Idazlea naiz.Idatzi egiten dut. Pellokeria dirudi baina ez da.
Azken urteotan, zenbait bide probatu ditut, jakiteko zer zen gehien gustatzen zitzaidana, non ikasi nezakeen ondoen.
Eta oraintxe, han-hemengo paisaiak aztertu ondoren, nire txokoa aurkitu eta hautatu dut: besteak beste, idatzi egin nahi dut. Eta bidaiatu, eta lagunak eta lekuak ezagutu, noski. Baina baita idatzi ere.Ez da gutxi, lehen ez baineukan batere garbi.
FUNTS-FUNTSEZKO DATUAK :-)
1974an jaio nintzen, Azpeitian. Irakurzale amorratua izan naiz txikitatik. Batik bat zientzia, fantasia eta zientzia fikzioa irensten nituen arren, egia esan, orojale samar ibiltzea gustatu izan zait beti.
OSO GOGOKOA DUT:
Lagunen batekin gelditu, kafetxo bat hartu, eta, patxadaz eta umorez, existitzen diren gai interesgarri guztiei buruz hitz egitea (txiste errezenetatik hasi eta txiste konplexuenetaraino).
Beste lagunen batekin gelditzea eta aurreko gauza bera.
Beste lagunen batekin gelditzea… eta abar.
(Hortxe naukazue, goiko argazkian, bonbilla erraldoi bat piztuta gainean, ideia bat bururatu berritan)
Irakurtzea, irakurtzea, irakurtzea. Saiakerak, nobelak, ipuinak, poesiak, komikiak, gidoiak. Egoerak, begiradak, solasaldiak, ametsak, sentimenduak eta sekretuak. Irribarreak, negarrak, beldurrak eta ausardiak. Han eta hemen. Orain eta gero. Bizitza sentitzea. Bizitza irakurtzea. Bizitza bizitzea.
Motxila hartu, ezagutzen ez dudan tren edo bus batean sartu, eta ezagutzen ez dudan lekuren batera iristea. Han, sentitzea, ikustea eta ikastea. Bizitzea. Beti bizitzea. Eta, ahal dudanean, hari guztiari buruz idaztea.
Mendira joatea eta galtzea (nahita eta nahi gabe).
Fisika, matematika, biologia, filosofia, historia, artea, mitologia, psikologia, informatika... Ufff, denetik pixka bat!(Beti-gose madarikatua naiz horri dagokionez).
Filmak. Fantasia, zientzia fikzioa, abentura. Misterioa, intriga, desberdina. Txikiak. Handiak.
Musika. Tzunba-tzunba izan ezik, ia denetarik gustatzen zait, aldartearen arabera.
Txokolate beltza eta patata tortilla (ez biak batera!). Jogurt-bizkotxoak (ikusi argazkietan neuk egindako bi!). Portzierto, lagun batek esan dit bizkotxoak egitea oso erraza dela. Beharbada. Baina ez nireak bezain goxoak! :-)
Era guztietako borroka-arteak (filosofikoak eta fisikoak).
Eskola eta talde askorekin izaten naiz, eta tarteka sekulako opariak jasotzen ditut, ahazten ez (eta ahaztu ezin) diren horietakoak. Hona hemen adibide batzuk:
*Leonardoren Hegoakliburuari buruz egindako powerpoint zoragarri bat, Maddi Oihenart-en musika eta guzti (La Salle ikastetxean egin zuten, Beasainen). Eskerrik asko guztiei, bihotzez, eta bereziki Amaia Ezkiagari! Bi lekutatik jaitsi dezakezue (bietan artxibo bera dago):
* Nire lanari buruzko txosten txukun-txukun bat egin zuten Ondarroako Zubi Zahar Ikastolan, eta hemen eskegitzeko baimena eman didate. Eskerrik asko guztiei, eta bereziki Joxemari Urteagari! Txostena ikusita, neure buruaz gauza bat baino gehiago ikasi dut neuk ere! :-) Aurreko artxiboan bezala, bi leku jarri ditut jaisteko:
* 2009. urtean, Lapurdiko zenbait txokotan ibili ginen Jon Zabaleta marrazkilaria (artista hutsa!) eta biok. Senpereko Eskola Publikoan oso "collage" ederrak prestatu zizkiguten. Hona hemen niri egindakoa. Mila esker ikasle guztiei, eta bereziki Jacqueline andereñoari!