Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

 

(Liburuaren hasiera)

Izuaren Pasabidea

1. Eternoa

   
    Anais izua zen. Ikara zen. Eta mina.
    —Itziar.
    Itziarrek Anaisen takoi-hotsa entzun zuen hurbiltzen, egongelako beste ertzetik.
    —Itziar!
    Hotzikara batek zeharkatu zuen Itziar. Ondo ezagutzen zuen tonu izoztu hura.
    —Hemen, Anais, hemen nago!
    —Berriro probatuko dugu.
    Itziarrek dardarka sentitu zituen eskuak. Elkartu egin zituen, disimulatzeko.
    —Probatu… dena?
    —Odola, hilketa… Dena —esan zion Anaisek—. Gero, Izuaren Pasabidea. Eta azkenik, azkenik…
    Itziarrek bere kemen guztiaz gorroto zuen deabru hura. Neskatxa zirudien deabru hura.
    Anais.
    Itziarrek panikoaren hazia usaindu zuen bere baitan. Berriro. Berrogeita hamar urte zituen jadanik. Berrogeita hamar urte… eta ia oso-osoak Anaisen zerbitzari eta esklabo.  
    Baina zer zen Anais? Banpiro eme gupidagabea? Sorgin odolzalea?
    Zer arraio zen?
    Anaisek barre egin zion. Bere belus beltzezko tunika astindu zuen, eta iluntze-koloreko begiak piztu zitzaizkion. Atzeraka bota zuen txano iluna.
    —Oraingoan lortuko dut —esan zion Anaisek, begietara mespretxuz begiratuta.
    Gaztetxoa zirudien, apur bat siniestroa eta gautsua, baina nerabe arrunt-marrunta, azken batean. «Dohakabea hala uste duenak!», pentsatu zuen Itziarrek. «Bai deskuidu latza!»
    Anais ez baitzen gaztea. Ezta zaharra ere. Are gutxiago arrunta. Edo errugabea.
    Anais… eternoa zen. Urtaroak eta egutegiak igarotzen ziren bitartean, Anaisek ikatz koloreko tunikarekin jarraitzen zuen, haritzezko adar bat baino zuzenago, ipar-haizea bezain hotza. Eta tona bat amorru kiskalgarri barnean. Eternoa.
    Inoiz zahartu gabe.
    Laurehun urte zeramatzan kontinentez kontinente, bila. Botere-iturri baten bila. Laurehun urte!
    Itziarrek bere ile zuria jaso zuen esku batez. Ia agure batena zen eskuaz. Ilea ere hain zuria, hain eskasa… Berez zena baino zaharragoa zirudien. Beldurrak azkar zimeltzen zuen. Urik gabeko arrosa baten modura.
    —Anais, pentsa ezazu apur bat —esan zion emakumeak—. Esamesak hasi dira. Herri osoan. Zure ikaskideek…
    Anaisek harrizko begirada batez begiratzen zion.
    —Nik ez dut kiderik.
    —Zure gelako ikasleek orduan. Beldur dizute. Baina gero eta jakin-min handiagoa dute. Harrapatu egingo zaituzte, Anais. Alde egiteko ordua da.
    Anaisek sotora zeraman atea seinalatu zion.
    —Hor da botere-iturria, Itziar. Laurehun urte daramatzat horrelako zerbaiten bila!
    —Itzuli gaitezke arriskua txikiagoa denean. Bost urte barru. Hamar urtetan!
    —Nekatuta nago. Bidaiatzeaz, ihes egiteaz. Herriz herri. Hotza, mina… gosea! Entzun duzu orroa? Nire sabela da. A ze txerrikeria. Pertsonak kontrola ditzaket, hutsetik su suntsigarria sor dezaket… baina ez janaria. Txanponak behar ditugu goseak ez hiltzeko! Eta nekatuta nago, Itziar. Nekatuta.
    —Ba pentsa ni! Zu ez zara zahartzen, Anais. Zure esklabo bihurtu ninduzunean, ni neskatxa nintzen. —Emakumeak bere ilera eraman zuen esku bat—. Nire lau ileak zuri-zuri daude, eta arima zimurtuta. Hogei urte zaharragoa ematen dut, eta bere bizitza bizi ez duen emakumea naiz. Noiz utziko nauzu libre? Ez esan, ez esan. Badakit. Ezinezkoa da.
    —Zutaz ere nekatuta nago, Itziar. Aspertu egiten nauzu. Ausardia ahaztu ez duen norbait bakarrik behar dut. Ausart bat!
    —Aurreko mutikoa… Bi hilabete baino ez dira mutiko hura zoratu zela.
    —Danel?
    —Erabat galdu zuen burua, Anais! Hori errepikatu nahi duzu?
    —Danel ez zen behar bezain ausarta izan.
    —Mutil gaztea zen, ene! Ezin duzu inor sartu berriro infernu horretan. Goazen hemendik mila kilometrora.
    —Hau da lekua eta hau da unea, Itziar. Utzi tontakeriak. Ixo behingoz.
    —Zure ama…
    Anaisen begiak pizten ikusi zituen Itziarrek. Emakumea segituan damutu zen bere mingaina geldirik izaten ez jakiteaz. Neskaren ahotsa trumoi bihurtu zen:
    —Ez aipatu nire ama! —oihukatu zuen Anaisek—. Ez aipatu inoiz nire ama, ulertzen?
    Itziarrek mila volt-eko korronte elektrikoa sentitu zuen gorputzean barrena. Kolpetik erori zen lurrera, dardarka. Anaisen boterea hauteman zuen bere haragian sartzen, ukitu ere egin gabe. Nerbioak zapaldu zizkion, eta emakumeari garrasi luze bat atera zitzaion.
    Itziarrek begiak itxi zituen. Bere buruari heldu zion, orro txikien artean. Anaisek berriro zanpatu zizkion barruak, eta emakumeak bere hankak besarkatu zituen, zer eginik ez zeukala jakinda.
    Oihukatzen jarraitu nahi zuen, baina jada ezin zuen. Ahotsa eztarrian hil zitzaion. Ahoa aparrez beterik zuen, eta espasmoka jarraitu zuen, oinazez iraulkatuta.
    Minaren minez, pixa egin zuen gainean.
   
   

2. Kilker arra 

   
    Paradisua.
    Ja!
    Gotzon Alberbidek tiraldi azkar batez txukundu zuen esmokina. Iluntzeko bederatziak laurden gutxi. Hamabost minutu falta ziren Xabin laguna azaltzeko. Parkeko bazter batera joan zen itxarotera. Ardi beltza zelako. Ardi beltz potoloa.
    Lehen, zortzi urte zituela, Gotzon sinetsita zegoen paradisua gaztaroan ezkutatzen zela. Gaztaroa zelako heldua izaten hasteko lekua, baina artean zaharra izan gabe (alegia, hogeita bost urte azpitik edo): gurasoei azalpen tontorik eman beharrik ez edozertarako, Lur planetako mapa guztietatik desagertu ahal izatea inork poliziari deitu gabe, safari-kotxeak pilotatzeko aukera, fantasia eta erokeria guztietarako libre, erantzukizun gogorregirik ez… Eta neskak? Baina berari oso gutxi hurbiltzen zitzaizkion neskak. Eta bera ere ez zen askorengana hurreratzen. Laurarengana bakarrik… eta hori lehen. Anais madarikatu hark dena nahasi aurretik.
    Ez, gaztaroa ez zen paradisua. Batez ere, ardi beltzentzat.
    Berriro txukundu zuen esmokina. Sabel-handia izango zen, hura ezin zuen ezkutatu, baina dotorea ere izan nahi zuen. Horregatik janzten zituen halako jakak ahal zuen guztietan.
    Hego hotsa entzun zuen.
    «Hontza», pentsatu zuen.
    Gotzonen afiziorik handiena animaliak ziren. Animalia gehienak ezagutzen zituen, eta baita haiei buruzko hamaika kontu ere.
    Hontza ikusi zuenean, mutilak sakelako telefonoa atera zuen, bideoan grabatzeko. Huraxe nahiko luke: animalien erreportajeak egitea inoiz. Horregatik deitzen zion Xabin lagunak naturalista. Izadian galduta, animaliak ikertzen eta haiekin komunikatzen… Esmokina zikindu beharko zuen arren. Moldatuko zen.
   
    KONTUZ!!!
   
    Arazoak.
    Olga ikusi zuen parkearen beste aldean. Olgaren atzetik, nola ez, haren borroka-txakurrak: Lazaro eta Ximen. Bi mutil babo eta liskarzale. «Bikiak.»
    Gotzonek ezkutatzen asmatu aurretik, Olgak ikusi egin zuen. Berarengana jo zuten zuzenean.
    Akabo bakea.
    Olga elastiko koloredunen neska zen. Altua, katu-eme ibiltankeraduna eta harroa. Praka estuak, niki estua, buruko zinta urdina. Urdina eta estua. Izaera ere estua. Inguru osoko erregina zela sinetsita zegoen. Lehen behintzat, harik eta Anais beltza, Anais neska demonioa herrira iritsi zen arte, Olgari ospearen koroa lapurtzera.
    Orain, Olga amorrutan zen, bere leku berria bilatzen. Gotzon ofentsa sorta bat jasotzeko prestatu zen, defentsan bere armarik onena erabiliko bazuen ere: umorea. Ona edo txarra, baina umorea.
    —Egun on, patata zaku —jaurti zion Olgak.
    Neskak gerrian jarri zituen ukabilak, askotan egiten zuen bezala.
    —Superman ematen duzu, Olga —esan zion Gotzonek.
    —Zer?
    —Supermanen postura hartzen duzu askotan. Hankak zabalduta, besoak hazta eginda. Ez dizute inoiz esan?
    Bikiek elkarri begiratu zioten, irribarretsu, laster astinalditxo bat emateko aukera izango zutela iritzita.
    Lazaro metro eta erdi eskas zen luzean, eta tik urdurigarri bat zuen ezker begian. Itxi, ireki, itxi, ireki. «Kotxe bateko argi keinukaria balitz bezala», pentsatu zuen Gotzonek. Ximen, berriz, bi metrotik hurbil zen, eta fideo bat bezain argala.
    Biak Gotzon bezain ardi beltzak, baina ai, Indarraren Alderdi Ilunean eroriak. Beti elkarrekin zebiltzan Lazaro eta Ximen, eta norbaitek, txantxan, bikiak deitu zien behin. Sarkastikoki. Sudurra puskatu zioten kolpeka, baina izena bere egin zuten.
    —Ez al duzu esmokina ez den beste txaketarik? —aurpegiratu zion Olgak—. Ez al dizu lotsarik ematen? Erridikulua zara.  
    —Ni naiz.
    —Diooos, ze tipo xelebrea. Entzun, bola, xelebre edo ez, hamar euro behar ditut.
    Gotzon handia zen… baina motela. Panda hartz baten modukoa. Eta batere borrokazalea ez. Berak zekien eta besteek zekiten.
    —Ez dut ulertzen —esan zuen Gotzonek.
    Besteetatik, Olgak bakarrik hitz egiten zuen. Bikiek neskak esana besterik ez zuten egingo.
    —Zer ez duzu ulertzen? —esan zion neskak—. Hamar euro. Bat, bi, hiru… hamar.
    —Ulertzen ez dudana da zergatik maite nauzun hainbeste.
    —Maite? Nik?
    —Duela hilabete gutxira arte, ez zenidan kasurik egiten. A ze tragedia! Baina orain, egun batean eta hurrengoan etortzen zara nigana zure bi laguntxoekin. Bitxia da. Zer gertatzen zaizu, maitea? Ezin zara ni gabe bizi, baina ez zara aitortzen ausartzen?
    Gotzonek burua jaso eta airea usaindu zuen, sudurra alde batera eta bestera mugituta. Arratoi baten modura.
    —Perfumea jarri duzu niretzat! —esan zion Gotzonek. Mutilak karkara egin zuen—. Bazenekien kilker ar indartsuenek ozen kantatzen dutela?
    —Ez zaude batere ondo burutik, badakizu? Eta jipoi eder bat bilatzen ari zara. Hamar. Ha-mar-e-u-ro. Bakarrik. Edo zure xerrak mozteko eskatuko diet bikiei.
    —Aldiz, kilker ahulenek —jarraitu zuen Gotzonek—, edo koldarrenek, lurrina erabiltzen dute. Perfumatu egiten dira.
    —Perfumatu?
    —Emeak erakartzeko.
    —Kilkerra naizela esaten ari al zara? Kilker arra?
    —Kilker arra ez. Koldarra. Kol-da-rra.
    Olga Gotzonengana hurbildu zen, gero eta haserreago. Bultza egin zion.
    —Azken aldiz —esan zion neskak—. Hamar euro nahi ditut. Euro bakoitzeko segundo bat duzu. Bat, bi…
    Gotzonek txukun jarri zuen esmokina.
    —Neska perfumatu bat eta bi mutil puska, mutil potolo baten eta esmokin baten aurka. Bai. Justua dirudi.
    Olgak berriro egin zion bultza, jadanik bere onetik urrutiratzen hasita.
    —Zuk nahi izan duzu. Lazaro, Ximen, entzun duzue? Koipe-bola handi honek ez digu gure dirua eman nahi. Hartuiozue, eta gero… txaketa kendu, eta baita beste guztia ere. Larru gorritan utzi ezazue. Hori nahi duzu? Koskortxoak airean. Ea horrela txantxetarako gogoz geratzen zaren.
    Bikiek aurrera egin zuten, aho maltzurrak irribarrez. Ukabilak itxi zituzten.
    Gotzon beste txantxaren baten bila aritu zen bere barruan. Ez zitzaion ezer bururatu.
   
   

3. Ene, gaixoak

    Itziarrek esku bat altxatu zuen lurretik.
    —Bar… barkatu, barkatu, Anais! —lortu zuen esatea—. Ez… ez dut berriro aipatuko… zure ama. Ez dut aipatuko! Baina atera nire barrutik, mesedez. Atera!
    Anaisen sakadura arindu egin zen.
    —Presta zaitez —esan zion tunika belzdun neskak—. Mutil bati erreparatu diot. Institutuan dago. Zuk haren gurasoak erakartzea nahi dut, liluratzea. Badakizu zer egin behar duzun. Gero, mutila bera ekarriko duzu hona. Hurbiletik aztertu nahi dut.
    Itziar jaiki egin zen, begirada lurrari itsatsita. Gona pixa beroz melaturik zuen.
    —Ados.
    —Ama maitekorrarena egingo duzu berriro. Atsegina izango zara, eta apur bat neurotikoa. Etorkizuna igarriko diezu, tarot kartez, kristalezko bolaz… Parafernalia hori guztia. Beste guraso batzuekin ere elkartuko zara, eta nitaz kezkatuko zara. Bota sarea. Erakarri haiek ere. Ahal dituzun guztiak. —Anaisek irribarre egin zion—. Nik alaba problematikoarena egingo dut.
    —Ondo egiten duzu hori.
    Itziarrek sotoko aterantz begiratu zuen auskalogarrenez. Energia epel eta gorria iristen zen handik. Energia-iturri madarikatu haren gunetik.
    Sabel-orro luze bat entzun zuen.
    —Berriro nire tripa —esan zion Anaisek—. Ez ahaztu: eskatu guraso horiei billete eder batzuk etorkizuna jakitearen truke. Etorkizuna… —barre egin zuen—. A ze kaka diruaren kontua. Baina jan egin behar. Ea, garbitu zaitez. Eta garbitu zorua ere. Kristoren txiza kiratsa utzi duzu!
    Itziarrek ahal moduan leundu zuen gona. Askoz errazagoa zen bere duintasuna leuntzea baino.
    —Nola du izena hurrengo biktimak? —galdetu zion emakume ile-zuriak.
    —Ez da biktima. Laguntzailea da.
    —Noski.
    Anaisek kutxatxo urdin bat atera zuen tunikako poltsikoren batetik. Txeraz laztandu zuen, kume bat balitz bezala. Itziarrek bazekien hantxe gordetzen zuela neskato eternoak bere benetako amaren arima… edo zena zelakoa. Oraingoan, ez zuen ezer esan. Badaezpada.
    —Mutilak Xabin izena du —azaldu zion Anaisek—. Bitxia da. Albinoa.
    —Albinoa? Azala eta ilea zuri eta begiak argi duten horietakoa?
    —Horietako albinoa. Odol beltza du, ordea. Afrikako odola. Igual horregatik ematen du ausarta. Igual horregatik izango da. Egiaztatu egin nahi dut. Bihar bertan hasiko zara haren gurasoak lantzen. Txunditu itzazu. Seduzitu. Zuk esandakoa eginaraztera bultzatu. Nik, bitartean, Laura izeneko beste neska bat landuko dut.
    —Landu…
    —Kontrolatu. Zu bezala.
    —Ez duzu nahikoa izango Xabin horrekin?
    —Itziar…
    —Barkatu. Barkatu! Ulertzen dut. Ados. Zure ideia da. Zure mundua. Albino horren gurasoez arduratuko naiz. Xabin esan duzu, ezta?
    —Xabin.
    —Ez kezkatu. Garbitzera noa. Barkatu.
    Itziar pauso arinean urrundu zen, tiki-taka, tiki-taka, bere burutik pentsamendu bat ezabatu ezinda:
    «Gaixoak». Noski, bere baitarako. «Hobe lukete jaio izan ez balira. Edo Anaisek ezagutu aurretik hil balira… Anaisek harrapatu aurretik eta…»
    Berriro astindu zuen burua.
    «Xabin, Laura… Ene, gaixoak.»
   
   

4. Gaueko piztia

    —Gotzon barea da —entzun zen.
    Gotzonek ez zuen begiratu beharrik noren ahotsa zen jakiteko.
    —Xabin! —agurtu zuen animaliazaleak laguna, poz neurrigabeaz—. Unerik egokienean, redios. Ongi etorri nire parke-festara. Lazaro, Ximen eta hirurok dantzan hastear ginen!  
    Xabinek esmeralda koloreko bisera eta betaurreko beltzak zeramatzan. Izan ere, Afrika sakonetik etorritako albino adoptatua zen. Azalaren zuriagatik, eguzki izpiek min egiten zioten eta argi handiak itsutu.
    —Gotzon barea da —errepikatu zuen Xabinek. Bisera atzera begira jarri eta betaurrekoak kendu zituen. Hurbildu egin zitzaien—. Ni ez naiz. Zergatik ez duzu nirekin egiten proba,Olga?
    Xabin Olgaren aurre-aurrean jarri zen. Mutilak beltz askoren ohiko fisionomia zuen, sudur zapal eta zabala, ezpain lodiak eta ile kizkurra. Baina azala, eta ilea bera, zuri-zuria. Zentimetro batera ipini zion muturra albinoak.
    —Hara, Edurnezuri salbatzailea —bota zion Olgak, mespretxua adierazi nahian. Ez zitzaion nahi bezain zorrotz atera—. Beltz zuria eta potoloa. A ze parea, karakulo eta balea.
    —Olga ausarta —ihardetsi zion Xabinek irribarrez eta ironiaz, neskaren hitzei batere jaramonik egin gabe—. Beti bi bulldog alboan. Kaixo, bikiak. Esandakoa, Olga: zu bai ausarta.
    —Ez dut beste inor behar —esan zuen Olgak. Gerrian jarri zituen ukabilak—. Ez zurekin.
    —Zeu hasi orduan —jarraitu zuen Xabinek—.  Edo zeuok, Olga eta bikiak. Berdin zait. Hitzak, ukabilak, azkazalak, makilak, harriak… Nahi bezala. Aukeratu armak eta hasi. Neuk amaituko dut.
    Gotzonek hurrengo isilunearen biolentzia goria sentitu zuen. Bikien begiradak aztertu zituen. Lazarok eta Ximenek Olgari begiratzen zioten, zer egin behar zuten galdetuz bezala. Hiru ziren, baina bikiak ez ziren erraz oldartuko Xabinen aurka.
    Xabinen begiak urdin argi-argiak ziren. Batzuetan, ordea, izpiren batek zeharka ematen zionean, gorri ikusten ziren. Gaueko piztia batenak balira bezala. Zirikatuz gero, Xabin otso basati bat bezain azkarra eta bortitza izan zitekeen. Behin baino gehiagotan erakutsia zuen, bai bikiei beraiei, bai inoiz xaxatu zuten beste guztiei ere.
    Olgak pauso bat eman zuen atzera. Haren bi borroka-txakurrek berdin.
    —Ez du merezi —esan zuen Olgak—. Baina gure artekoa ez da amaitu, Afrikako Edurnezuri. Kokakola koloregabea. Ez da amaitu.
    —Ez da hasi ere egin —esan zien Xabinek, barrez. Bisera aurrerantz jarri zuen—. Ea, aire hemendik!
   


Atzera

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!

Kontaktua / Contacto: fernandomorillo2@gmail.com - fernando@gaumin.com