Azala ikusita gezurra badirudi ere :-), maitasun istorioak dira gehienbat. Lau ipuinek osatzen dute liburua, eta gizaki “zoragarrion” alderdi ilun batzuk azaldu nahi nituen… modu apur bat gordinean.
Irakurle askok (bereziki gazteen artean) istorio ilunak eskatzen dizkidate. Bortitzak. Errealistak (are “nazkagarriak”). Esan bezala, maitasuna dute oinarrian, neurri handi batean, baina gizakion alderdi itzaltsuak azaltzen dira bihotzaren garrasiarekin batera: obsesioa, etsipena, sekretu ilunak, eromena… Gogorxeak. Metalezkoak eta odolezko istorio… sentimentalak. Artearen izenean egin daitezkeen bortizkeriak, familia sekretu ilun bat, hiltzaile afizionatu bati buruzkoa, eromenari eta maitasunari buruzko ipuin basati bat…
Liburu honen amaieran, zenbait albiste agertzen dira, inspirazio iturri modura, edo beste ipuin batzuk osatzeko erabilgarriak…
Liburuaren hitzaurrea
Ai, istorio kriminalak eta begirada beltza! Irribarre zinikoak… eta aldi berean liluratuak. Nire beste pasio bat (ehun eta hogeita bosgarrena edo) literatura beltza da. Hildakoak, motibazio homizidak, bortizkeria ankerra (fikziozkoa, e!)…
Zenbat aldiz aipatu dudan beste hainbat irakurlerekin:
—Irakurri duzue ez-dakit-zein nobela? Gustatu?
—Bai, krimenez beterik zegoen!
Ez al gara ba txano gorritxo baino txintxoagoak? Gure alderdi iluna lurperatu nahi genuke, ustez! Eta saiatzen gara, saiatu. Baina ziur asko satorra, kilkerra edo sugea izango da. Berriro ateratzen delako. Kir-kirka. Edo zi-zika. Edo kaixoka.
Beti ateratzen du burua.
Eta irakurleok asko eskertu behar diogu alderdi beltz horri. Berdin idazleok. Norbait imajinazioren faltan balego ere, egunkariak ezin konta ahala gai krudel (eta literario) ditu egunero!
Lau ipuin beltz dituzue hemen. Errealitatetik abiatzen dira, baina nire beste batzuk ez bezala, ez dira fantasiaraino iristen. Ertzetik oso hurbil geratzen badira ere. Errealitateak berak baditu aukera ugari fikzio-jolasean aritzeko. Geure zentzutasun eta erotasunek horretarako eta askoz gehiagorako lekua uzten dute.
Galdera anitz:
Ezagutzea ona da. Beti? Zergatik hiltzen dugu? Zenbateraino gaude prest… ez hiltzearren? Edozer jasateraino? Ez ote da maitasuna deabru basati guztiak arrazoi noble batez askatzeko aitzakia?
J. Donnek eta E. Hemingwayk esango luketen bezala, hil-kanpaiak ari dira etengabe. Entzuten dituzu? Zugatik eta biongatik.
Horiei esker motibatzen gara gehiago. Zeu eta biok.
Pentsamenduaren bitxia. Egunen batean, neu egongo naiz lurpean, eta irakurleren batek hitz hauek aurkituko ditu. Eta literaturaren magia iritsiko zaio orduan. Hildakoei buruzko istorioak, hildako baten partez, bizirik sentitzeko.
Bai mundu kurioxoa eta zentzurik gabea. Bai mundu anizkoitza eta erakargarria.
Banoa apur bat izarrei begira egotera. Hurrengo istorioa prestatu aurretik.
Betiere, on egin, irakurle.
Bizi bizi.
Audioliburua
Dagoeneko, badugu bere AUDIOLIBURUA: Ander Lipus antzerkilari ezagunak irakurri (antzeztu!) du liburua, musikaz lagundurik. Liburua gozatzeko edota entzumena lantzeko beste aukera bat iruditzen zait.
Zatitxo bat entzun nahi baduzue, hona hemen zatitxo bat: