|
(Liburuaren hasiera)
Deabruaren letaginak
Izurik latzena
Mundua amets bilakatzen da eta ametsa mundu.
Novalis
1.
Izaren azpira joan nintzenean, Uxunek eskuineko titia sartu zidan ezkerreko begian. Konturatu gabe.
—A ze titiburu gogorra! —kexatu nintzen, txantxetan—. Ia itsu utzi nauzu!
Isiltasunak harritu egin ninduen. Uxuneren dardarak gehiago.
—Ez —murmurikatu nuen, negarrez ari zela ohartu nintzenean. Joder, hirugarren aldia zen egun hartan—. Brometan ari nintzen. Brometan!
—Ez da hori, Jorge.
—Zer da ba? Ai, ez da posible. Zure anaia? Berriz?
—Ez egin —xuxurlatu zidan—. Nigatik. Gugatik. Utzi bakean nire anaia…
Ohean eseri nintzen, giroa jolaserako ez zegoela ikusita.
—Ez zaituztet ulertzen —erantzun nion—. Zer ostia gertatzen zaizue? Arazo handi bat duzue. Zuen amak eta zeuk. Konpondu egin behar da.
Uxune ere eseri egin zen. Paper-zapi bat hartu eta mukiak kendu zituen. Ile kizkur luzeak azala laztantzen zion. Dios, ezin nion eutsi azal hura jateko desioari.
—Mario ez dago ondo —esan zuen.
—Ez dagoela ondo? Alfer puta hori nahi duena egiten bizi da. Zenbat urte ditu ja?
—Hogei.
—Zuk hamasei dituzu eta tabernan zabiltza lanean. Nik hemezortzi ditut, eta aitaren lantegian ibiltzen naiz nire zortzigarren eskuko sasi-kotxea mantentzeko. Eta zure anaiak? Zer egiten du zure anaiak? Marraztu?
—Mariok ezin du… —Zintz egin zuen berriro.
Gela gero eta hotzagoa iruditzen zitzaidan.
—Ezin du eta ostiak! Zure anaiak ez du ikasi nahi. Ados. Onartu egin behar da. Baina ez du lanik ere egin nahi. Ezertan ez. Marrazten jarraitzen du ezta?
—Beti marrazten du.
—Zergatik ez da saiatzen komikiak egiten, edo koadroak… Nik zer dakit ba! Mina besterik ez dizue ekartzen. Noiz arte eduki nahi duzue horrela?
—Jorge, lasaitu zaitez. Nire anaia… ez da normala.
Harritu eta larritu egin nintzen.
—Ei, ez da atzeratua edo izango, ez? Joder, Uxune, hala bada… Nik ez nekien…
—Ez da hori! Mario ez da atzeratua. Baina ez da normala. Eta batzuetan beldur… beldurra ematen dit.
Eskuineko titiburua ukitu nion. Gogor-gogorra jarraitzen zuen. Titi biribil eta beteak zituen Uxunek. Nik dastatutako ederrenak. Uxune osoa zen nik ezagututako neska-lagunik ederrena. Ezinbestekoena. Min egiteraino irrikatzen nuen.
Ez zen konturatzen. Ez zidan sinesten! Haren irribarre lotsatua, haren katu begirada. Haren haserre biziak injustizia txikienengatik. Hogei aldiz azpimarratzen nion orduko: alboan nahi nuela. Maite nuela. Behar nuela.
Uxune, ordea, ez zen sentitzeko libre: anaia alfer eta bortitz batek paralizaturik zuen.
Amorrutan uzten ninduen horrek.
—Beldurra —errepikatu nuen—. Beldurra ematen dizu anaiak? Hori ezin da onartu. Nik ezin dut onartu.
—Jorge…
—Esan dizut: akojonatuta zauzkate. Zer letxe du haragigabe horrek?
—Ez dizut gehiago eskatuko: ez ezazu presionatu, mesedez.
—Eguzki epeletan izan duzue beti… Diziplina minimoa behar du. Edo behintzat errespetua ikasi. Etxean laguntzen al du?
—Jorge…
—Laguntzen al du?
—Ez, baina…
—Ikusten? Pare bat gauza esan behar diot.
—Beldurra…
—Ez diot ezer egingo, ez kezkatu. Hitz egin bakarrik.
—Ez dut Mariogatik esaten! Ez al duzu ulertzen? Zugatik diot.
—Nigatik?
—Ez zaitut galdu nahi!
—Uxune! Zertara dator hori? Zure anaiari errieta txiki bat egiten badiot, galdu egingo al nauzu?
—Mesedez. Kontra joan zaizkion guztiei… guztiei…
—Zer?
—Zerbait gertatu zaie. Zerbait txarra.
Ohetik jaiki eta komun aldera joan nintzen, gero eta haserreago.
—Ederki timatzen zaituzte alferrontzi horrek! —oihukatu nion Uxuneri, pixa egin bitartean.
—Ez da gezurra. Entzun. Marioren matematika-irakasleak sekulakoak bota zizkion klasean.
—Klasera joaten zenean, esan nahi duzu.
—Ez da txantxa. Handik egun gutxitara haren emaztea hilda azaldu zen.
—Hilda. Labankada batez edo?
—Heriotza naturala izan zela esan zuten. Bihotzekoak jota. Baina…
Logelara itzuli eta ohe ertzean eseri nintzen.
—Heriotza naturala. Beste hamaika heriotza bezala.
—Valentin, Marioren lagun mina zena ere, anaia iraintzen ibili zen egun batean. Lagun guztien aurrean.
—Hori ere hilda dago?
—Ez. Baina burutik joan da. Mario lotsatan utzi eta egun gutxitara lurrean aurkitu zuten, arrazoia galduta.
—Eta zer egin du zure anaiak? Zuei sinetsarazi zerikusirik izan zuela horietan? Bi metroko muturra, horixe da horrek duena. Eta sekulako parafernalia.
—Gure aitak…
Uxune isildu egin zen. Neu ez nintzen ausartu gehiago ziztatzen. Gutxi nekien Uxuneren aitaz, baina bai familia osoa traumatizaturik geratu zela hil zenean. Bizpahiru urte lehenago, gizonak bere burua bota zuen Txindokiko tontorretik. Oker oroitzen ez banuen, semearekin zela. Mariorekin.
—Gure aita munduko gizonik indartsuena zen —jarraitu zuen Uxunek—. Zentzu guztietan. Ez zuen sekula salto egingo. Ez gintuen inoiz bakarrik utziko! Baina egun batean lotsatan utzi zuen anaia…
—Lotsatan.
—Jendearen aurrean. Eskola orduetan kalean ikusi zuenean, belarritik heldu zion. Arrastaka ekarri zuen etxera. «Edo ikasi edo lan», oihukatu zion aitak. «Egun bat duzu erabakitzeko».
—Zuen aitak arrazoi zuen.
—Arratsalde horretan elkarrekin joan ziren mendira. Aita ez zen lanera joan. Ez zen inoiz falta izan bere bizitza osoan! Ezta hatz potoloaren zati bat moztu zuenean ere. Baina arratsalde hartan Mariorekin joan zen. Txindokira. Ez zen bera.
—Zuen aita? Zer esan nahi duzu?
—Ez zen agurtu, ez zuen hitzik egin. Aita ez zen horrelakoa.
—Eta zure anaia?
—Anaia negarrez aurkitu zuten gero, bide-bazter batean.
—Hark bota zuela uste duzu?
—Ez dakit. Mariok ezetz dio.
Besarkatu egin nuen.
—Zuk bultza egin ziola susmatzen duzu? Zuen aita kristoren gizonkotea zen. Eta Mario ez da berrogei kilo.
—Ez dakit.
—Uxune, askotan konturatu gabe iristen zara mugara.
—Aitagatik esan nahi duzu?
—Bai. Ertzean egongo zen… —Isildu egin nintzen, analogiaren desegokitasunaz oharturik.
Nire besarkadaz askatu zen.
—Nire aitak ez zuen inoiz salto egingo. Gainera, begirada hura…
—Ze begirada?
—Neuk joan behar izan nuen aita identifikatzera. Begietan… begi haietan izua zegoen. Izurik latzena. Baina nire aitak ez zuen beldurrik. Inoiz ez!
Uxune negarrez hasi zen berriro. Nire besoetara itzuli zen.
Horrela ez ginen inora iritsiko. Dudarik ez nuena zen Mario alproja horrek ikasgai txiki bat behar zuela. Eta beste inor oldartzen ez bazen, neuk eman beharko niola.
—Zuen anaia jainkoturik duzue —esan nion belarrira, xuxurlan.
Uxunek atzera egin, begi bustiak igurtzi eta zuzen-zuzenean begiratu zidan.
—Ez. Mario ez da jainko bat. Nire anaia infernua da.
2.
Marioren gelako atea jo nuen.
—Mario? —deitu nion—. Mario, esna al hago?
—Zein da?
Ireki egin nuen. Prakak eta nikiak aulki eta ohe gainean botata, paperak lurrean, fantasiazko posterrak horma guztietan, gargola formadun eskulturak, lepoko sorta bat apal batetik zintzilik…
Erabateko kaosa.
—Zein haiz? —galdetu zidan Mariok. Ohean eserita zegoen, folio batzuen artean. Arkatz bat zeukan eskuetan.
—Jorge.
—Ezin haiz hemen sartu.
—Sartu nauk.
—Ulertzen diat. Uxuneren azken ligea haiz —jaurti zidan, irribarre txiki batez—. Eta gizonarena egin nahi huen.
—Hirekin hitz egin nahi diat.
—Ez haiz lehena. Baina nik ez diat ezer esatekorik. Aio.
Mahai txiki bat zuen txoko batean. Han ere paper sortak. Liburu finen bat. Baina ordenagailurik ez, inolako pantailarik ez. Ez nuen ezer elektronikorik ikusten. Bai arraroa.
—Zer egiten duk gela honetan sartuta hainbeste ordutan? —galdetu nion.
—Hiri zer inporta zaik?
—Niri oso gutxi, baina beste batzuekin bizi haiz etxe honetan. Hori bai, axola zaidak.
—Irtengo al haiz hemendik? Beste gela bat duk hor alboan Uxuneri esku-sartzen ibiltzeko. Joan hadi hara, eta utzi ni bakean.
—Zerbait egin behar duk.
—Ari nauk.
—Hire amak eta arrebak ezin dituk lanean jardun hi elikatzeko.
—Ni probetxuzko gizona bihurtu nahian habil? Azken aldiz esango diat. Ospa, edo haserretu egingo nauk.
—Ez haiz mehatxuka aritu daitekeen bakarra.
—Bai, ikusten diat beso indartsuak dituala. Ni jipoitzeko adinakoak.
—Merezi bai. Baina aukera bat emango diat: lagun bat diat biltegi batean. Norbait behar ditek lan txikietarako.
—Behar dudan dena zeukaat hemen. Ez.
—Hortik mugitu beharko duk. Eta nirekin jai daukak: ez didak ipuinik sartuko.
—Ze ipuin?
—Lagunaren lana hartu nahi ez baduk, ondo. Baina astebete daukak lan bat edo nahiago baduk zubi-azpi bat aurkitzeko. Nahiago duana. Bestela, zeozer pentsatuko diat. Eta ez zaik gustatuko.
—Badakik zer egiten dudan hemen?
—Idiarena jo?
—Hori egiten al duk hik bakarrik hagoenean?
—Zer egiten duk?
Ahotsa aldatu egin zitzaion. Txantxa tonurik gabe hitz egin zuen:
—Bilatu egiten diat.
—Lau horma artean. Libururik gabe, Internetik gabe…
—Ez ditiat behar.
—Filosofiaren azken muturra bilatzen habil?
—Marraztu egiten diat.
—Marrazkiak bilatzen dituk? Uxunek zerbait kontatu zidak. Milaka marrazki egiten dituala. Baina non dituk? Hemen ez duk hainbeste paper.
—Egin ahala botatzen ditiat. Behar ditudanak aurkitu arte.
—Eta zer aurkitu duk?
—Nire marrazki bat ikusi nahi al duk?
—Merezi dik?
Mariok buelta hartu eta hiru karpeta atera zituen egur argizko apalategi txiki batetik. Karpeta berde bat, laranja bat eta gorri bat. Semaforo baten modura. Laranja hartu zuen.
—Hemen duk nire azkena —esan zidan, besoa luzatuta.
Jakin-min apur batez hartu nion irudia. Paperaren zatirik handiena hartzen zuen begirada bat ikusi nuen marraztua. Arkatzez. Hitzik gabe geratu nintzen. Begi haiek sekulako kemenez begiratzen zuten kanporantz, ikuslearenganantz. Bizirik zeudela ematen zuen. Harrigarriro bizirik.
Arnasa korapilatu egin zitzaidan. Mario artista hutsa zen!
Orduan, zerbait mugitu zitzaidan tripetan. Sabeleko minak jo ninduen eta bat-bateko goragalea izan nuen.
—Joan… joan egin behar diat —esan zion, botagurari eutsi ezinda.
Komun aldera atera nintzen lasterka. Ozta-ozta iritsi nintzen tapa altxatzera.
Botaka ari nintzela, Marioren gelako atea entzun nuen ixten. Haren ahots burlatia iritsi zitzaidan:
—Astebete eman didak, ezta? Zubi baten azpira joateko eta. —Karkara egin zuen—. Ez hadi azaldu hona, Jorge. Edo damutuko zaik.
Hotzikara batek zeharkatu ninduen.
Ez zen posible. Txiripa behar zuen.
Derrigorrean.
3.
Iluntzean, autoa hartu, eta lehenbiziko aldiz muxukatu ginen mendi-txokora eraman nuen Uxune. Bi hilabete baino ez ziren, baina giroa oso bestelakoa zen orain. Nire ametsetako neska ederrak ez zuen hitzik esan bidaiatxo osoan.
Autotik atera ginen. Behean, urrunean, beste hamaika autoren argiez beteriko errepide bat ikusten zen.
Uxunek bularraldean jarri zidan hatz erakuslea.
—Ez joateko eskatu nizun! —aurpegiratu zidan—. Oso garbi esan nizun!
Begirada desbideratu nuen. Urrutiko errepiderantz hasieran, zerurantz gero. Lainoz estalirik zegoen.
—Mario ezagutu nahi nuen.
—Eta botaka amaitu zenuen. Amak esan zidan.
—Ez nengoen ondo tripetatik. Hori besterik ez zen.
—Eta mehatxatu zenuela ere esan dit Mariok. Zoratu egin al zara?
—Ez nuen mehatxatu.
—Jorge, ahaztu Mario. Ahaztu! Hemendik aurrera, ez zara gehiago etorriko gure etxera. Ez dizut utziko. Barkatu, baina utzi nizkizun giltzak itzuli beharko dizkidazu. Ulertu.
—Ez ditut hemen. Bihar itzuliko dizkizut. Eta ulertu zuk ere: ezin dut zure anaia ahaztu, zu horrela ikusita. Haren morroi eta beldurtuta.
Besoak gurutzatu zituen eta bizkarra eman zidan:
—Ahaztu Mario. Hitz emadazu ahaztu egingo duzula.
—Ez ezazu imajinatu elefante arrosa bat.
Buelta hartu zuen niri begiratzeko.
—Zer?
—Ez ezazu imajinatu elefante arrosa bat.
—Zoratu egin al zara?
Irribarre egin nion.
—Ez al duzu ikusten analogia? Elefante arrosa bat ez imajinatzeko eskatzen badizut, ezingo duzu burutik atera. Ezin didazu eskatu zerbait ahazteko.
Begiak itxi zituen eta musu labur bat eman zidan.
—Ez zaitut galdu nahi.
—Hor bai eman dezakedala hitza.
—Zertan?
—Ez nauzu galduko. Nire hitza duzu.
Begiak ireki zituen.
—Ez da hori entzuten dudan lehenbiziko aldia, Jorge.
—Ez dakit nork esango zizun lehenago, baina nik…
—Aitari —eten zidan—. Aitari entzun nion. Eta ez zuen hitza bete.
Isiltasuna.
Lepoa inguratu nion beso batez. Nigana erakarri nuen.
—Zure anaiak oso esku ona du —esan nion.
—Berriro? Zer esan didazu orain?
—Iruzkin tonto bat besterik ez da. Kuriosoa iruditu zitzaidan. Banekien marrazten zuela. Zuk esanda. Baina sekula ez nuen haren marrazkirik ikusi. Bikaina da. Aparta!
—Badakit. Betidanik marrazten du. Baina begiradak bakarrik.
—Bakarrik?
—Txikitatik hasi zen. Auskalo zergatik. Bere munduan sartzen zen, eta begiradak eta begiradak marrazten zituen.
—Zure anaiaren gelan ez zegoen ordenagailurik, ez libururik…
—Jorge. Mesedez. Kenduko duzu burutik?
—Bitxia iruditu zitzaidan.
—Esan dizut: marraztu bakarrik egiten du.
—Eta nondik atera du teknika hori? Ez du inon ikasi?
—Jardunetik aterako zuen. Ia egunero jaisten da parkera. Eserleku batean jarri eta jendeari begira egoten da. Batzuetan bost, sei orduz. Hori da bere gelatik kanpo egiten duen bakarra.
Neure buruari aitortu behar nion ezin nuela marrazki hura barrutik atera.
—Eta karpetak?
—Bere hiru karpetak?
—Berdea, laranja eta gorria. Zerbait esan nahi dute?
—Ez dakit. Niri oso marrazki gutxi erakutsi dizkit. Beti berdetik.
—Beti berdetik. Kuriosoa.
—Ez du nahi. Ez du ezer jakin nahi munduaz. Bere begiradak, eta kitto.
Begira geratu zitzaidan. Keinua gozotu egin zitzaion. Behin eta berriro maiteminarazten nauenean bezala.
—Zerbait egin dezaket zuk Mario ahazteko?
Uxunek nire bularretik behera eraman zuen eskua. Belaunikatzen hasi zen. Gauza asko, asko egin zitzakeen nik ia dena ahazteko… tarte batez.
Baita Marioren marrazki hura ere? Ez. Hura ez.
Praketako txarretera jaitsi zuen kontu handiz. Esku batez galtzontziloak alboratu eta samurtasun handiz atera zuen zakila.
Nire azken pentsamendu kontzientea giltzak izan ziren. Hurrengo egunean itzuliko nizkion… baina ez kopia bat atera gabe.
Gero, Uxune zakila miazkatzen hasi zen. Poliki. Zakilak erantzun zion, eta nik arrazoimena urtzen sentitu nuen. Neskak nire ipurdiari heldu zion, mingainez jarraitu zuen nire plazer guztiak laztatzen. Leherrarazten.
Mugitzen saiatu nintzen, bere arropa eranzteko. Hartzen nuena emateko. Ez zidan utzi. Une hartan, geldirik nahi ninduen. Jasotzen. Hortzak estutu zituen eta han eduki ninduen. Luze ertzean. Iristear, baina iritsi gabe. Desagertzear, baina amildegiaren alderik bizienean.
Uste dut Uxuneren ahoan isurtzean negar ere egin nuela. Ez nion adierazi. Sinetsiko ez zuelako. Kontzientea ez zelako zenbateraino maite nuen. Zenbatera nengoen prest beragatik.
Atzera
|