|
Gloria Mundi
Nire iruzkina, bitxikeriak eta kuriositateak
Betidanik erakarri izan naute zientziaren eta artearen argi-goseek, bizitzaren ilunak, ezezagunaren oihuak. Modu berean erakarri izan naute intrigazko istorioek.
 |
Sorginetxeko trikuharria (Arrizala, Araba). Historia, artea, filosofia eta zientzia, dena bat eginik. Ederra!
Halako nahasketak gustatzen zaizkit. |
Halako zenbait osagai hartu eta koktel bat osatzea erabaki nuen: nire zientzialari faboritoenetariko batzuk pertsonaia bihurtu, eta thriller batean sartu. Horra hor idazlearen beste abantailetariko bat: ia-ia nahi duena har dezake jolas-aitzakia.
Eta jolas egin nuen: duela 50 urte inguruko zientzialari-talde zoragarri bat eta gaur eguneko Donostia. Eta espioiak, arriskuak eta hilketak.
 |
Donostia International Physics Center |
Prestatze-lanetan nenbilela, zalantza izan nuen: iraganeko zientzialari erreal batzuk sartu ondoren, gaur egungo zientzialari errealen bat ere hartuko al nuen? Azkenean, bi aukeratu nituen: Pedro Miguel Etxenike (Donostia International Physics Center-eko presidentea) eta Juan Colmenero de León (Physics Center-eko zuzendaria).
Ez ziren pertsonaia "pisudunak" nobelan; egia esateko, aipatu baino ez nituen egiten. Hala ere, ez nekien ondo irudituko ote zitzaien. Egoera hartan, noski, galdetzea onena. Eta Etxenikek (eta haren orduko idazkariak, Vanessak) biziki ondo hartu zuten guztia, eta laguntza polita eman zidaten. Liburuaren aurkezpenera eta guzti etorri ziren.
 |
Ezin dut inola ere ahaztu Joserra Etxebarria, nire fisikako irakaslea izan zena Leioako unibertsitatean. Gaztelerazko bertsioa ateratzean, liburua aurkeztuko al zuen galdetu nion, eta, nire pozerako, gustura onartu zuen Joserrak.
|
Mila esker guztiei laguntzagatik!
Bestalde, zenbait irakurlek idatzi eta deitu izan didate, liburua biziki gustatu zaiela esateko (nire beste lanekin baino dexentez gehiagotan gertatu zait hori Gloria Mundirekin, nabarmen gainera), eta halako gehiago egiteko eskatu (ikusi Oraintxe idazten ari naizena atala). Zorionez, nire gogokoa ere izan zen. Arnasa hartzen jarraitzen badut —eta horretarako asmo bizia daukat—, etorriko dira halako gehiago (tira, hobeak izatea espero dut, horretarako bizi baikara: ikasteko).
Nik gomendatu egiten dizuet. Esango didazue.
Atzera
|