Ibaizabal, 1999.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Nerabetasunaren inguruko liburua da. Oso ondo ezagutzen omen den garaia, askotan, baina, ai, aldi berean arinegi «mozorrotu» nahi izaten dena. Sarritan ez baita oso leuna izaten.
Ainara da protagonista, 16 urteko neska sentibera eta nahasia. Bere burua apur bat argitzeko asmoz-edo, eguneroko bat idazten hasten da. Bertan, bere historiaren kronika aurkezten du Ainarak, bizitzaren aro oso baten isla izan daitezkeenak bilduz: sentimenduak, beldurrak, kezkak, lehen harremanak, sexua… eta 16 urteko mundu eroak ekartzen dizkion beste hamaika gora-behera.
Alai, batzuetan. Apur bat ilunago bestetan. Nahasturik sarri. Baina, betiere, bizi-bizirik.
Nire iruzkina
Idatzi nuen lehen liburua da. Urte batzuk joan dira jaio zenetik, eta orain, berriro irakurtzen dudan bakoitzean, badira aldatuko nituzkeen hainbat gauzatxo eta pasarte.
BAINA ondotxo dakit nola atera zitzaidan barrenetik testu hura, zer-nolako ilusio eta zirrara neukan, barruan bor-bor. Eta hasierako zalantzak: lortuko ote nuen zerbait osatzea? Lortuko ote nuen nire barruko istorio haietariko bat papereratzea?
Bada, bai! Jaio zen mundura nire lehen seme-alaba. Gora ni!
Ainara izeneko neska bat da protagonista, eta haren ahotsaz kontatu nuen historia. Ainarak eguneroko baten bitartez islatzen ditu bere kezkak eta nahasmenak. Bizitza, bihotza, zalantza. «TZA» nahasgarri asko, umorez eta beldurrez beteriko lan horretan.
Intentsitate dexenteko liburua atera zitzaidan, eta, urte batzuk badituen arren, noiz edo noiz berriro irakurtzen dut. Hasierako ilusio hura gogoratzeko (orain ere ilusioa dut, baina ez da berdina; ezin da izan). Eta istorioaz eta istorioarekin barre egiteko.