«Inoiz ez dugu jakingo zer dugun, duguna erakustea egokitzen zaigun arte»
Mikel Sotok egindako elkarrizketa, Bilbo Samurai liburuaren inguruan
1.- Eta ez daukagun arren orain / garai batean zeru-lurrak mugitzen zituen / indar hura, garena gara: / antzeko adoredun / bihotz heroikoak, denborak / eta patuak makalduak, baina gogo sendokoak / jarduteko, bila ibiltzeko, aurkitzeko eta inoiz ez errenditzeko. Alfred Tennyson poeta ingelesaren hitzak dira liburuari hasiera ematen diotenak.
Nerabe nintzela irakurri nituen Tennyson-en hitz horiek (bide batez, Igor Estankonak itzuli zuen aurreko zatitxoa). Barruan geratu zitzaizkidan. Mundua garratza da, hodeitsua, korapilatsua. Zeinahi garaitan, zeinahi adinetan. Kexak? Zertarako? Bidea mingarria eta latza izan arren, eutsi egin beharko genioke. Erortzean, berriro jaiki, eta errenditu… Errenditu? Ez. Inola ere ez. Errenditu sekula ez. Hori da Bilbo Samurai. Horiek beharko genuke guk. Bihotz makalduak, askotan akituak… baina egoskorrak, biziak eta errendiezinak.
Hori kontatu nahi nuen Bilbo Samurairen historia sortzean. Bide malkartsu baten istorioa da, sasiz eta oztopoz betea. Baina Bilbok ez du amore eman nahiko. Euskarri duinei heldu nahiko die. Adiskidetasunari. Irmotasunari. Umoreari. Tennysonek zioen moduan, jarduteko, bila ibiltzeko, aurkitzeko eta, batik bat, inoiz ez errenditzeko.
2.-Nondik dator Bilbo Samurairen ideia?
Beti erakarri izan naute burua makurtzen ez dutenek. Inguratzen gaituzten forma guztietako kateak gorabehera, libre izatea erabaki dutenek. Horrelakoak ziren nire barruko mapa asko osatzen zituzten pertsonaiak (liburuetan, komikietan, filmetan…). Ez ziren inola ere antzekoak: Kixotetik hasi eta Conan-enganaino tarte ederra dago. Baina pertsonaia horiek guztiek dute askatasunerako joera handia, eta duintasun-kode zorrotza.
Bilbo Samurairi dagokionez, esango nuke betidanik izan dudala barruan, eta nahitaez azaldu behar zuela, lehenago edo geroago. Ia egin beharreko “bakarra” zen, Michelangeloren moduan, kanpoko harria kendu eta barruko irudia ateratzea.
Nondik? Musak, inkontzientea, txiripa… Auskalo! Hain da zaila sormenaren iturburua deskribatzea! Egun batean hor neukan Bilbo, alboan, bidaide. Eta, pixkanaka, pertsonaia bitxi haren mundua ezagutzen joan nintzen: lurralde birrindua, zakarra eta iluna. Baita misteriotsua eta umoretsua ere. Arriskua, abentura… eta ipar-haizea bezain zorrotza eta librea. Bilbo Samurai hobeto ezagutu nahi nuen, eta bere historia kontatzen hasi nintzen.
3.-“Egun batean, dena normala zen. Betikoa. Ohikoa. Hurrengoan, hainbat itzalaldi egon ziren leku ugaritan. Kexak izan ziren, baina ez zen benetako alarmarik egon, inork ez baitzuen espero hura behin-behineko matxuraren bat baino gehiago izaterik. Handik oso gutxira, industria asko geratu egin ziren, denetariko gailuak, ur-ponpak… Eta, ez bat eta ez bi, dena azkartu egin zen. (…) Zibilizazioaren geruzak begi-kliska bat baino ez zuen iraun”. Hain hurbil dago jungla?
Zoritxarrez, uste baino askoz hurbilago. Gure zibilizazioaren jantziak oso oihal mehea du. Ikusgarria eta koloretsua da, baina animalia basatia dago gure barruan, eta edonoiz azal daiteke eta azaltzen da. Makina bat esperimentu egin dute psikologoek gizakien gizatasuna aztertzeko… eta emaitzak benetan izugarriak dira. Zalantzarik gabe, atearen beste aldean dago jungla. Eta, askotan, atearen bi aldeetan.
Eguneroko erosotasunak kenduko balizkigute… ezer gutxi beharko genuke liburuetan eta filmetan azaltzen zaizkigun jokamolde “apokaliptikoak” ikusteko!
4.-Zibilizazioaren abailtze horrek gizadia puntu zehaztugabean utzi du, baina, azaldu behar izatekotan, oso Erdi Arokoa dela esango nuke. Zergatik?
Gure teknologia eta modernitatea bat-batean galduko bagenitu, zer geratuko litzaiguke? Elektrizitaterik gabe, garraiobiderik gabe… Ez ginateke Erdi Arora itzuliko, baina, neurri batean, hurbilduko ginatekeela uste dut. Ziur asko, herriek eta giza-taldeek txiki samarrak izan beharko lukete berriro, nekazarien eta bidelapurren kopurua ugaritu egingo litzateke…
Pentsa dezagun: behartsua izatea ez da ederra izango, baina askoz gogorragoa izango da aberats izatetik ezer ez izatera igarotzea. Eta hori litzateke gure egoera! Erosotasun asko eta asko izatetik, gutxienekoa izatera… Erdi Aro basati batera itzuliko ginatekeela uste dut. Bai egoera interesgarria idazteko! Hori bai, seguruenez, ez nuke han egon nahiko…
5.-Eta, hala ere, Bilboren garaia zera da: “Inoiz egon ez zena, baina beharbada inoiz izango dena”…
Iragana ez da inoiz bere horretan itzultzen… baina joan ere ez da inoiz joaten guztiz. Bilbok bizi duen garaia, edo Bilbo bera, ez da inoiz existitu. Baina inoiz izan daitezke. Inoiz “itzul” daitezke. Azken batean, Bilboren historia guztion historia da. Bilboren zailtasunak eta borrokak guztion borrokak dira.
6.-Genero nahasketa da liburua. Niri McCarthyren The Road etorri zait burura, Lucasen Star Wars, western filmak, sortaldeko tradizioa, Kixote bera…
Funtsean, gehien gustatzen zaidan generoa abenturazkoa da… baina era guztietako generoak sar daitezke horren barruan. McCarthyren Errepideak edo Cervantesen Kixoteak oso bestelako doinuak dituzte. Muinean, ordea, abentura gisa har daitezke biak. Bietan ere, kanpoko abenturaz gain, indar izugarria du barruko jardunak, barruko bidaiak.
Star Wars, western-ak, sortaldeko lanak… eta era guztietako liburuak eta egileak (Howard, Tolkien, Lem, Dick, Dumas, Conan-Doyle, Sapkowski…), komikiak, filmak, marrazkiak, kantuak... Orojalea naiz. Ahalik eta gehien ikusi, entzun, ukitu, dastatu eta usaindu nahi izaten dut (gero asko ulertzen ez badut ere!). Horregatik, ezinbestean azalduko dira nire istorioetan entsalada horien guztien zatiak eta oihartzunak. Genero eta doinu asko, baina funtsa, oro har, bidaia, ezezaguna, misterioa: abentura! Gure itsaso xelebre hauetan haur begiradaz nabigatzen jarraitzeko.
7.-Erritmo biziko liburua da eta deskribapen gehiegirik ez duen arren, oso ikusgarria da. Filma ezinezkoa da… komikia?
Betidanik izan ditut gogoko komikiak. Izugarri gainera. Mutikotxoa eta nerabea nintzela, irentsi egiten nituen, dozenaka. Garai hartan, oraingoa bezalako beste krisi bat egokitu zitzaigun, eta, beharbada horren ondorioz, orduko liburu eta komiki asko ilunak ziren, gogorrak, beltzak. Horrelako zenbat istorio “apokaliptiko” edo “antiheroiko” bizi izan nituen gaxtetan! Oesterheld, Pratt, Sommer, Wood, Trillo, Segura… Gidoilari bikainak iruditzen zitzaizkidan (eta zaizkit!).
Bilbo Samurai, nire baitan, ez dakit zenbat dimentsiotako komikia balitz bezala sortu da. Logikoa litzateke, orduan, urteetan gozatutako komikien doinuak, erritmoak eta musika barruan geratu izana, eta istorio hauetan islatu izana.
8.-Liburuaren amaiera zabalik utzi duzu… Itzuliko ote da Bilbo Samurai?
Bilbo Samuraik konkistatu eta seduzitu egin ninduen. Nire barruan, Bilbok abentura bila jarraitzen du, eta jadanik hasi naiz haietako asko zirriborratzen. Itzuliko da? Hari buruz gehiago idatziko dudala ez daukat dudarik. Beraz, argitaratzen jarraitzeko bezainbeste gustatzen bazaie irakurleei, nigatik batere arazorik ez! Alderantziz. Bilbo hobeto ezagutzen segitzeko irrikitan nago.
9.-Egunen batean, zeinahi lekutan, zeinahi tokitan, zeure / burua aurkituko duzu ezinbestean, eta hori, soilik hori, / izan daiteke zeure ordurik zoriontsuena edo garratzena. Pablo Nerudaren hitz hauekin amaitu duzu liburua…
Bilbo Samurai egunero prestatzen da. Egunero zailtzen da, egunero entrenatu. Eta, hala ere, beti dago zalantza. Nahikoa izango da? Egun batean, bere burua aurkitu beharko baitu, Nerudaren poesian esaten den bezala, eta, beharbada, ez du aurkituko uste eta nahi zuena.
Zergatik poesia hori liburuaren bukaeran? Bukaera oro beste hasiera bat delako. Inoiz ez dugulako jakingo zer dugun, duguna erakustea egokitzen zaigun arte… eta orduan berandu izan daitekeelako. Baina, zorte apur batez, ez beranduegi. Horregatik jarraituko du Bilbok. Erori ondoren, jaiki egin nahi izango duelako.
|