|
(Liburuaren hasiera)
Iratiko sorgin basatia
1- Gauean, lehen odola
Gaua sartzear zen.
Emakumeak, urduri, mendi-bidean aurrera egin zuen. Iratiko oihanaren ertzean zebilen, Petiriberro mendiko tontorretik hurbil.
Bere baitarako murmurikatzen hasi zen:
—Ez dago astirik, ene.
Hirurogeita hamar urte zituen, eta ez zeukan behar adinako indarrik, ondo zekien. Baina saiatu egin behar zuen. Saiatu. Aukera txiki samarra bazeukan ere.
Zarata entzun zuenean, azkarrago joan zen. Izerditan blai zegoen.
Piztia gertu zen, sumatzen zuen.
Beldurraren atzaparra sentitu zuen erraietan.
—Bizkorrago, bizkorrago —agindu zion bere buruari.
Emakumeak begiak luzatu zituen itzalpetan. Petiriberro mendiko tontorrera iristeko hamar bat minutu beharko zituen oraindik. Ez zen garaiz ibiliko.
—Ez dago astirik —errepikatu zion bere buruari—. Ez dago astirik, ene.
Etsirik, bidetik irten eta zelai txiki batera joan zen.
—Lagundu, Dama —erregutu zuen, jainko zaharrei laguntza eskean.
Arropa erantzi zuen, ahal bezain azkar.
Zarata, berriro. Oraingoan, arnasa-hotsa entzun zuen. Piztia oso hurbil zegoen.
Emakumea guztiz biluzi zen. Gaua hotza zen arren, ez zeukan hartan pentsatzerik. Poliki, baina irmo, dantzan hasi zen, eta doinu zahar bat kantatzen.
Emakumeak begiak itxi zituen une batez. Bere beldurrak kontrolatu behar zituen. Izuaren gainetik egon behar zuen, zerbait lortu ahal izateko.
Denbora apur bat gehiago, erregutu zuen. Denbora apur bat.
Azkarrago dantzatu zen.
Lehen hodeiak sentitu zituen. Trinkotuz joan ziren. Indartuz.
Bost minutu gehiago behar zituen.
Bizkorrago. Bizkorrago.
Berandu zen, ordea. Ikusi ez bazituen ere, bi begi distiratsu antzeman zituen erditzalean barrena. Bere bila ari ziren. Berarenganantz zetozen.
Bertan zen piztia.
Kito. Ez zegoen denbora gehiago. Ez zuen astirik izan.
Ama zenaz oroitu zen. Biloba ere gogoratu zuen.
—Izua kontrolatu —berresan zion bere buruari.
Baina emakumea beldur zen. Ez zeukan onik irteteko modurik, ez zeukan itxaropenik. Berandu ohartu zen eta orain ezin zuen ezer egin.
Hala ere, indarrak bildu eta zuhaitz-adar luze bat hartu zuen lurretik. Piztia indartsuagoa izango zen, baina larrutik ordainaraziko zion.
Piztiak aurrera egin zuenean, emakumeak, bere hirurogeita hamar urterekin, garrasirik ozenena jaurti eta jauzi egin zuen. Aurrerantz. Piztiarenganantz.
Piztia ere oldartu egin zen.
Lehen odolak gaua blaitu zuen.
Mina. Amorrua. Beldurra.
Gero, isiltasuna.
Eta piztiaren begi distiratsuak. Eta haren irribarre odoltsua.
Atzera
|