Amets ehiztaria: Fernando Morillo idazlearen webgunea
 Ongi etorri, bidaiari!
Fernando Morillo, txikiago eyezone
MENU NAGUSIA

 

(Liburuaren hasiera)

Hildakoei esker eta haien erruz


 

Odolez idatzia

 

   Inor ez da irla bere osotasunean. Gizaki bakoitza kontinente puska bat da, lurraren zati bat. Itsasoak lur-atal bat eramaten badu, Europa osoa txikitzen da, lurmuturra bailitzan, edo zure lagun baten etxea, edo zeurea. Edonoren heriotzak gutxiagotu egiten nau, gizateriari lotua nagoelako. Beraz, ez galdarazi inoiz norengatik ari diren hil-kanpaiak. Zugatik ari dira.
J. Donne


1.

  Ikas zitekeen hiltzailea izaten? Areago, hiltzaile «artistikoa»?
    Nuria inoiz baino urduriago zegoen, baina ez zuen arreta galdu nahi. Ez orain. Bere barne-kalaka mututzen saiatu zen. Zerbaitegatik zegoen bulego hartan, ezta? Gaztea zen, ados. Bazuen, ordea, ikasteko astia. Eta ostia.
   Unibertsitatea amaitu berritan zen. Zazpi urtean hiru karrera amaituta eta beste bat erdizka. Ez zen ibilbide kaskarra. Eta «A» (edo zena zelako) talde hartan sartzeko egin zizkioten proba guztiak gainditu zituen. Hori bazen zerbait. Duda-mudak apur bat zokoratzeko adina.
   —Zu zara… eragilea? —galdetu zion beste emakumeak, Gisela izeneko inbertitzaileak, Robinsoni.
   Robinson zen Nuriaren irakasle eta eredua «A» taldean. Bertako agentea eta hezitzaile nagusia. Gizona bi metro altu zen, ilea beti gominaz atzeraka orraztua. Ez zuen ia sekula eranzten bere larruzko beroki zuri luzea.
    Robinson, batik bat, eta deskribapen fisiko ororen gainetik, eraginkorrena zen. Guztietatik onena. Nuria errekrutatu zuen taldeko beste agente ugarirentzat, titan mitologiko baten parekoa.
   —Ni naiz eragilea —erantzun zion Robinsonek inbertitzaileari.
   Nuria gizonaren atzean zegoen eserita, dena ikusteko, baina ahalik eta gutxien molestatzeko.
   —Robinson. Robinson zer? —galdetu zuen inbertitzaileak.
   Nuriak emakumearen begi urdin iheskorrak aztertu zituen. Bistakoa zen ez zela artean fidatzen. Robinsonek konbentzitu egin beharko zuen.
   Gizona altxatu eta bulegoko leihora hurbildu zen, astiro. Itxuraz bestela bezala, baina seguruenez Giselak bere altuera handiari errepara ziezaion. Senti zezan. Tontakeria galanta zirudien, ohartu zen Nuria, baina ez zuen zalantzarik funtzionatzen zuela. Begiek ikusitakoa interpretatzen zuen buruak. Errealista izan edo ez. Eta tamaina boterea zen.
   —Robinson, besterik ez —zehaztu zuen gizonak, kanpoko errepide hutsari begira—. Hobe horrela.
   —Nire benetako izena ere ez da Gisela.
   —Jakina.
   Emakumeak oso mesfidati segitzen zuen:
   —Eta zure atzeko aulkian dagoen neska hori?
   —Neska hori Nuria da. Nire laguntzailea.
   —Hain gaztea?
   —Ikusteko eta ikasteko bakarrik dago. Lanaren muina neuk egingo dut.
   —Lana. Balioko duela uste duzu? Zuen parafernalia horrek guztiak eta.
   —Hala espero dut.
   —Garestia da.
   —Arriskurik gabe ez dago irabazirik, andrea. Dirua zurea da, baina irabazi handienak ere hala izango dira.
   —Egotekotan.
   —Egotekotan. Hitz egin dugu horretaz. Alda daitekeen guztia aldatuko dugu… gertatu beharrekoa gertatzeko.
   —Artea sortzeko artea.
   —Ezingo nuke hobeto azaldu.
   Inbertitzaileak Robinsonengandik Nuriarengana mugitzen zituen begiak. Eta atzera Robinsonengana. Ti-ta. Ti-ta. Deseroso gurutzatu zituen hankak aulkian.
   —Hildakorik gabe ez da irabazirik? —galdetu zuen.
   —Probabilitateak areagotzea da kontua.
—Hildakorik gabe probabilitateak txikiagoak dira?
   —Askoz.
   —Ona zarela esan didate. Lehenago egin duzu horrelakorik?
   —Hogeita hamalau aldiz.
   —Hogeita hamalau. Eta lortu?
   —Guztiz? Hogeita hamarretan.
    Emakume inbertitzailearen begiak lasaitu egin ziren.
   —Inor damutu al da inoiz? Dirua jarri ondoren, esan nahi dut.
    Eginda. Nuriak bazekien jada irabazi zutela. Robinson patxadaz itzuli zen aulkira. Poliki eseri zen.
   —Hori ez dagokit niri, Gisela andrea —esan zion—. Beste sail bat arduratzen da analisiaz. Nik joerak berrordenatzen ditut.
   —Dirutza handia da.
   —Asko irabazteko aukera handiagoa. Gehienetan bezala, diruaren eta eskrupuluen artean erabaki behar. Ezin dut gehiago luzatu. Bai edo ez?
    Inbertitzaileak ezpainak estutu zituen, baina Nuriak susmatzen zuen posea zela beste ezer baino gehiago. Erabakia hartua zuen. Robinsonek bestearen isilunea errespetatu zuen, hala ere. Gisela ezizeneko emakumearen hasperen luzea iritsi zitzaien:
   —Aurrera.
    Gizonak baietz adierazi zion buruaz.
    Lana, pentsatu zuen Nuriak. Bere lehen aldia. Eta, Robinsonek aitortu zionez, haren azkena.
    Zirrara estalezina zeukan barnean. Eta beldurrik gordinena.
    Artea sortzeko artea.
    Odolez, noski. Gehienetan bezala.
 

 

    2.

  Nuriak zain egon nahi zuen. Isilik. Baina Gisela atetik atera bezain laster abiatu zen:
   —Horrela da beti?
   Robinsonek berarengana biratu zuen aulkia. Bekainak zimurtu zituen. Zorrotz? Jostari? Ezpainetan irribarrea zeukan eta ez zeukan. Mona Lisaren keinua bezala, lanbro atzean ezkutaturik. Leonardo da Vinciren sfumatoa bailitzan.
   —Zer esan nahi duzu? —galdetu zion gizonak.
   —Hain hotz?
   —Hala behar du.
   Nuriak baiezkoa egin zuen buruaz. Jaiki eta bere bakero beltz estuak apur bat igo zituen. Robinsonek begirada hutsez ikara zezakeen… baina bestelakoan eroso sentiarazten zuen. Esate baterako, eta hasieran uste izandakoaren kontrara, gizona ez zitzaion inoiz hurbildu lanaz kanpoko ezertxorekin. Inoiz ez zion ezer… fisikorik iradoki. Ezta keinu txikienaz ere. Eta Nuriak ondo zekien zenbateraino zen erakargarria gizon askorentzat.
    Hari zegokionez behintzat, guztiz lasai sentitzen zen Robinsonekin. Eta eskertzen zuen.
   —Jauna.
   —Ez naiz jauna. Hiru aldiz esan dizut. Ez nuke errepikatu nahi.
   —Ados. Ez da laugarrenik egongo. Robinson.
   —Esan.
   —Nola kontratatu zintuzten zu?
   —Kontratatu non?
   —Je, je, aizu. Non izango da ba? Taldean. «A» taldean! Portzierto, zergatik esaten diogu horrela? «A»?
   —Nolabait esan behar. Beste letrak bezain egokia zen «A».
   —Ez didazu azaldu nahi.
   —Ez dakit. Eta ez zait axola.
   —Zergatik kontratatu zintuzten?
   —Seguruenez, galdera gutxi egiten nituelako.
    Nuriak ez zuen ahultasunik erakutsi nahi. Are gutxiago Robinsonen aurrean apaldu.
   —Ez naiz isila. Ados. Baina baditut beste alde on batzuk.
   —Beharko. Ea, esan: zergatik kontratatu zintuzten zu?
    Nuriak bakeroen atzealdea igurtzi zuen esku batez. Ezpainak busti zituen mingainaz.
   —Biologo izan nahi nuen —azaldu zion azkenean—. Hasieran. Karrera amaitu baino lehen ohartu nintzen bakterioek eta laborategiek ez zidatela eskaintzen nik nahi zuen guztia. Gizakiak ulertu nahi nituen. Psikologia, artea eta filosofia ikasi nituen. Ona naiz gizakiak ulertzen.
   —Ondo. Beharko duzu.
   —Egun batean, kontratatu egin nahi nindutela esan zidan ezezagun batek. Leioako campusean bertan. Entzunda neukan zerbitzu sekretuak-eta unibertsitateetan aritzen zirela «fruitu gazteak» errekrutatzen. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin halako inork nigan erreparatuko zuenik. Proba batzuk egin zizkidaten. Psikologikoak eta fisikoak. Denak gainditu nituen. Arterik zintzoena egiteko prest nengoen.
   —Zintzoena?
   —Indartsuena. Basatiena. Egiazkoena. Ez da hala?
   —Hori da esaten dutena.
   —Baina zu zara artistarik finena horretan. Inork baino hobeto jakin behar zenuke.
    Robinson isildu egin zen, eta Nuria begira geratu zitzaion.
   —Zer? —galdetu zion gizonak azkenean.
   —Ez didazu zurea kontatu.
   —Ez dizut esan kontatuko nizunik.
   —Nortzuk dira «A» taldekoak? Hori esango didazu behintzat?
   —Ez galdetu.
   —Ez dira zerbitzu sekretu bat, hori garbi dago.
   —A bai?
   —Nirekin jolasean ari zara. Izen publikorik gabeko mega-korporazio bat da. Esango nuke goiko postuak hainbat jokalarik osatuak direla, beste ezerk baino gehiago.
   —Ez artistak?
   —Izatekotan, artista jokalariak. Nazioarteko banku, ezarpen-funts edo burtsetan baino arrisku handiagoa hartzen dute… baina irabazi posibleak ez dira hobeak. Emozioagatik egiten dutela jokatuko nuke. Jokatzearen emozioagatik. Arte helezina. Sotila. Ez iruditzen?
   —Autoestimua igotzeko hitz egiten duzu hainbeste?
   —Autoestimua ondo daukat, eskerrik asko. Pentsatzeko hitz egiten dut. —Atzerantz bota zen aulkian—. Ona zinela esan zidaten. —Begietara begiratu zion—. Onena.
   —Pozten naiz.
   —Eta lana utzi nahi duzula. Hori ere bai.
    Robinsonek begiradari eutsi zion.
   —Horregatik etorri zara zu.
   —Zer gertatu zaizu? Bikainena zara! Zer egingo duzu hemendik kanpo? Baratze bat landu? Non lortuko duzu hemengo… suspentsea, hemengo drama indarra? Antzerkian? Politikan? Zientzian? Mesedez…
   —Hasi ere ez zara egin, Nuria. Entzundakoaz elikatu zara.
   —Eta dena idealizaturik dudala uste duzu. Tipikoa. «Gaztea da eta ikasiko du neskatxak» —esan zuen Nuriak Robinsonen ahotsa antzeztuz—. «Zailduko da», eta hori guztia. Ezta?
    Oraingoan bai, Robinsonek irribarre garbia egin zuen:
   —Nahiko ondo adierazi duzu.
    Nuriak ere irribarre egin zion.
   —Gaiztoa. Eta bestea?
   —Zer beste?
   —Zu nekatu egin omen zara… Nekatu edo erre? Hainbeste urteren ondoren… kiskali zaitezke?
   Robinsonek erlojua aztertu zuen. Isiltzeko keinua egin zion esku batez. 
   —Nahikoa da. Orain, utzi hori guztia.
   —Ez duzu horretaz hitz egin nahi.
    Robinsonen ahotsa zorroztu egin zen.
   —Lanean hasi nahi dut, Nuria. Esan, badakizu nor aztertu behar dugun?
    Nuriak berehala jarri zuen zuzen gorputza. Soldadu bat bezain irmo. Bazekien noiz ari zitekeen ele-meletan, eta noiz hasten ziren galdera serioak.
   —Bai. Eneko Aburto izena duen tipo bat —azaldu zion.
   —Eta zer egin behar dugu zehatz-mehatz?
   —Lehenbizi, berak bere burua ezagutzen duena baino hobeto ezagutu.
   —Hori da. Orain, faborez, ixo. Bi edo hiru astez, ahal bada.

 


Atzera

Azken aldaketak


Bideoak, lanak, elkarrizketak...


Azken liburuak:

Su-tanta bilduma

Marko panpinaktrapuzko amets





Fernando Morillo idazlearen webgunean zaude. Ongi etorri!

Kontaktua / Contacto: fernandomorillo2@gmail.com - fernando@gaumin.com