ager daitezke. Anuskak Gutune eta Laida ditu txikitako lagunak. Hirurak bereiziezinak, ustez. “Trinitate Santua” osatzen zutela esaten zioten elkarri. Pixkanaka, ordea, hirurak aldatuz joan ziren, baina batik-bat Laida. Izaera eta gorpuzkera oso azkar metamorfoseatu zitzaizkion, eta orain mutil gehienen amets bihurtzen ari da neska. Txikitako lagunengandik urrutiratzen diharduela dirudi. Bere zoritxarrerako, ustezko izaera alaia eta axolagabea maskara ahul bat besterik ez da. Lan egin beharko du maskara horren atzean zer dagoen aurkitzeko. Bere burua ezagutzeko, azken batean.

– Homosexualitatea
Sentimenduak adierazteko makina bat modu dago, eta nerabezaroan batez ere, sarritan ez da erraza izaten geure barruan zer gertatzen den asmatzen hasteko, edo bihotzak norantz bideratzen gaituen garbi jakiteko. Liburuan, badira homosexualitateari loturiko ezbaiak, zenbait protagonistarengan. Pentsatu eta erabaki egin beharko dute: diskurtsoak diskurtso, zer dago onartua gure gizartean? Ez ote gaitu, oraindik ere, gizarte horrek estuegi baldintzatzen… gu geu ohartu gabe ere batzuetan? Zer gara? Zer izan nahi dugu? Norberaren bilaketa horretan arituko dira Anuska, Laida eta haien inguruko lagunak.

Curie laborategian

– Marie Curie 
Txikitan (ere), Albert Einstein miresten nuen. Bai haren teoria jenialak, bai beti azaltzen zuen jenio-irudi petoa ere (ileak harroturik, begirada beste nonbait galdurik, arropa edonola zimurturik…). Einsteinek beste jenio batzuetara eraman ninduen. Gehien harritu ninduen haietariko bat Marie Curie izan zen. Egundoko, sekulako, berealdiko zailtasunak aurkitu zituen bidean emakume zoragarri hark: pobrea, herrialde zapaldu batekoa (Polonia), etorkina (Parisen), emakumea gizonezko mundu batean (zientzian)… Horiek eta beste hainbat koska gorabehera, Mariek aurrera egin zuen, eta nola. Hiru istripu eta bi amodio liburuan, Anuska protagonistak eredu gisa du Marie Curie. Haren eredutik edaten du, eta Marieren indarra bere egin nahi izaten du, hamaika korapilo askatzen ahalegintzeko.

Kokapen batzuk

– Ezkarai
Sarritan egon naiz mendian elurretan. Azkena, lerro hauek idazten ari naizen egunean bertan, Anbotoko bazter zurituetan. Eskiatu, ordea, sekula ez. Baina ez dut dudarik eskiatzen hasiko banintz Anuskaren moduan ibiliko nintzatekeela, kili-kolo eta nola gelditu jakin gabe. Nobela Ezkarain abiatzen da, eski-pistetan. Eta amaitu ere elurretan amaitzen da, Pagasarriko txokoetan. Kanpoan hotz, beraz, baina sentimenduak gori-gori, konpentsatzeko.

– Sondikako aireportua
Hegazkinak sekulako asmakuntza dira. Airea baino askoz astunagoa den gailu metalikoa hegan altxatzen ikusteak sentsazio bereziak sortu izan dizkit betidanik. Nire buru barruan, zeharo loturik daude hegan egitea eta aske izatea. Aireportuak, hortaz, aske izan nahi duten ametsez beterik daude. Liburu honetan, Bizkaiko aireportu zaharra aipatzen da, Sondikakoa. Orain, ohiko hegaldiak Loiutik ateratzen dira, baina aireportu zaharra bizirik dago oraindik.

– Deustu, Zorrotza
Boladatxo batez, Deustu inguruan porturatu nintzen. Oso gustuko lekua izan nuen, eta oroitzapen onak dakarzkit gogora. Seguruenez, horregatik “joaten zaizkit” hara pertsonaiak noiz edo noiz. Hiru istripu eta bi amodio liburuan ere, Deustuko kaleetan bizi dira protagonistetariko batzuk. Ez guztiak! Protagonista nagusi bat (Galder) Zorrotzako penintsula zorrotzean dago.

– Pagasarri
Bilbo hiriko perspektibarik ederrenetarikoa eskaintzen du Pagasarrik. Askok diotenez, Euskal Herri osoko mendirik zapalduena da, bilbotarrek txango laburren leku nagusia dutelako. Han amaitzen da liburua, mendiaren hozkirrian, elurretan, bihotzaren epelean, itxaropenaren besoetan.

Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…

Habe, Ikasbil; Irakurgai mailakatuak

istripu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude