Deabruaren letaginak

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 15etik aurrera
Orrialde kopurua: 164
Gaia: fantasia, umorea, sexua, adiskidetasuna, sorginkeria, zientzia…
Prezioa: 10 euro

LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
IDAZLEAREN WEBGUNEA
Liburuaren IRAKURKETA GIDA eta AUDIOLIBURUA DOAN lortzeko, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Euskal mitologiako izakiak gauean, errealitatean eragiten duten marrazkiak, inbokazio diaboliko dibertigarri bat, aingeru “perfektu” baten ingurukoak, Jesukristoren bila joaten den gizon baten istorio sarkastikoa…
Deabruaren ironia eta txantxa-gosea aitzakia hartuta, gizakiok gorderiko grin eta bihotzetan murgiltzen diren bost narrazio dira.
Gehienak egunerokotasunetik abiatzen dira: maitasun korapiloak, grinaren eta bihotzaren arteko lehia, beste “zerbait” probatu nahia… Bat-batean, deabrukeriaren bat azaltzen da. Umore zuria nahiz beltza, erotismo samurra eta basatia, fantasia ironikoa eta giro mitologikoa.

Liburuaren hitzaurrean

Fantasian eroso sentitzen naiz. Txokolatez inguratua bezala, edo pagadi bakarti batean. Ez naiz aspertzen. Hainbeste doinu desberdin entzuten dira egunerokotasun grisa sartzen ez den zirrikituetan!
Fantasiak kolore asko ditu. Askeak. Biziak. Aberasgarriak.
Hemen bost ipuin dituzue. Gehienak nire, zure, gure errealitate beretik abiatzen dira. Ertzetatik harago jotzen dute gero. Izaki mitologikoak, ezaguera bitxiak, jainkoak eta deabruak… eta jakina, umorea, beltza eta zuria. Eta jakina, bizitasuna. Eta misterioa.
Bada istorio berezixeagoren bat. Esperimentatzea gustatzen zait eta. Zuek dastatu. Esango didazue zer iruditzen zaizkizuen. Zeintzuk iristen zaizkizuen gehien. Edo liburuen papera sutarako edo ipurdia garbitzeko erabili duzuen. Ez dut uste. Ez nuke nahi. Baina hala balitz, tira, jakin nahiko nuke. Hurrengoan lodiagoa egiteko, zuek hobeto aprobetxatzeko, bizimodua gero eta garestiagoa dago eta.
Ea, orain serioago: ni bezalakoak bazarete, gustatuko zaizkizue.
Deabruak baditu milaka aurpegi: zorrotzak, zinikoak, dibertigarriak. Umorearekin jolastea ezinbestekoa da, beltzenean ere. Zenbait egoera berezi prestatu ditut, deabruaren mozorro desberdin batzuk aurkezteko.
Beste kontutxo bat: hemengo ipuin batzuek hazi zaharra dute. Aspaldiko ideien garapena da. Bat baino gehiago saritua izan da han edo hemen… baina goitik behera eta ezker-eskuin eraldatu ditut egiturak eta hitzak. Beraz, berriak dira.
Bide batez esateko, harrituta geratu naiz nire ipuin «zahar» batzuk irakurtzean. A ze estilo itsusia. A ze estilo «potoloa»! Ze ona den tontakeria ugari gainetik kentzea eta istorioari zuzenean begiratzea, afektaziorik gabe. Askoz gehiago goxatzen dut orain. Kate absurdo ugari gabe.
Harira, Fernando. Desbideratzen ari zara.
Jainkoen eta deabruen kontuak aurkituko dituzue orri hauetan. Mitologikoak, biblikoak, alegiazkoak. Istorio guztietan izango duzue, agerian edo ezkutuan, deabruaren irribarre maltzurra. Sarkastikoa. Sakrilegoa.
Ai, jainkoak eta deabruak nola sortzen diren. Edo ditugun. Edo garen.
Ahaztu aurretik, eta badaezpada. Leku edo talde errealen bat aipatu dudan bakoitzean (hemen eta nire testu guztietan), pertsonaiak asmatuak izan dira beti. Asko zor diot errealitateari, baina ez pertsonaiak plagiatzeko bezainbeste. ????
Deabruaren letaginekin uzten zaituztet. Zorrotzak dira. Baina aldi berean txokolatezkoak. Laster ikusiko duzue.
Ondo izan.
Ez adiorik!

 

Atzeko azalean

Deabrua gauean. Zuri begira. Bakarrik zaude. Beldur diozu ilunari? Ez nahikoa. Zu modernoa zara. Ez duzu umekeriatan sinesten. Ez?
Ja!
Deabrua itzaletan. Zuri begira. Irribarrez. Zuk baino gehiago daki. Zain dago. Zure sekretuak lehertzeko. Sua. Amorrua.
Ikara.
Ausartzen zara inbokazio bat egiten? ZER eskatzeko? Bazara gauza gaua mendian igarotzeko, izu mitologikoen euripean? Bazara gauza jainko bat hiltzeko? Edo barre egiteko eta jainko bat izaten ausartzeko?
Deabrua zuri begira dago. Letaginak distiraka. Haren begiek harrapatu egiten zaituzte. Izurik latzena. Eta zuk hilda egon nahi zenuke.
Deabruak zure izua askatuko du.
Beldur diozu ilunari?
Ja!

Pasartetxo labur bat

—Jagoba sektaren batean sartu dela esan nahi duzu?
—Hobe bai! Ez. Haren bila joan da.
—Haren…?
—Jesukristoren bila.
—Monasterioren batera? Klausuran edo?
—Klausuran? Hara bestea. Bila joan dela diodanean horixe esan nahi dut: bila. Harengana. Palestinara! Kristo aurreragoxeko Palestinara.
—Zer esan nahi duzu? —Lorea negarrez hasi zen.
—Ez dagoela hemen, joder, orduan baizik.
—Eeee…
—Bakarrik utzi nauela eta denbora zeharkatu duela, ostia!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude