Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

Hilarrien biografia mutua

   Karlos izararekin estali eta Kopernikoz hitz egin zion. Jakintsua, azaldu zion, liburua eskuetara iritsi zitzaion egun berean hil zen. Historiaren erramuak eskainiko zizkion liburua eskuratu orduko! Biografien ironia krudela aipatu zion. Eta sekula ezin dugula asmatu non demontre harrapatuko gaituen gauak.
   —Kopernikok historia aldatu zuen. Baina ezin izan zuen jakin. Konturatzen zara? Sara, entzuten al didazu?
   Sarak samurtasun-keinu bat abiatu zuen. Besarkada erdia eman zion. Ez zen Karlosengatik. Karlosek ez zuen ukitzen. Ezta ukitzen zuenean ere. Baina goiz hartan, okinaren semea dardaraz ikusi zuen. Berari begira geratu zen gaztea.
   —Zein polita zaren —egin zion ihes, bere nerabe-izerdien artetik.
   Mutikoak ez zuen ezer gehiago esan. Sarak haren begietan irakurri zuen ordea. Horregatik besarkatu zuen Karlos. Ezusteko astinaldi harexengatik. Sarak sentitzen zuela sentitu zuelako. Bizirik zegoelako. Eta, agian, maitasun arrotz baten minez.
   Karlosek gainetik kendu zuen.
   —Ez al didazu entzun, Sara? Egun bereanhil zen. Liburua iritsi zitzaion egun berean. Zein krudela, ene Jainkoa.
   Loak hartu zituen.
   Esnatzean Karlosek besoa luzatu zuen. Harritu egin zen, ohearen beste aldea hutsik sumatzean. Deitu egin zion. Etxe osoan zehar bilatu zuen. Sara ez zegoen. Are gehiago harritu zuen Karlos sukaldeko mahai mutuaren gaineko orri-puska. «Dibortzioa nahi dut», oihukatzen zuen oharrak. «Eta behin betikoa da».
   Karlos aulkiaren gainean erori zen, fosilizaturik. Bere burua besarkatu zuen. Hotz zen.

Itzuli ipuinen zerrendara

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!