Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

 

(Liburuaren hasiera)

Marko panpinak trapuzko amets


Azala eta lehen kapituluak pdf gisa ikusteko, irudi eta koloreekin, sakatu hemen


1. Markoren begi bakarra

   Marko panpina zen. Trapuzko panpina, txikia, gorria eta irribarretsua.
   —Marko, ipuin bat kontatuko dizut —esan zion Estik—. Ilargia itsaso zabal bat zenekoa. Nahi duzu?
   Eta Estik bitxilorez, limoi-gozokiz eta lagun-minez beteriko istorioa oparitu zion panpinari.
   Lagun-minak ziren Marko eta Esti.
   Marko, esana dugu, panpina zen. Txikia. Irribarretsua. Gorria. Txapel urdinduna.Bazuen bestelako bereizgarri txiki bat, gainerako panpinen desberdina egiten zuena: Markoren ezkerreko begia beltza zen, biribila eta distiratsua. Eskuinekoa berriz… Markok ez zuen eskuin-begirik! Kontuz, ez joan azkarregi eta ez hartu penarik. Panpinak ez zekien arren, hutsune horrek inoizko abenturarik handienera eramango zuen eta. Laster gainera.
   Baina, lehenbizi, Esti ezagutu behar dugu.
   Estik zortzi urte zituen, begi urdin-urdinak, barre bihurria eta bihotz dantzaria. Katakume jostari baten moduan ibiltzen zen beti neskatoa, izkina ilun honetatik lokatzez beteriko putzu hartara. Hau ikusi, hura dastatu eta bestea ukitu nahian.
   Estiren etxean bizi zen Marko.
   Estiri Ilargi isilari begira egotea gustatzen zitzaion. Bere logela berdeko leihoaren alboan esertzen zen, Marko altzoan zuela, eta ipuinak kontatzen zizkion panpinari. Munduko ipuin xume, misteriotsu eta barre-nahi guztiak.
   —Beste ipuin bat nahi duzu? —galdetzen zion Estik.
   Eta Markok, panpina gehienen modura, ez zion erantzuten. Baina kieto, ez pentsa lotsagabea eta txuloa zelako egiten zuenik. Bai zera. Marko zuek guztiak baino lotsatiagoa zen! Kontua da panpinek ez dutela gizakiekin hitz egiten.
   Normalean behintzat.
   Zuei inoiz hitz egin dizue panpina batek? Bejondeizuela, orduan. Loteria guztiak tokatzea baino zailagoa da hori. Eta dibertigarriagoa!
   Baina goazen berriro Marko eta Estirekin.
   Markok ez zion erantzuten neskari. Hala ere, Estik kontatutako lurralde magiko haiei buruzko istorioak entzutean, sekulako barne-pozak hartzen zuen. Zenbat istorio! Pirata bizar-luzeak eta zaldizko herrenak eta oliba koloreko dragoiak imajinatzen zituen Markok, eta, orduan, su gori moduko bat sortzen zen bere baitan. Sutondo zaharraren alboan zegoenean bezala ia.
   Markori azkar baino azkarrago joaten zitzaion denbora Estiren alboan zela. Adiskide onekin orduak labur!


2. Peru hartza

   
   Panpinak kontuz eta ezkutuan ibiltzen dira, inguruan gizakirik ez badute. Horrela joan zitzaion Marko Peruri, bere trapuzko hanka-punten gainean isilka-misilka.
   —Peru! —deitu zion Markok—. Peruuuu!
   Peru peluxezko hartza zen, marroi-beltza kolorekoa eta logelako aulkia bezain altua.
   —Peru, zerbait bitxia gertatzen zait —aitortu zion Markok—. Sentitu ezin dudan zerbait sentitzen dudala uste dut.
   Peluxezko hartzak ingurura begiratu zuen, inguruan gizakirik ez zela egiaztatzeko. Bakarrik zeudela ikusi zuenean, barre egin zuen. Hartzen barre ozena: KAR-KAR-KAR!
   —Hara bestea! —atera zitzaion Peruri—. Zuk ezin duzu sentitu sentitu ezin duzuna, Marko. Horrek ez dauka bururik, ez buztanik. Eta, gainera, nahasgarria da.
   —Ez dakit ba. Estik ipuin bat kontatzen duenean, haren ahotsa entzutean, barrua piztu egiten zait. Eta gaua noiz iritsiko zain egoten naiz, Estiren altzoan egoteko, eta haren ipuina entzuteko.
   Peruk bere peluxezko muturra zimurtu zuen.
   —Mmmm —esan zuen hartzak—. Mmmm. Ipuinak entzutea gauza ederra da, hori ez dizut ukatzen.
   —Bai, baina Estiren lagunen batek kontatzen dituenean ez naiz horrela jartzen. Gustura egon bai, baina ez naiz pizten. Estiren ipuinekin bakarrik sentitzen naiz horrela. Zergatik?
   —Mmmm… Bitxia da —onartu zion Peru hartzak—. Epeltasuna sentitzen duzula diozu?
   —Bai. Eta, askotan, Estirekin egotea baino ez dut nahi. Hori ona al da?
   —Mmmmm… Harrigarria. Horrelakoak gizakiengan baino ez ditut ikusi. Inoiz entzun dut bihotza dutelako gertatzen dela hori. Baina zuk ez daukazu bihotzik.
   —Trapuzkoa naiz —esan zuen Markok penaz—. Baina zu ere berdintsua zara.
   —Beno, bai. Peluxezkoa.
   —Eta ez zaizu inoiz horrelakorik gertatu?
   —Gizaki batekin piztea? Barruak epel sentitzea? Ez. —Peru hartzak berriro zimurtu zuen muturra. Asko pentsatzen zuenean gertatzen zitzaion hori—: Ba al dakizu zer uste dudan?
   —Zer?
   —Zuk begi bakarra duzu —esan zion Peruk.
   —Bai.
   —Beste panpina guztiok bi ditugu.
   —Hala da.
   —Ba, horregatik izango da: begi bakarra duzunez, ezin duzu guk bezain ondo ikusi, eta zenbait gauza nahasi egiten dituzu.
   Marko txokora itzuli zen, burua makur eta adorea sasi guztien azpitik zuela.
   Peru hartzak zioena egia gordina zen: Markok begi beltz, biribil, distiratsua eta polita zeukan. Baina bakarra. Bakarra baino ez. Horregatik al zen? Horregatik ezin zituen ondo ulertu jendea eta beste panpinak eta barruko epeltasunak?
   Marko trapuzkoa zen, baina bere baitan sentitzen zuen mina ez zen oihalezkoa, metalezkoa baizik. Labana hotz baten modukoa. Batez ere, Estiren aitak Txuri txakurtxoa ekarri zuenetik aurrera. Txurirekin dena aldatu zen. Okerrera aldatu ere.

3. Txuri opari

   
   Estiren aitak Gontzal zuen izena, eta parkeko nekosta-zuhaitzak bezain altua eta zuzena zen.
   —Estitxu, opari bat ekarri dizut —esan zion aitak, irribarrez.
   Esti lasterka joan zen ikustera.
   —Txakur txiki bat! —oihukatu zuen neskak, alaitasuna barruan ezin gordeta.
   —Txuri deitzen da.
   —Ulertzekoa. Zuri-zuria da eta.
   Marko panpinak mesfidati begiratu zion Txuri txakurtxoari. Haren ile leunak gorputz osoa hartzen zion, eta kotoizko bola baten antza zuela iruditu zitzaion panpinari. Edo gomazko puxika puztu baten itxura. Txakurtxoa bigun-biguna eta jostaria ere bazela onartu behar zuen Markok.
   Eta, beste edozer gauzaren gainetik, bi begi zeuzkan, eta biak beltz eta distiratsuak.
   Gau hartan, Estik Txuri jarri zuen altzoan, eta albo batean utzi zuen Marko.
   —Entzun, Txuri —esan zion neskatoak—. Ipuin eder bat kontatuko dizut: izarrek distira egiteari utzi zioteneko gauari buruzkoa.
   Txurik buztan txikia mugitu zuen, firi-fara, firi-fara.
   Eta Markok txokoan bazterturik entzun zuen ipuin osoa.
   Bai gozoa Estiren ahotsa.
   Bai zoragarria orduantxe jaiotako ipuin miragarri hura, izarrek distira egiteari utzi ziotenekoa.
   Bai sakona Markok barruan sentitu zuen eztena.
   —Begi bakarra daukat —xuxurlatu zion Markok bere buruari—. Eta Txurik bi ditu. Oso politak gainera. Nik gutxiago ikusten dut, horregatik ez dut ezer ulertzen. Horregatik iruditzen zait sentitu ezin dudana sentitzen dudala.

4. Txangoa itsaso albora!

   
   Estiren ama Itsaso deitzen zen, eta txantxangorriak bezain alai zebilen beti. Ile hori-horia zeukan, eta batzuetan eguzkiak adina distira egiten zion. Markok oso gogokoa zuen emakume hura. Itsaso etengabe ahalegintzen zen alabari laguntzen, askotan Esti horretaz ohartzen ez bazen ere. Marko bai, ordea. Marko konturatzen zen, eta primeran zekien Itsaso aingerutxo zaindari bat baino hobea zela ama gisa.
   Txuri txakurtxoa etxera iritsi eta handik astebetera, egundoko irribarreaz sartu zen ama Estiren logelan.
   —Esti, txango dibertigarri bat egitea pentsatu dugu.
   Esti erdi-logaleturik zegoen, baina, «txango dibertigarri» entzun orduko, segituan esnatu zen.
   Neskatoaren begi urdinak izugarri zabaldu ziren. Markori bi Ilargi iruditu zitzaizkion.
   —Nora joango gara? —galdetu zuen Estik, txintxirrin bat baino kontentuago.
   —Itsasoaren alboan dagoen etxe erraldoi batera. Asteburu osoa.
   Itsasoa, pentsatu zuen Markok. Ederra!
   Trapuzko panpinak ez zekien igeri egiten, eta beldurra zion ur handi eta azkengabe hari. Baina olatuen oihartzunak sentsazio gozoa uzten zion barnean. Eta hain zen ederra izarrak itsasoan islatzen ikustea…
   Estiren amari ere, asko gustatzen zitzaion itsasoa. Ziur asko, horregatik jarriko zioten izen bera: Itsaso. Edo, beharbada, izen hura zeukalako gustatzen zitzaion itsasoa. Auskalo! Nolanahi ere, Itsasok itsasoa maite zuen. Eta, horregatik, askotan joaten ziren kostaldera.
   —Oso ondo! —atera zitzaion Estiri, txalo txiki batzuk jotzen zituela—. Txuri eraman dezaket? Horrela, ipuin pila bat kontatuko diot han!
   —Eraman —onartu zion amak.
   Marko isil-isilik geratu zen. Zer esan zezakeen egoera hartan?
   Zorionez, Esti gosaltzera joan zenean, Itsaso eta Gontzal, Estiren gurasoak, alabaren logelan sartu ziren.
   —Zergatik ez dugu Marko panpina ere eramaten? —galdetu zuen aitak.
   —Ideia ona. Estik beti eraman du Marko gainean. Askotan, panpinari besarkatuta egin behar izan du lo. Badaezpada, hartu egingo dugu.
   Markok, kontu handiz, irribarre egin zuen. Egundokoa. Zeru osoa bezain handia eta ortzadarra bezain koloretsua. Berak ere Estiren ipuin haiek guztiak entzun ahal izango zituen!
   Nahiz eta…
   Nahiz eta Estiren altzoan Txuri txakur txikia, zuria eta leuna egongo zen.

 

Azala eta lehen kapituluak pdf gisa ikusteko, irudi eta koloreekin, sakatu hemen


Atzera

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!

Kontaktua / Contacto: fernandomorillo2@gmail.com - fernando@gaumin.com