
(Liburuaren hasiera)
Leonardoren hegoak
Etorri ertzerantz, esan zien.
Haiek erantzun: beldur gara.
Etorri ertzerantz, esan zien.
Haiek erantzun: beldur gara.
Etorri ertzerantz, esan zien.
Hurbildu egin ziren
Hark bultza egin zien… eta hegan egin zuten.
Guillaume Apollinaire
Bizitza estimatzen ez duenak ez du hura merezi
Leonardo da Vinci
0. Gaztea izatea lanbide krudela da
Ni, nire familia eta poeta pare bat
Gaztea izatea, diotena diotela ere, lanbide krudela da. Ez naiz hasiko arrazoiak azaltzen edo maisuarenak egiten. Gaztea bazara, badakizu zer esan nahi dudan. Ez bazara, ikusitakoak ikusita, honezkero sinetsaraziko zenion zeure buruari ez zela hainbesterako ere izan.
Une honetan, hamabost urte dauzkat. Hau da, ederki puteaturik nago. Goizegi da neure burua engainatzeko. Oraindik ezin naiz jarri komeni zaidan guztia ahaztera, batez ere nire oroimenak tira egiten didalako, zera baino hutsago baitaukat.
Oreka aurkitu behar dut, nire barrua nola edo hala betetzeko, eta ahal dudan leku guztietan bilatzen dut. Lehenik eta behin, neure buruarekin zintzoa izatea erabaki dut. Izan ere, zerez egina nagoen jakin nahiko nuke. Eta nork ez, ezta? Horra hor koska: nire mapak puska zuri gehiegi ditu, eta etengabean iristen zaizkit aholkuak eta irakaspenak, eta ez ditut nahi eta ez didate ezertarako balio. Amorrarazteko ez bada behintzat.
Kaka mokordo bat, alegia.
Bizitzeko sekretua egia ez esatean badatza, orduan primeran antolaturik dago bizitza deritzon txosna madarikatu hau. Ni pixka bat galdurik nabil, egia da, nahiz eta, zorionez, batere gaizki moldatu ez hitzekin. Pentsatzen dut horrek ezkutatzen lagunduko didala, baina irrika handienaz espero dut, hala ere, komedia hau guztia horixe ez izatea: ezkutatzea eta itxura egitea.
Ezetz sinetsi nahi dut, batzuetan hegan nabilela amesten dudalako. Amesten dut pozez egiten dudala negar, kiskaltzen ez nauen eguzki baterantz hurbiltzean. Eta ez, ez naiz ari erlijioaz edo mozkorraldi arraroren batez. Nola esango nuke? Umetan, irakurtzen ikasi nuen lehenbiziko aldian sentitu nintzen bezala-edo da. Liburuetako istorio haiek guztiak eskura! Nola azal diezaiokezu horrelakorik inoiz bizi izan ez duenari? Nola deskribatu itsu bati ortzadar batek zeharkatutako zerua? Ezin dut!
Kontatzen hasita, seme bakarra naizela esaten hasi nintekeen. Alegia: familiagatik hasi nintekeen. Diotenez, itsas-ibilaldia ona denean, familia euskarria da, edozeri eusten dion zutabe sendo bat. Beharbada. Nik ez dakit. Nire gurasoek eraiki zuten ontziak hamaika zulo ditu txoko guztietan. Eta niri, jadanik, bost axola zait zer duten esku artean, nolako mespretxuak egozten dizkioten elkarri, edo zenbat plater jaurtitzen. Egin dezatela nahi dutena beren bizitzarekin, baina ez niri adarrik jo, mesedez.
Uste dut gogoratzen dudanetik ari direla dibortziatzen. Zer uste dute, ez naizela ohartu? Lerdoa naizela pentsatuko dute. Mezu mingarri eta lapsus maltzur horiek guztiak, eta kontserba-ontzi herdoildu batean bezainbesteko grina. Orain, gainera, urrutira bidaltzen naute, beren miseriaren lekukorik ez edukitzeko. Helduak direla sinesteko, eta lasai eta maitasun osoz iraintzeko aurpegira. Egia esateko, nahiago dut hori, ni aitzakia maneiagarritzat hartzea baino. Utz dezagun horrela.
Ados, ados: puntu eta bereiz!
Amaitu da. Hemendik aurrera, ez dut horretaz gehiago hitz egingo. Istorio askoz interesgarriago batzuk dauzkat kontatzeko. Beraz, ez ezazuela pentsa tipo samina naizela, eta zorigaitz bat bestearen atzetik zerrendatuko dizuedala. Baita zera ere!
Nire txalupatxoa ekaizpean dagoen gar txiki baten modura dardaratzen bada ere, zorte handia daukat: batere ugari ez diren bi aterpe ezagutzen ditut. Bi aterpe horiek, zehatzak izateko, bat eta bera dira egiazki: bi lagun, bizitzaren benetako maitaleak, merezi duten poetak (bai, bai: badira, badira!).
Eskerrak haiei, ustez begiratu behar den moduan begiratzen irakatsi didatelako. Haiengatik dakit egunen batean hegan egiten ikasiko dudala, eta kiskaltzen ez duen eguzki erraldoi horretan bainatu ahal izango naizela.
Eta honekin amaitzen dut hitzaurrea, eta benetan hasten naiz. Bada garaia eta.
Atzera