Nomada kontalaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

Oraintxe idazten ari naizena


     Idazteko nahia eta beharra daukat. Gustu-kontua baino gehiago, itolarri modukoa delako: idazten dudanean hegan egiten dut, esna egon behar dut, zeharo bizirik sentitzen naiz; idazten ez badut bizitzaren ohikeriak indar handiz harrapatzen nau, eta grisean erortzen naiz. Ez zait gustatzen. Horregatik idazten dut. Horregatik idatzi nahi eta behar dut.

 
Fernando_Morillo_agenda.jpg
   Hor naukazue, nire agenda elektroniko txikian (eta zaharrean!) oharrak hartzen. Askotan erabiltzen dut, idazteko nahiz irakurtzeko, kontsultatzeko... (Ikusi Gailu teknologikoak)
 
 Zer ari naiz idazten orain?      
 

   Lagunen batekin ez banabil, edo mendian galduta, irakurtzen edo herri ezezagun bat ezagutzen, orduan, ziur asko, idazten ariko naiz.
   Askotan, ordea, ez ditut istorioak banaka garatzen. Zenbait bide jarraitzen ditut aldi berean. Egun batean, bat aztertzen dut, hurrengoan beste bat… konturatzerako istorioetariko bat piztu egiten den arte. Orduan bai, hari heldu eta bukaeraraino jarraitzen dut (edo, hobeto esanda, jarraitu behar izaten dut).
   Une honetan, halako bideak probatzeko prozesuan nabil. Ezin dut esan, beraz, nondik joko dudan zehatz-mehatz. Baina batzuk aipa ditzaket, hori bai:

  •    Azken urteotan, zenbait ipuin idazten joan naiz, han eta hemen. Konturatzen naiz, oro har, bi zapore nagusi dituztela istorio gehientsuenek: 1- Fantasia eta fikzio zientifikoa. 2- Errealistak-edo. Guztietatik txukunenak biltzen saiatuko naiz... eta ea zer ateratzen den hortik. Beharbada, bi ipuin-bilduma? Ikusiko dugu.
  •    Oso litekeena da, laster, nire istoriorik kuttunena eta frikiena idaztea. Etorkizun hurbilean gertatuko da, eta hor azalduko den pertsonaia nagusiak zeharo harrapaturik nauka. Labur esanda, zibilizazioak behera egin du eta "Mad Max" antzeko egoera bat nagusitu da leku guztietan. Hainbat istoriok osatuko dute liburua, baina protagonista bakar batek harilkatuko ditu guztiak. "Bilbo Samurai" izena dauka (oraingoz!), eta eginbeharraren, ohorearen eta etsipenari aurre egin beharraren ingurukoa izango da. Hitz ematen dizuet nire onenak emango ditudala istorio horretan, eta zinez ahaleginduko naiz irakurle serioenak ere gustura uzten. Nobela guztiz frikia izango da, baina inola ere ez frikientzat soilik.
  •    Gloria Mundirekin probatutako bidea ere (zientzia + thrilerra) oso gustura ibili nuen, eta pare bat zirriborro garatzen ari naiz: psikologia eta hezkuntzaren inguruan bata, biologia eta eboluzioaren inguruan bestea.
Azala Gloria Mundi Euskaraz.jpg
  •    Belaunaldien arteko tirabiren eta bizitza hainbat ikuspegitatik ulertu nahi izatearen inguruko beste nobelatxo bat ere garatzen ari naiz. Hau berez ateratzen ari zait, nik bilatu gabe, eta tonu indartsua eta erakargarria daukala iruditzen zait. Ikusiko dugu nondik eramaten nauen.
  •    Bestalde, gazte literaturan, teknologia eta historia bilduko dituen bilduma bat zirriborratzen ari naiz. Neska-mutiko talde batek garaiz garai ibili beharko du, haien lagun bat galduta baitabil nonbait… edo, hobeto esanda, noizbait. Nire gustuko zenbait garai ezagutzeko eta margotzeko aukera emango dit, eta baita azken orduko teknologiarekin jolas (literarioa) egiteko ere. Matrix eta nobela historikoa nahasi nahi ditut hor.
  •    Eta…
Stop.jpg

   Geldi hortxe, aspertu egingo zaituztet eta. Gainera, burura etortzen zaizkidan guztiak idatziko banitu, ezingo nuke beste ezer egin... eta ez. Ai, ohi bezala, aukera egin behar.

     Zein izango da, orduan, nire hurrengo liburua? Jakingo banu! Lehen esan bezala, nik neuk ere ez dakit zein istorio etorriko den lehenbizi. Zirriborroren batek indar handiagoa hartu bezain laster, hementxe bertan zehaztuko dut. Gogo faltarik ez daukat behintzat. Etorriko dira. Horixe etorriko direla!

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


   Azken liburuak:

Leonardoren hegoak
Zure arimaren truke
Egun beltzetan, jolas beltzak




Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!