Elkar, 2005.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14 urtetik, 150 urte ingurura.
Sinopsia
Bi hari ditu Dragoien orroa-k. Orain dela milaka urte gertatzen da bat: azken herensugea akabatzeko asmoz elkartu dira basajaunak, jentilak, gizotsoa… Gogorra izango da borroka, eta garai mitiko zaharraren amaiera sumatzen da zeruertzean. Bigarren harian, gure egunetara etorrita, gaua mendian akanpatuta pasatzeko asmoa du Eskoriatzako gazte-koadrila batek, baina neska-mutil horiek ezin igarri zer ezkutatzen den lurpean.
Iruzkina
Esperimentu literario baten ondorioz jaio zen nobela hau. Kilometroak 2005eko arduradunak nirekin harremanetan jarri, eta proposamen bitxi (eta interesgarri!) bat egin zidaten: posible izango ote zen testu-zati bat eskegitzea Interneten, eta ondoren lehiaketa bat antolatzea, testu-zati hari jarraipenak eta amaierak proposatzeko?
Proba egin genuen, eta oso aberasgarria izan zen. Partaide bakoitzak oso bestela irakurtzen zuen nik proposatutako istorio bera. Idazle gisa, aukera polita izan zen ulertzeko irakurleak ez duela istorioa ikusten egileak ikusten duen modu berean, ezta inondik ere!