Ibaizabal argitaletxea, 2007.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 10 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Ganbara ilun eta zahar batean, ispilu berezi eta arriskutsu bat ezkutatzen da. Andoitz gazteak zerbait susmatzen du, eta beldur izan dio beti ganbara horri. Egun batean, ordea, mutikoak ausardia bildu eta barrura egingo du.
Han, hara ezustea, ispiluaren sekretua aurkituko du: beste mundu batzuetarako sarrera da!
Enarak, arreba txikiak, lagundu egingo dio eta, konturatzerako, ispiluak biak xurgatu, eta mundu zoro haietan azalduko dira anaia-arrebak. Sekulako abenturak biziko dituzte lurralde ero eta fantastiko haietan. Hamabi begidun izakiak, Sorginen Eremua, ipotx kantariak… Denetik aurkituko dute.
Are gehiago: Azti Beltzak atxiloturik dauka oso maite duten norbait. Lortuko ote dute hura Aztiaren atzaparretatik libratzea?
Nire iruzkina
Liburu honen lehen bertsioa Berrian argitaratu zen, 2007 urtearen hasieran. Gero, testua hartu eta goitik behera eraldatu eta berridatzi nuen: gauza batzuk kendu, beste batzuk erantsi, eta hor duzue emaitza.
Neurri batean, ordura arteko nire libururik “gazteena” da: 10-12 urte dauzkazuenei zuzendua da (eta hortik goragokoei, noski).
Istorioa, hala saiatu nintzen behintzat, ikusi, dastatu eta usaindu egiten da. Imajinazio bizia erabili dut barruko abentura guztiak margotzeko. 10 urte nituela, hori zen biziki eskertzen nuena: istorioa sinestea, sentitzea, eta harekin eta haren bitartez hegan egitea.
Irakurtzen baduzue, Kpago ezagutuko duzue (hamabi begidun izaki bitxia), Sorginen Eremura iritsiko zarete, ipotx kantari baten denda ikusiko duzue, Barok ileurdinarekin batera borrokan egingo, eta Izarretako Taxilariaren “espazio-furgoian” ibiliko.
Goian, Andoitz daukazue (makilarekin dagoen mutikoa) eta haren arreba Enara (munstroaren azpian dagoen neskato txikia).
More koloredun zuhaitzen artetik, Inguma bat datorkie… Eskerrak alboan, Kpago daukaten (hamabi begidun izaki xelebrea)!!
Lurralde Ezkutuetan, besteak beste, Iratxo Kantaria aurkituko dute,
Sorginen Eremuan izango dira,
alfonbra hegalari batean, hegan egingo dute (Andoitz, Enara eta Kpago dituzue goiko marrazkian)
Barok Ileurdina ezagutuko dute eta Ziegaren Dorrea izeneko gaztelu beldurgarrian sartuko dira!!
Aurreko marrazkiak Plentziako Eskolako ikasleek egin dituzte. Mila esker, artista hutsak zarete eta!!!!
Plentziako neska-mutikoek esan zidaten moduan, Lurralde Ezkutuak ezagutu nahi badituzue, AN-EN bidaiak aukeratu!! Alegia, ANdoitz-ENara bidaiak!
Pentsa dezakezuenez, ez naiz inondik inora aspertu Andoitz eta Enararen abenturak sortzean eta bizitzean.
Andoitz eta Enara protagonistekin batera hegan egiten ahalegindu naiz, eta abenturaz abentura mugitu ditut anaia-arrebak.
Zerbait polita atera dela uste dut.
Gainera, dagoeneko istorioaren bigarren zatia ere eskatu didazue batzuek. Andoitz eta Enararekin hitz egingo dut, eta ea zerbait egin dezakegun…