Elkar, 2003.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Izenaren ondoan ogibidea eman ohi dugu baina, zer jarri Leonardo da Vinciri dagokion laukian? Pintore, eskultore, arkitekto, asmatzaile, anatomista, musikari, bertsolari, ingeniari, idazle, gastronomo…? Arlo horiek guztiak eta gehiago ere landu zituen, baina esan liteke jakintza zuela benetako helburu, hitzaren luze eta zabalera osoan, artea eta teknika, zientziak eta letrak bat eginik, lanbidekako espezializazio guztien gainetik.
Jenioaren dohaina egiten zaigu harengan harrigarri; eta, horren ondoan, zenbat lan utzi zituen erdizka, bide erdian, amaitu gabe. Beste kezka batzuk pizten zizkion jakin-min unibertsalaren eraginez? Dudarik gabe. Langintza bat burutu arte bertan irauteko egonarria eta diziplina falta zitzaizkiolako? Baita ere.
Da Vinci bezain liluragarria eta askotarikoa da bizitzea egokitu zitzaion garaia ere. Italiako Errenazimentua, Quattrocento-a zehatzago esanda. Florentzian hasi eta, geroztik, Italiako beste hainbat hiritan bizi izan zen: Milanen, Venezian, Erroman, Mantuan, tokian tokiko agintarientzako lanetan, baita Frantzian ere, bertako erregearen esanetara. Garai nahasia izan zen hura, gerraz eta azpikeriaz betea, baina aldi berean, bi mila urte lehenagoko Greziaren antzera, giza izpirituak inoiz sortu dituen emaitzarik txundigarrienen mintegi eta sorleku. Eta horien erdi-erdian, txundigarrietan txundigarri, Leonardo Da Vinci.
Bai Leonardoz eta bere bere garaiaz liburu guztiz ederra egin du Fernando Morillok: datuak zehatz emanez, batetik, baina horiei idazle on batek dakien pasioa erantsiz, bestetik, nobela bat bezain arin eta gogotsu irakurtzen den biografia burutzeko.
Horrez gain, bilduma hau beti txuri-beltzezkoa izan den arren, salbuespena egin nahi izan dugu, Leonardoren pintura-lanek asko galduko zutelakoan koloretan eman ezean. Irakurleak estimatuko duelakoan gaude.
Nire iruzkina
Leonardo da Vinci!!!!! Nork ez du ezagutzen? Baina nork ezagutzen du benetan?
Hura gizona! Zer ez zen izan!? Margolaria, eskultorea, matematikaria, biologoa, fisikaria, gastronomoa, asmalaria, ameslaria, bertsolaria, geologoa, anatomista, botanikoa, ingeniaria, filosofoa… Zer ez zen izan, zer ez zuen lortu!
Leonardoren inguruko biografia idaztea proposatu zidatenean, nik ezin ezetz esan. Beti miretsi izan dut bizar-luze zirraragarri eta nekaezin hura. Bere begiez begiratzeko ausardia, bere buruaz pentsatzeko adorea… Eta haur-sormenik zoragarriena.
Elastikoan, ondo antzematen ez bada ere, Leonardoren marrazki ezagunenetariko bat azaltzen da. Jadanik nikia “hilda” dago (argazkiak baditu urte batzuk). Tamalez. Nire faboritoa izan zen urteetan!
Hasi aurretik, banekizkien zenbait gauza jenio paregabe haren inguruan. Biografia prestatzen nenbilela, ordea, informazioa biltzen hasi eta berehala jabetu nintzen laurdenaren laurdena ere ez zela. Azken batean, arazoa ez zen izan zer azaldu behar nuen; kontrakoa nuen benetako buruhaustea: alegia, zer ken nezakeen erabakitzea.
Ezinezkoa zen liburu bakar batean Leonardok egin zituen guztiak aipatzea ere! Beti ari zen asmatzen, probak egiten, esperimentatzen. Esparru guztiak dastatu nahi zituen, eta zeru guztiak ukitu. Hori guztia garbi uzten ahalegindu nintzen lan horretan. Irakurleak Leonardoren indarra, kemena eta jakin-min amaigabea sentitzea nahi nuen.
Leonardoren biografia idaztea gozoki hutsa izan zen. Antzekoa izango ahal da hura irakurtzea ere!