Euskal seximenduaz
Sua!
Istorio guztiak barne-borroka baten sinbolo dira. Ni istorioak idazten ibiltzen naiz, eta, ondorioz, halako borrokak ditut elikagai: idazteko, ulertzeko, bizitzeko. Eta borrokak aztertu-nahi horretan, haietariko zirraragarri eta saihestezinenen bila aritzen naiz. Horregatik idatzi nuen Seximenduz.
«Zer egin buruak aurrerantz bultzatzen bagaitu, baina bihotza gelditzen bada?», galdetzen zuen Baltasar Gracián-ek. Andoni Egañak zilegitasuna hartzen du ardatz, Pausoa noiz luzatu nobelan, antzeko zerbait adierazteko: «Buruari asea eta bihotzari gosea ez baita bidezkoa».
Bihotza! Sua! Adore-iturri eta minaren jatorri.
Bihotzarekin nekez. Baina hura gabe ezin. Kemen eta madarikazio aldi berean. Nola menderatu, nola ulertu organo kexati horren taupadak?
Zer dio kondaira urbanoak?
Euskal Herria deskribatzeko, hamaika modu dago, noski. Koadrilen adiskidetasun-giroa aipa liteke, esate baterako. Orobat kirola, gastronomia edo apustuak. Eta… sentimenduak? Ba al da euskal-sentimendurik? Ba al da sentimenduak sentitzeko modu euskaldunik? Txantxaz baino ezin zaio heldu horri, zalantzarik gabe. Gai zinez serioa baita.
Askotan esaten da euskaldunak, lehenbiziko unean, hotzak direla. Hotzak eta isilak. Gero, hala dio kondaira urbanoak, epeltzen da kontua. Ba ote egiarik horretan? Hala balitz, zer dakar jokaera horrek?
Horra, bada, aztertu nahi nuena: lehen une horiek, lehen zalantzak, lehen hanka-sartzeak. Mina eta nahasmena. Zer esanik ez, umorez eta ironiaz egiten ahalegindu naiz. Nola bestela?
Nola moldatzen da euskalduna, askotan, lehenbiziko sentimendu erotikoak (hots, seximenduak) sentitzeko eta adierazteko orduan? Erantzun egin behar al da, irakurle?
Zenbat kostatzen zaigun, oro har, zer sentitzen dugun islatzea, ene! Bai larria, eta aldi berean bai barregarria! Sentimenduen lurralde horretan, mapak zimel. Jarraibideak eskas. Zorioneko egunen batean, barrenak ateratzeko unea iristen zaigu eta, orduan, gure azalpen-errepertorioari begiratzean, kabenzotz, planoak distiragabetu egin zaizkigula ohartzen gara.
Zer egin?
Besteak beste, ikertu. Zenbateraino izango zen egia kondairak dioskuna? Motxila hartu eta hor joan nintzen, hango eta hemengo lagunei galdetzera: nola ligatzen zenuten lehen? Nola orain? Nola ligatzen zuten zuekin? Eta abar. Eulitzar baten moduan kakaren inguruan. Baina ezbai-mokordo horretan altxorrak topatu nahian.
Erantzunak bildu ahala, pozez eta tristuraz konturatu nintzen oso multzo gutxitan sailka nitzakeela azalpen gehientsuenak. Pozaren arrazoia: errazagoa zen sistematizatzea. Tristuraren arrazoia: ez gara batere originalak!
Bihotzeko arantzak, ai, oso antzekoak baitira, azken batean. Sendabiderik?
Gehienon hanka-sartze ohikoenak sailkatzea erabaki nuen. Barre egiteko eta ikasteko. Konturatzeko askok gure egoera lotsagarri edo absurdo edo mingarri edo nahasgarri berberak bizi izan dituztela. Eta alferrikako lotsak galtzen joateko. Hegoak zabaltzeko eta amildegiaren ertzean salto egiten ausartzeko. Hori baita gustura hegan egiteko modu bakanenetarikoa.
(Arke)tipo tipikoa
Jo dezagun «Seximenduz» liburura. Liburuan pertsonaia arketipiko bat azaltzen da: Unai. Unaik 23 urte ditu (baina, ikusitakoak ikusita, 30 edo 50 izan balitu ere, ezer gutxi aldatuko litzateke, tamalez). Lagunen lagun, kirolari amorratua eta txantxazalea. Euskalduna, onerako eta txarrerako. Bihotz-taupadak hortxe, deseroso baina oraintsura arte kontrolagarriak. Eusteko modukoak.
Bat-batean, ordea, mundua lehertu egiten zaio. Neska bat ezagutu nahi du. Barruko kilimak oihuka hasi zaizkio, baina ez daki zer egin. Akojonatuta dago, dardararen eta beldurraren artean nora ezean.
Bigarren protagonista Aitor da. Oso gaztetan konturatu zen Aitor neskak ez zituela inola ere ulertzen. Eta obsesionatu. Baina Aitorrena ez zen soilik obsesio biologiko-sexuala izan, muinean bazuen bestelako errorik ere: Aitorrena, neurri batean, obsesio psikologiko-artistikoa zen, beste ezer baino gehiago. Zergatik ziren hain misteriotsuak, hain helezinak neskak? Zergatik hitz egiten zuten beste hizkuntza bitxi batez? 15 urte zituenetik ibili zen Aitor lurralde ezkutu haien mapak osatzen. Eta, jardutearen poderioz, zerbait lortu du.
Lagundu
Testuaren hasieran, Unai Aitorri hurbiltzen zaio. Laguntza behar du. Bizitza osoan Aitorri adarra jotzen egon eta gero, orain konturatzen da ez dela gauza ur handi haietan igeri egiteko. «Aitor, lagundu!» erregutuko dio lagunari. Lagundu begiratzen. Lagundu ikusten. Lagundu ulertzen. Sentimenduak gainezka egin dio Unairi, eta ez daki uholde hura nola bideratu.
Eta Aitorrek eskua eman. Ez dago oso ziur zer egin dezakeen, baina saiatzea erabakitzen du. Aitorrek fitxa batzuk zeuzkan idatzita, sentimenduaren «kartografia» endredatuak marrazten hasi zenekoak. Fitxa horiek eta bere esperientzia bidaide, sentimenduen eta seximenduen bideak ibiltzen irakatsi nahiko dio Unairi, ahal duen neurrian bederen.
Lehenik eta behin, lagunak alferrik sufri ez dezan. Minari borroka irabazi diezaion. Minak harresiak eraikitzen baititu, eta harresi horiek aurrera egiten uzten ez diotelako. Bigarrenik, laguna ondo pasatzera iritsi dadin. Minik gabe bidea jolas bihurtzen baita. Eta gustuko jolasean aldaparik ez.
Ez da erraza, jakina. Nola izango da ba? Nola irakatsi esperientzia… esperientzia ez duenari? Nola ikas daiteke dantzan, esate baterako, dantza eginez ez bada?
Umoreari amore ematen
Horiek horrela, Aitorrek hainbat gauza irakatsi beharko dizkio Unairi: batik bat, zalantzak eta dardarak umorez hartzen. Gizakion jokaerak, sarritan, absurdoa eta tontoa baitirudi. Zenbat trauma dakartza hori ez onartzeak!
Jolasa da giltzarria! Jolas egin, eta ez kezkatu (behar baino gehiago) emaitzaz. Esatea errazagoa egitea baino. Aitorrek honela idatziko dio lagunari, pasarte batean: «Jolasa onartzen ez dudanean, guztiak alferrikakoa ematen dik. Eta hutsala eta absurdoa. Bestela ere bai, noski: baina barre egiten diat ordainez».
Hamabost urterekin, ordea, Anbotoko tontorrera begiak itxita igotzea baino konplexuagoa da norberaren barne-abiada moteltzea, kontrolatzea. Aitor pertsonaiaren hitzetan, «hamabost urte, pare bat neurona martxan eta hamaika milioi hormona dantza basati batean». Sua. Bihotza.
Baina ez dago besterik. Borroka hori irabazi, edo betiko galdu. Bihotzari barre egiten irakatsi, edo bizitzaren seriotasunaz jardun… gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Sentimendua
Bizirik egotea maitatzea da. Bizitza maitatzea. Gure baitatik ateratzea da, eta bestearen begirada geure egitea. Bestela ikustea. Bestela ikusten ausartzea. Eta, horretarako, funtsezkoa da beldurrei gogor egiten ikastea.
Gure honetan, seximendua da zain (eta zainetan txertatua!) dugun beldur horietariko bat. Horretaz hausnartzen eta nola edo hala bideratzen saiatuko dira Aitor eta Unai pertsonaiak. Denon moduan.
Seximenduz liburua ez da panazea, jakina. Ez da behin betiko sekretu ilunik argitzen, ondo ezagunak zaizkigun zenbait pellokeria batzuk errepikatzen eta berrirotzen baizik.
Helburua? Irakurleren baten angustia pitintxo bat arintzeko balioko balu, eta barrealdi sanoren bat edo beste sorrarazteko, guztiz beteta. Egitekoa egina.
Rilke poetaren esaldi bat parafraseatuz, sentimenduei dagokienez, denok gara gazte, denok hasiberri. Eta ikastea egokitzen zaigu. Orain eta beti!
Atzera
|