Ibaizabal argitaletxea, 2007.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 12-13 urtetik, 150 urte ingurura.
Sinopsia
Zerbait gertatzen da Iratiko oihanean. Eguraldia guztiz zoro dabil, eta behi baten gorpua azaldu da, erraiak irekita eta txiki-txiki eginda. Are okerragoa izango da laster, emakume zahar bat ere agertuko baita, biluzik, hilda eta odoletan blai.
Ikasle-talde bat Iratiko oihanera iristen denean, egun eder batzuk igarotzeko asmoa baino ez daukate gazteek. Ez dute inola ere espero leku hartako misterioaren erdi-erdian amaituko dutenik.
Piztia anker bat dabil zuhaitzetan zehar. Sorgin Basatiaren laguntza beharko dute hari aurre egiteko, eta otso beltzak eta antzinako aker-adarrak aurkituko dituzten bidean.
Borrokarik gogorrena, ordea, barrukoa gertatuko zaie: nork bere beldurren aurka egin beharko du. Hori izaten da beti gudu guztietan lazgarriena. Eta ezinbestekoena.
Nire iruzkina
Webgune honetan bertan jadanik zenbaitetan esan dudan bezala, bidaitzea gustatzen zait. Eta baita mendian galtzea ere. Euskal Herrian, zuhaitz artean galtzeko modurik ederrenetariko bat Iratiko oihanean ibiltzea da.
Hara joan nintzen, bada, eta hainbat leku eta jende interesgarri eta erakargarri ezagutu nituen.
Segway baten gainean ibili nintzen Irati Magikoako lagunekin, eta pastel zoragarria jan Mari Cruz landa-turismoan.
Han inguruko misterio-giroak eta mito-usainak harrapatu egin ninduen: sorginen barre-oihartzunak, akelarreen xuxurla basatiak, zuhaitzen oihu isilak… Zenbait hari etorri zitzaizkidan burura, arrapaladan eta bizi-bizi.
Haiek guztiak bildu, nire gogoko zenbait gai hartu, Iratin bizitako abenturatxo haietariko batzuk erantsi, eta «Iratiko sorgin basatia» liburua osatu nuen.
Goian eta behean ikusten diren argazkiak egun haietan ateratakoak dira.
Liburua irakurtzen baduzue, behi (ustez otzan!) baten erasoaren ingurukoak ikusiko dituzue. Pasartean kontatzen dena benetan gertatu zen (gutxi gorabehera). Beheko argazkikoa ni naiz, egiazko “biktimaren” susto-aurpegia imitatzen. barrez
Horrela ikusita, barre egiteko modukoa da. Baina pentsa ezazue 600 kiloko behi erraldoi bat zuen atzetik dela…
Hor naukazue, Arpeara doan bidetik hurbil. Atzean, lehen aipatu dudan behi haietariko batzuk (eta kameraren beste aldean, benetako “biktima”).