Ezohikoaren bidea, barrea
Egun guztietatik alferrik galduena barrerik egin ez dugun hura da
Nicolás-Sébastien Roch de Chamfort
Zer demontre da umorea? Zergatik behar dugu?
Aurki dezakegun infernurik latzenetarikoa ez da bakardadea, ez mina, ez gosea. Infernurik infernuena, sarritan, betiberdintasuna da. Alegia, jolasik eza. Alegia, seriotasuna.
Sendabidea —zorionekoak gu!— ez da helezina. Barrua higatzen digun homogeneotasun grisari aurre egiteko, ezohikoaren bidea hautatu. Nola?
Galdera bakoitzari erantzun bakarra eransteko ohitura madarikatua txertatzen diogu geure buruari. Hala ikasten dugu eskolan. Zenbat buru hainbat aburu? Ai, hobe bai egia balitz!
Zenbait ikasleren jeniozko erantzun batzuk irakurtzen ibili naiz. Tori pare bat:
- Ezagutzen al duzu lorerik gabeko landareren bat? Ezagutzen dut.
Kitto. Horixe da galderari zorrotz eta bikain erantzutea! Nekez lortuko da zehatzagoa den beste erantzunik.
Beste adibide bat:
- Esan zerbait Maiatzaren 2aren inguruan.
Erantzuna, gaindiezina: zein urtetakoa?
Adarjotzaileak? Baboak? Ezta gutxiagorik ere. Zerbait jakintzat ematea oso arriskutsua da: betiko bideari lotu gaitzake. Ikasle horiek, ohiko (besteren) begiz ikusteari utzi, eta, nahita edo nahi gabe, ikuspegia aldatu zuten. Barrea eragiten digute, erantzun ezohikoak… baina aldi berean guztiz logikoak direlako!
Zientzialari, filosofo, idazle… handienek horixe egiten dute: begien bistakoa dena hartu, eta bestela begiratu. Erraza, ezta? Iturri beretik edaten du umoreak: begiak zabaltzeko ausardiaz.
Barrerik ez egiteko arrazoiak? Hamaika. Bizitzaren gogorrak egunero gogorarazten digu. Horrexegatik behar dugu hainbeste umorea. Nietzsche-ren hitzetan: «Gizakiaren oinazea hain da handia, barrea asmatzeko modua egin behar izan baitu».
Barre analgesikoa baliatzen dugu, baina ez besterik gabe mina arintzeko, bidaldian urrunago iritsi ahal izateko baizik.
Historiak aholku bat oihukatzen digu ozen: bide nagusia nora, ahalegindu bestera. Txarrenean, txiste eskas bat asmatuko dugu. Baina kasu: gerta liteke ezohikoaren hazia geure baitan ereitea, eta, esate baterako, idazle bihurtzea.
Edo, are hobeto, Voltaire-ren guraria (barre egiten hiltzea) betetzea baino zerbait garrantzitsuagoa lortzea: barre egiten bizitzea. Hoberik bai?
Itzuli artikuluen zerrendara
|