Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

Azala Seximenduz.jpg

(Liburuaren hasiera)

SEXIMENDUZ

Zer arraio egin behar da hemen ligatzeko?


Norentzat

     Norentzat EZ den: serioentzat eta, berez erakargarri izateaz gain, horrekin inolako arazorik ez dutenentzat; horiek ez baitute behar zeruko erreinurik. Amen.
  
   Norentzat BAden: mutilentzat, neskentzat, altuentzat, txikientzat, etsientzat, ameslarientzat, azkarrentzat, motelentzat, beltzentzat, urdinentzat, hemengoentzat, hangoentzat eta zerbait falta zaien guztientzat. Ziur asko, zuretzat.

Sarrera

   (Ez da beharrezkoa, eta lasai asko joan zaitezke hasierara. Ez naiz ibiliko zure atzetik makila batekin hau irakurtzen ez baduzu. Zeuk ikusi.)
  
   Eskolaz eskola ibiltzea egokitzen zait askotan. Urte batzuk joan dira neu ere horrelakoetan ikasle ibili nintzenetik, eta, noiz edo noiz, zenbait gauza izugarri aldatu direla iruditzen zait.
   Arreta apur batez begiratzen dudanean, ordea, konturatzen naiz hainbesterako ere ez dela. Oraingo nerabeen ametsak eta beldurrak eta guk geneuzkanak oso antzekoak dira funtsean.
   Berdin-berdinak ez esatearren.
   Garai hartan (gurean), bihotzarena zen min handiena egiten zidan mundua, eta beste hainbeste ikusten nuen inguruko askorengan. Gero, ordea, urteen joanean, badirudi lotsatu egiten garela lañotasun hartaz. Ez dugu gogoratu nahi zenbat "tontakeria" esaten (eta egiten) genituen, eta zer-nolako garrantzia zeukaten guretzat orduan.
   Orriotan, garai hura abiapuntu hartu eta betiko irauten duten mundu horiek aztertu nahi izan ditut. Zer gerta daitekeen (eta gertatzen den) margotu.
   Ahalik eta errealisten izaten ahalegindu naiz, eta nire inguruko zenbait lagun (neskak eta mutilak) masakratu egin ditut luzaroan, guztiok izandako arazoen eta oztopoen sailkapen bat egin nahi nuela eta. Txantxa-gida sentimental moduko bat osatu nahi nuen.
   Kontuz, ordea, ez dut txantxa hitza aipatu pasarteok asmatuak edo txantxetakoak izan daitezkeela iradokitzeko. Ezta gutxiagorik ere. Txantxa hitza erabili dut errealitatean absurdoa eta paradoxa delako nagusi. Ez dagoelako merezi duen errealitaterik txantxarik gabe.
   Kontuak kontu, liburu honetan txantxa-gezur gutxi dago. Oso gutxi. Tori aitorpen bat: liburu osoan, pasarte bakarra dago benetako bizipen batean oinarriturik EZ dagoena. Bakarra. Egin apustu, nahi baduzue (nik ez dizuet esango zein den).
   Bi mutil erabili ditut pertsonaia nagusi gisa, eta, sinesgarritasunaren bila, ez naiz lotsatu idazteaz beharrezkoa iruditzen zitzaidana eta beharrezkoa irizten nion moduan. Ironia eta lerroarteak irakurtzen dituenak gehiago goxatuko du, zalantzarik gabe.
   Baita besteek ere, ordea. Liburu honek, ziur asko, zutaz ere hitz egingo baitu. Ondo baitakizu zure oskolen eta maskaren atzean ezkutatzen duzun pertsonaia horren (zeure) ibilbidea zentzugabea, eroa eta mingarria dela. Eta izan dela. Ondo baitakizu, halaber, suak behar dituzula.
   Nahikoa da, ordea. Gehiegi luzatzen ari naiz.
  
   Laburtzeko: begirada batean inoiz trabatu ez bazara, ahots baten doinuak dardarka utzi ez bazaitu sekula, edo irribarre bat ikusteagatik erreinu bat konkistatzeko edota oparitzeko prest egon ez bazara, utzi liburu hau. Ezer gutxi esango dizu.
   Horrelako zerbait bizi izan baduzu, bospasei orrialde irakurri. Gogokoa baduzu, jarraitu. Bestela, ez izan tontoa: bota leihotik eta aprobetxatu hobeto denbora.

                                               Fernando Morillo

 

INTROITO: GAUA

(Argia etorri bitartean)

  
             1- Mehatxuak
  
     —Eta hi laguna al haiz? —lehertu zen Unai—. Joan hadi porkulo hartzera, Aitor. Aditzen al duk?


Ikusi NIRE IRUZKINA
Atzera

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!