|

Ortzadarra Sutan
Nire iruzkina, bitxikeriak eta kuriositateak
|
Beasaineko CAF-Igartza bekaren laguntzaz idatzi nuen nobela. Nire ordura arteko lanik konplexuena zen. |
Bi garai, bi plano eta zortzi protagonista. Gazteak dira lehen planoan (18 urte dituzte), ez hain gazteak bigarrenean (15 urte joan ondoren, 33 urte inguru dituzte guztiek). Bi garaien arteko ametsak, ezinak eta nahiak aztertu nahi nituen. Hasierako indar itsua eta eroa, geroko errutina-zama eta neurritasuna. Eta betiko ezegonkortasuna eta kontrolik eza (batez ere, dena apur bat nahasi orduko). Zaila da bizitza hesi baten barruan gordetzea, eta zentzugabekeria guztiak hala jarraituko duela pentsatzea. Tximeleta-sare batez haizea harrapatu nahi izatea bezala.
Zenbait pasartetan, liburu apur bat "kañeroa" atera zen, eta eskola batzuetan (lanbide-heziketatan edo 16-18 urte inguruko ikasleak zeudenetan, batez ere) oso garbi adierazi didate, behin baino gehiagotan, bereziki gustatu izan zaiela. Pertsonaiak hurbil sentitu zituztelako, ikasle haiek egunerokotasunean aurkitzen dituzten arazo berberak zeuzkatelako liburuko pertsonaiek ere, eta istorio bizia iruditu zitzaielako. (Bide batez, mila esker!: ba al dakizue zer den hori entzutea idazle batentzat? Beste hamar urtetarako energia!).
 |
Liburuko pasarte batean Astigarribiako San Andres eliza azaltzen da: eliza bat beste eliza baten barruan (hala da, ez dut nik asmatu). Aukera baduzue, joan eta ikusi. Merezi du. |
Borroka dexente izan nuen istorioarekin, hariak batera eta bestera joaten baitzitzaizkidan. Orain, ziur asko, oso bestela idatziko nuen, baina oro har gustura geratu nintzen. Asko ikasi nuen dema hartan (pertsonaiek bezainbeste istorioan zehar), eta biziki aberasgarria gertatu zitzaidan. Orduan izandako koskak gaur egun gozamen-une bihurtu dira.
Atzera (liburuaren sinopsia)
Nola lortu liburua
|