Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

 

Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak

   Bost ipuin dira. Nireak izanda, :-), beti dago grina eta bihotza ezkutaturik (edo zeharo nabarmen) lerro arteetan... gehi beste zerbait: deabrua. Deabruaren umorea eta txantxa-gosea.
   Istorio gehienak egunerokotasunetik abiatzen dira: maitasunaren korapiloak, grinaren eta bihotzaren arteko lehia, beste “zerbait” probatu nahia…
   Eta bat-batean, tarrapatan, tarrapatan, deabrukeriaren bat azaltzen da. Umore zuria nahiz beltza dute (gehienetan), erotismo samurra eta basatia, fantasia ironikoa eta giro mitologikoa.
    Izaki mitologikoak gauean, errealitatean eragiten duten marrazkiak, inbokazio diaboliko dibertigarri bat, aingeru “perfektu” baten ingurukoak, Jesukristoren bila joaten den beste tipo baten istorio sarkastikoa…
    Liburuaren amaieran, errealitatetik hartutako zenbait albisteren zatiak agertzen dira, inspirazio iturri gisa, edo beste ipuin batzuk osatzeko erabili daitezkeenak…

Liburuaren hitzaurrea

   Fantasian eroso sentitzen naiz. Txokolatez inguratua bezala, edo pagadi bakarti batean. Ez naiz aspertzen. Hainbeste doinu desberdin entzuten dira egunerokotasun grisa sartzen ez den zirrikituetan!
    Fantasiak kolore asko ditu. Askeak. Biziak. Aberasgarriak.
    Hemen bost ipuin dituzue. Gehienak nire, zure, gure errealitate beretik abiatzen dira. Ertzetatik harago jotzen dute gero. Izaki mitologikoak, ezaguera bitxiak, jainkoak eta deabruak… eta jakina, umorea, beltza eta zuria. Eta jakina, bizitasuna. Eta misterioa.
    Bada istorio berezixeagoren bat. Esperimentatzea gustatzen zait eta. Zuek dastatu. Esango didazue zer iruditzen zaizkizuen. Zeintzuk iristen zaizkizuen gehien. Edo liburuen papera sutarako edo ipurdia garbitzeko erabili duzuen. Ez dut uste. Ez nuke nahi. Baina hala balitz, tira, jakin nahiko nuke. Hurrengoan lodiagoa egiteko, zuek hobeto aprobetxatzeko, bizimodua gero eta garestiagoa dago eta.
    Ea, orain serioago: ni bezalakoak bazarete, gustatuko zaizkizue.
    Deabruak baditu milaka aurpegi: zorrotzak, zinikoak, dibertigarriak. Umorearekin jolastea ezinbestekoa da, beltzenean ere. Zenbait egoera berezi prestatu ditut, deabruaren mozorro desberdin batzuk aurkezteko.
    Beste kontutxo bat: hemengo ipuin batzuek hazi zaharra dute. Aspaldiko ideien garapena da. Bat baino gehiago saritua izan da han edo hemen… baina goitik behera eta ezker-eskuin eraldatu ditut egiturak eta hitzak. Beraz, berriak dira.
    Bide batez esateko, harrituta geratu naiz nire ipuin «zahar» batzuk irakurtzean. A ze estilo itsusia. A ze estilo «potoloa»! Ze ona den tontakeria ugari gainetik kentzea eta istorioari zuzenean begiratzea, afektaziorik gabe. Askoz gehiago goxatzen dut orain. Kate absurdo ugari gabe.
    Harira, Fernando. Desbideratzen ari zara.
    Jainkoen eta deabruen kontuak aurkituko dituzue orri hauetan. Mitologikoak, biblikoak, alegiazkoak. Istorio guztietan izango duzue, agerian edo ezkutuan, deabruaren irribarre maltzurra. Sarkastikoa. Sakrilegoa.
    Ai, jainkoak eta deabruak nola sortzen diren. Edo ditugun. Edo garen.
    Ahaztu aurretik, eta badaezpada. Leku edo talde errealen bat aipatu dudan bakoitzean (hemen eta nire testu guztietan), pertsonaiak asmatuak izan dira beti. Asko zor diot errealitateari, baina ez pertsonaiak plagiatzeko bezainbeste. :-)
    Deabruaren letaginekin uzten zaituztet. Zorrotzak dira. Baina aldi berean txokolatezkoak. Laster ikusiko duzue.
    Ondo izan.
    Ez adiorik!

Audioliburua

    AUDIOLIBURUA urtarrilean izango dugu prest (Ander Lipus-ek irakurriko du). Liburua gozatzeko edota entzumena lantzeko beste aukera ederra izango da.


Atzera

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!

Kontaktua / Contacto: fernandomorillo2@gmail.com - fernando@gaumin.com