|

Suminaren estrategia
(Nire iruzkina)
Lehenbizi, zirrara
Idazle gisa izaten ditudan unerik bizienak bi dira: alde batetik, sortze-unea bera (istorioa garatzean); eta bestetik, liburu bat burua mundura ateratzen hasten den unea (alegia, argitaratzear dagoenean).
Eta liburu batez erditzeko zorian nago oraintxe! Erraz ondoriozta daitekeenez, ondo pozik nabil.
Oraingoan bai, hor goiko izenburua ("Suminaren estrategia") behin betikoa dela esan dezaket. Eta azalari dagokionez ere, gauza bera: hor ikusten duzuena benetakoa da.
Eskaintza
Liburu bat ateratzeko orduan, normalean, beti izaten da azken orduko ezustekoren bat. Oraingoan, esate baterako, eskaintzari egokitu zaio. Eskaintza egon bazegoen, baina inprentako iratxo bihurriren batek burua sartu, eta hor nonbait desagerrarazi zuen, prentsa eta tinta artean.
Gune birtual hau existitzen denez, ordea, hementxe kopiatuko dut, unibertsoaren oreka gordetzeko. Hona hemen jatorrizko eskaintza:
Komedian, jolas-kide izan ditudanei. Bereziki, koadrilako guztiei.
Esan didatenez, bigarren argitalpena etortzen bada (eta iratxoak berriro burua sartzen ez badu), hantxe azalduko da aurreko aipamena, txukun-txukun, behar den lekuan. Nolanahi ere, hor duzue. Izorra dadila iratxoa! |
|
Zer aurkituko duzue orriotan?
Intrigazko nobela bizia osatu nahi nuen. Hasteko, ukitu iluna antzematen zaio berehala: nobela honetako pertsonaia gehienak ez dira ogi puska hutsak, inondik ere, eta, ia beste edozeren gainetik, jolaserako irrika bortitza usaintzen da haien hitzetan. Bizitza jolasa bada, ordea, eta jolasen koska errutina, zer egin behar da bidaian ez aspertzeko? Jolasen maila etengabe jaso? Noraino?
Protagonistari jolas egitea gustatzen zaio (mahai-jokoekin, zientziarekin, jendearekin), baina, liburuko lehen orriotan, beste era bateko jarduna proposatuko diote: errealitatea aldatzeko prest al dago? Kontua da errealitate horretan protagonistak inola ere espero ez dituen gorrotoak eta suminak txertatu, eta dena nahasiko zaiola.
Istorioaren hari guztiak hainbat dialogoren bitartez josi ditut, eta, horrexegatik, nire helburu nagusietariko bat elkarrizketa bereziki kartsuak eta zorrotzak lortzea izan da (irakurtzeaz gozatzeko orduan, izan ere, beti izan ditut kuttunago Platon eta Galileo, Aristoteles eta Newton baino).
|
Hor duzue liburuko gutxi gorabeherako abiapuntua: Marina Berri jatetxe ingurua, Zumaiako kanpoaldean. |
Kokapenei dagokienez, gehienei oso ezagunak egingo zaizkizuen lekuak azaltzen dira: Zumaia, Antiguo, Atxuri, Basurto, Urnieta...
Doinua, aldea, nahia
Aurreko liburuekin (esate baterako, "Seximenduz" lanarekin) alderatuz gero, berehala ikusten dira diferentziak eta antzekotasunak.
* Aldeak: "Suminaren estrategia" liburuan, hizkuntza eta egitura landuagoak dira. Hemen ez dago (ia) erdarakadarik, ez (ia) umore gordinik ere. Alde horretatik, doinua serioagoa da. Intriga (eta ez umorea) da funtsa eta helburua.
* Antzekotasunak: batez ere, filosofia bera. Alegia, irakurleak (euskaldun zaharra nahiz berria izan) trabarik gabe irakurtzea nahi dut, eta aldi berean gozatzea eta istorioa jarraitzeko egarriz egotea.
Intriga, beraz, eta iluna, sua eta gatza. Laster ikusi ahal izango duzue asmatu ote dudan. 
Atzera
Ikusi LIBURUAREN HASIERA
Ikusi elkarrizketa
Nola lortu liburua
Itzuli liburuen zerrendara
|