|
Bide basati guztiak
Bigarren jaiotza izan nuen benetakoa, ukaezinena. Berehala jabetu nintzen nire iparrorratza ez zela magnetikoa, metafora eta ametsa baizik; suzko tximista bat gaueko portuak argitzen, eta barruak kiskaltzen zizkidan hasperena.
Nire paisaiak urtzen ikusi nituen, eskuan eroritako elur malutak balira bezala. Txigorturiko mapa zaharretatik beste batzuk sortu ziren, berriak, desberdinak. Bide iheskor gehiago, irrikaz beteriko zalantzak eta milioi bat guda. Guztiak jarraitu nituen, eta zeruaren azpian dantzatu nintzen, arrazoiaz biluzi. Iluntzean, eguna itzaltzean, txori-emakumeak agertzen ziren. Eskutik heldu zidaten, eta malkoak eta kimerak erauzi nituen lurpetik. Bizirik nengoen. Inoiz baino niago nintzen.
Pixkanaka, txoko askotara hurbilduz joan nintzen, sutondoen epela partekatzen, izenik gabeko hainbat poetarekin. Istorioak sortu ziren beti, eta kondairak eta likoreak. Gero, agurrak eta urruntzeak. Bai mina bizirik sentitzea. Baina min handiagoa zen lehen. Haserretu eta burua galdu baino lehen. Diskurtso guztiei barre egin aurretik. Bidaiari haiekin, ez-heriotzak ezagutu nituen. Bizitzaren laburpen isil-gordeak.
Etorkizunak arakatu nituen oroimenean. Hamaika bide. Haiek guztiak banan-banan ibiltzeko arriskua hautatu nuen, beldur bainion harrapatuta eta geldirik geratzeari, gogaitasunaren barra lodi ikusezinen artean. Bai enbido ona. Bai garaipen aparta. Oraindik ere, ederki gogoratzen dut niretutako begirada bakoitza, begirada guztiak, iluntasunean suziri bihurtuak.
Lehen maparen izkinan, hondakinez egindako mendilerro baten atzean, aurkitu nuen itxaroten dauden hitzen herria. Ahal bezainbeste harrapatu nituen, eta bideetatik at areagotzen diren basoetara eraman ninduten hitzok, haizeak bere barrena aitortzen dizun eta katagorriek zu ikustean ihes egiten ez duten lekuetara.
Itsaso aurrera iritsi orduko, lehertu egin nintzen. Neure burua lurrera bota eta idatzi egin behar izan nuen. Eta idaztea porturik zabalenean babestea zen, ilunenean, liluragarrienean. Ezkutuan geratu nintzen, ozarkeriazko atetzar eta amorruzko atoien artean.
Zelatari. Begirale. Miresle.
Kortsarioen ontzi batean lerratu nintzen, ondinak maitatu nituen, lagun bat baino gehiago irabazi. Antzinako marinelek irakatsi zidaten nabigatzea dela garrantzitsua, garrantzitsua den gauza bakarra. Branka Itakarantz. Gogo eta erraien Itaka guztietarantz.
Olatuen gainean, gaueko ahotsek jakinarazi zidaten nik bilatzen nuen bizitza, bizitza bizia, sarritan, lokatzetan zegoela txertatuta, amildegi uxoetan. Mastara igo nintzen. Hegoak probatu behar nituen, nire kaiolatik ihes egin eta korrika abiatu eta hurrengo Eroen Ontzia abordatu.
Nabigatu, inoiz ez ontzi berean. Beti itsaso bera.
Nire mapa zabaldu egin zen, eta izugarri sakondu. Haritzak eta liburuak erantsi nituen, zeruak, enbatak eta suminak. Lasterbiderik gabe. Atsedenaldirik gabe. Barrurago eta urrunago iristen. Eta paisaian urtu nintzen, ni izateari utzi arte, inoiz baino niago nintzela aurkitzeko.
Ordutik, ez naiz gelditu.
Oroitu egiten dut, arpilatu eta erre. Nabigatu egin behar dut, bide egin, bila ibili.
Larruan, erbestean.
Zugan eta nigan.
Egunero, istorio berri bat. Mundu osoa.
Itzuli ipuinen zerrendara
|