|

(Liburuaren hasiera)
Bilbo Samurai
I. Eroen eta basatien ordua
Sena entzuten
Basoko adarrak gero eta trinkoagoak ziren, ez zen erraza haien artetik ibiltzea. Bilbo Samuraik sega handi bat zeraman bizkarrean zintzilik, eta borroka-makila luze bat ezker eskuan. Hala ere, katu aditu baten abileziaz egiten zuen aurrera. Erritmoa moteldu gabe, hobeto kokatu zuen sega.
Zuhaitzen goiko alderantz begiratu zuen Bilbok. Kopetako ilea baztertu zuen, hobeto ikusteko. Zuhaitz beltzak, hosto beltzak. Antzinako pagoak ziruditen, Hondamendi-egunaren aurrekoak. Baina zuhaitz haiek askoz ere altuagoak ziren garai batekoak baino, eta adar amaiezinak eta fin-finak zeuzkaten. Bizirik irten ziren beste guztiek egindako gauza bera egin behar izan zuten basoek ere: egokitu edo hil.
—Nekatuta al zaude? —galdetu zuen Bilbok burua itzulita. Irudi baxuago batek jarraitzen zion. Mutikoa zirudien. Gizakumea. Ez. Ez guztiz—. Xuri? Apur batez geratzea nahi al duzu?
—Ondo nago —erantzun zion gazteak. Ilargi betea bezain zuria zeukan aurpegia. Hortik, beharbada, Xuri izena—. Beste pixka batean segi dezaket.
Bilbok irribarre egin zuen bere baitarako. Xuri leher eginda zegoen, baina ez zuen besterik gabe amore emango. Lurrera zerraldo erori arte segituko zukeen, hala eskatu izan balio. Bilbok Lander gogoratu zuen, gaztearen aita. Antz handia zuten aita-semeek. Hobeto elkar ezagutzerik izan balute!
—Lo egiteko leku bat bilatuko dugu —erabaki zuen Bilbok.
—Ondo nago. Benetan.
—Ordu asko daramatzagu martxan. Atseden hartu behar dugu.
Bilbok pausoa lasaitu zuen, baina gelditu gabe. Gaztea hurbildu egin zitzaion.
—Bilbo.
—Esan.
—Beti esaten didazu kasu egin behar zaiola barruko ahotsak dioenari.
—Zer dio zure ahotsak?
Xuri une batez isildu zen, hitzen bila edo.
—Ez zait gustatu —azaldu zuen, azkenean.
Bilbok aurrera jarraitu zuen, arduraz, ingurua ahalik eta ondoen arakatzen. Zenbait adar baztertu zituen eskuan zeraman makila luzearekin.
—Zer ez zaizu gustatu? —galdetu zuen gizonak—. Itxaron, Xuri. Etorri hemendik. Nire atzetik.
—Ehiztaria. Ez zait gustatu ehiztaria.
—Hortxe aurrean geratuko gara. Leku ona dirudi —gizonak segundo pare bat hartu zuen gaztearen aurpegi zurbila aztertzeko. Kezka irakurri zuen Xuriren begietan—. Ibaiaren ertzean zegoena?
—Egun osoan ikusi dugun pertsona bakarra da eta! Nor, bestela? —ihardetsi zion Xurik, Bilbo adarra jotzen ari ote zitzaion ezin asmaturik—. Ez zait gustatu haren begirada.
—Zergatik?
Gaztea isilik geratu zen puska batean, hausnarrean bezala.
—Ez dakit —esan zuen gero—. Edo, hobeto esanda, badakidala uste dut, baina ezingo nuke azaldu zergatik. Ez egin barre, Bilbo. Ez egin barre. Serio ari naiz.
—Ez dut barrerik egin. Inoiz ez nizuke barrerik egingo. Entzun? Inoiz ez. Sartu hori ondo buruan, Xuri. Irri egin dut. Ez da gauza bera. Eta ahotsari dagokionez… Hitz egin dugu horretaz. Azal dezakezun baino gehiago jakitea. Sena. Zurea bikaina da. Aintzat hartu. Askotan asmatzen du.
—Zuk ere ikusi al duzu? —galdetu zuen gazteak.
—Zer?
—Haren begiradak zeukan distira.
—Zer zioen haren begiradak?
—Kalkulatu egiten zuen. Harrapakinaren zain dagoen otso baten begirada zuen.
—Harrapakina izatearen beldur zara? —galdetu zion Bilbok.
—Ez.
—Ez?
—Beno, pixka bat. Zurekin gutxiago.
—Beldur izatea ez da txarra. Erne egon behar duzula oroitarazten dizu beldurrak. Prestatzen jarraitu behar duzula.
—Prestatzen.
—Beldurrik gabe, erraza da bizirik zaudela ahaztea. Beldurrik gabe, litekeena da merezi duen guztia ere ahaztea. Izan ere, esango nuke zibilizazioak, neurri batean, beldurra galdua zuela. Bizirik zela ahaztu zuen. Eta benetan zerk merezi zuen ere bai.
—Horregatik hondoratu zen?
—Beharbada. Auskalo.
—Orduan, beldurra izan behar dut —esan zuen Xurik.
—Pixka bat izan dezakezu. Baina ez ahaztu zure alboan nagoela.
—Eta ni zurean —esan zion gazteak berehala.
—Ikusten? Beldur gutxiago dut orain.
Xurik barre egin zuen:
—Txotxoloa.
Bilbok aurreko muino bat seinalatu zion.
—Hortxe kanpatuko dugu, tontortxo horren azpian. Goazen.
Lagun bat zama
—Ez genuke surik piztu beharko —esan zuen Xurik—. Ez hemen.
Bilbok adar mordo bat zeukan pilatuta aurrean. Haietariko lodiena hartu, eta su txikiaren gainean jarri zuen.
—Hotz dago —erantzun zion Bilbok.
—Zu ez zara hotz —erantzun zion Xurik—. Inoiz ez zara. Nigatik egiten duzu.
—Biongatik egiten dut. Zatoz, eseri suaren aurrean.
—Bidelapurren gune batetik hurbil gaude. Eta ikusten bagaituzte? Ez al duzu esaten beti adi eta kontuz ibili behar dugula?
—Adi gaude, eta adi egongo gara. Baina gaur sua piztuta utziko dugu. Jarri manta gainean.
Lurrean etzan ziren, muinoaren eta suaren artean babestuta. Manta saretu lodi bana ipini zuten gainean. Xurik zabal-zabalik zeuzkan begiak.
—Bilbo —deitu zion gizonari—. Bilbo.
—Egin lo.
—Nola gertatu zen? Nola hondoratu zen guztia?
Bilbok hasperen egin zuen. Xurik adi-adi begiratzen zion, ahoa erdi irekita eta kizkur horiak kopetaren aurrean kiribilduta.
—Berriro?
—Berriro. Mesedez —erregutu zion gazteak—. Azaletik bakarrik.
—Esan dizut. Hamaika aldiz kontatu dizut. Oso gaztea nintzen. Zu orain zaren baino gazteagoa.
—Baina hala ere gogoratzen duzu. Hiriak ikusi zenituen. Eta zinema, eta janariz beteriko denda erraldoiak. Eta txokolatea, eta parkeak, eta errepideak. Eta… lagunak.
—Ikusi nituen.
—Eta dena erori zen. Nola?
—Ez dakit. Eta ez dakit norbaitek jakingo duen. Beharbada, inork ezagutzen ez zuen bat-bateko gerraren bat izan zen, gertakari naturalen bat, txiripa kosmiko madarikaturen bat. Egun batean, dena normala zen. Betikoa. Ohikoa. Hurrengoan, hainbat itzalaldi egon ziren leku ugaritan. Kexak izan ziren, baina ez zen benetako alarmarik egon, inork ez baitzuen espero hura behin-behineko matxuraren bat baino gehiago izaterik. Handik oso gutxira, industria asko geratu egin ziren, denetariko gailuak, ur-ponpak… Eta, ez bat eta ez bi, dena azkartu egin zen. Konturatzerako, ez zegoen gasolinarik. Janaria falta zen. Internet, irratia eta telebista ez zebiltzan. Izu-ikara itzela barreiatu zen bazterrik bazter, eta luze gabe gaixotasunak etorri ziren, asaldurak, benetako gosea… Zibilizazioaren geruzak begi-kliska bat baino ez zuen iraun. Bi, hiru aste? Eta infernua ailegatu zen. Edo errealitaterik errealena, nahiago duzuna.
—Zer egin zuen jendeak?
Bilbok lakar egin zuen barre.
—Hil! Hori egin zuen jendeak.
—Zu bizirik zaude.
—Bizirik nago —Bilbok ezpainak estutu zituen—. Ekaitzek salbatu ninduen.
—Zure anaiak.
—Ni baino hamabi urte zaharragoa zen. Norbait banaiz, zerbait ikasi badut, hari esker izan da.
—Bi zineten?
—Hiru. Arreba bat geneukan: Aizpea. Hondamendiaren ondorengo hilabeteetan hil zen. Gurasoak bezala. Gehienak bezala.
—Ez nekien. Sentitzen dut. Nolakoa zen Ekaitz?
Bilboren begiak piztu egin ziren.
—Ekaitz. Ekaitz bestelakoa zen. Umetatik. Ez zen sekula santan egokitu inolako taldetara, inolako gizartetara. Arima askea zuen, eta, zibilizazio hartan, horiek hitz politak izanagatik ere, ez zegoen batere ondo ikusia. Ekaitz mugarik gabeko lehoi bat zen, kaiola txikiegi batean barruratua. Haur txiki eta bihurri bat bezain oldarkorra zen, eta monje gerlari bat bezain diziplinatua. Burdin gori bat bezain kartsua, eta gero hirien kanpoaldeetan pilatu ziren gorpuak bezain hotza.
—Sua eta izotza.
—Kontraste hutsa. Behin kontatu zidanez, ederki aztoratu zituen bera bideratzen-edo saiatu ziren zenbait psikologo. Anaiaren barru-arrezifeen aurka jotzen zuten haien hitz eta saio guztiek. Hura ironia: dena hondoratu eta jende gehienak patuari amore eman zionean, anaiak leku bat aurkitu zuen itsumustuan. Eroen eta basatien ordua iritsi zen.
—Zure anaia zer zen, eroa ala basatia?
Bilbok segundo batzuk hartu zituen erantzuteko.
—Ziur asko, biak. Gerlari hutsa zen. Beti izan zen. Eta Hondamendiaren ondoren, bere burua barruan bilatzea besterik ez zitzaion geratu. Eta aurkitu. Aurretik ezarritako ordena barren-barrenetik lehertu zen. Beste arau batzuk asmatzeko garaia zen. Garai amesgarri eta aztoratua. Ekaitzentzat primerakoa.
Xuri zenbait minutuz egon zen txintik atera gabe. Gaztea lokarturik zegoela uste izan zuen Bilbok. Motxila ireki, eta Hondamendiaren aurreko erlikia bat atera zuen: agenda elektronikoa. Bere liburutegi pertsonala zen. Urruneko munduetako historiak eta istorioak. Guztiak fantastikoak, errealitatea erreala zeneko ezer ez baitzen jadanik erreala. Lehengo literatura oro zen, errealitateak agindurik, fantastikoa.
—Nire aitaren laguna zinen, ezta? —galdetu zion Xurik orduan.
—Oraindik esna zaude.
—Ez naiz logura. Nolakoa zen aita?
—Lo egin behar duzu.
—Faborez. Nolakoa zen aita?
—Nolakoa zen Lander… Zure aita gizon ona zen. Gogorra. Samurra. Barre egitea gustatzen zitzaion, ahal zuen guztietan. Gogoko nuen.
—Eta lagunak zineten.
—Bai.
—Horregatik naramazu zurekin?
Xuriren tonuak garbi utzi zion Bilbori arretaz ibili behar zuela, gaztea minduko ez bazuen.
—Ez horregatik bakarrik —esan zuen Bilbok, tentuz.
—Zure hitza eman zenion. Zaindu egingo ninduzula agindu zenion.
—Bai.
—Nahiz eta ni zama izan.
—Ez zara…
—Gure artean zintzoak izango ginela esan zenidan —eten zuen Xurik.
Bilbok zerua aztertu zuen. Hondamendi-egunetik aurrera, gutxitan ikusten ziren izarrak. Zerua hautsez eta laino beltzez estalita zegoen oro har, eta oskarbi-uneek zikinean egindako urradurak ziruditen, eta gero eta ezohikoagoak ziren.
—Zama zara eta ez zara, Xuri. Baina ez nahastu gauzak. Neu ere zama nintzen. Zama handia.
—Anaiarentzat?
—Anaiak lagundu egin zidan. Zer izango nintzateke Ekaitz aldamenean izan ez banu? Haren eredua eta euskarria izan ez banu? Garena, askotan, bidean aurkitzen ditugunen araberakoa da. Zorte kontua baino ez da. Oso moldagarriak gara, Xuri. Eta forma ematen diguten eskuek osa dezakete izango garen guztia. Guztia! Nik egundoko zorte ona izan nuen. Anaiak eusten irakatsi zidan. Egin egin ninduen. Hona iristen lagundu zidan. Eta nik zuri lagunduko dizut.
—Hitzeman zenuelako.
—Eta nahi dudalako. Neurri batean, ni nintzena zara. Zu zainduta, nire zatirik barrukoena ere zainduko banu bezala da. Berriro diotsut, Xuri: zaindu egin nahi zaitut. Nahi. Ulertzen? Nik nahi dut. Ez da kanpotik etorritako zama.
—Nahi —errepikatu zuen Xurik, bere kolkorako.
Iluntasuna erabatekoa zen. Gaua gauekoentzat zen atzera, behiala bezala. Ametsa eta errealitatea bat zirenekoan bezala. Beste behin. Suaren inguruan itzalen dantza zebilen. Urkatu ezineko zalantza, ezezagunaren magia distiratsua, bizitzaren oihartzuna. Eta errespetuaren eta konfiantzaren epela.
—Zuk lagun gehiago izan dituzu —esan zuen Xurik—. Nire aita. Zure anaia.
—Hilda daude.
—Gehiago dituzu.
—Baditut lagun batzuk.
—Nik lagun bat izan nahiko nuke.
Bilbok burua goratu zuen, ez batere eroso.
—Ni nauzu.
—Ez da gauza bera, Bilbo. Ni mutikoa naiz. Zu gizona. Eta, gainera, ni ez naiz… Ni ez naiz…
—Laguna nauzu, Xuri. Eta ahaztu bestea.
—Ahaztu? Nahi bai! Nola ahaztuko dut ba! Nahikoa arropa eranztea, eta hor ikusten dut behin eta berriro. Zaila ahaztea. Ile horiek guztiak, azal zuri-zuria…
—Sarritan, guztiok izan nahi genuke ez garen zerbait. Edo ez garela uste dugun zerbait. Ez dut inor ezagutu bere buruarekin guztiz pozik dagoenik.
Miauka bat entzun zen orduan eta biak isildu ziren berehala.
—Katu basati bat —esan zion Xurik, belarriak luze-luze.
Behar baino hurbilago ematen zuen soinuak. Bilbok arreta handiz entzun zuen. Azken urteetan, aspaldiko etxe-katuak izugarri hazi ziren, eta indartu, eta ankertu. Izan zirenera itzultzen ari ziren, infernutik iheska zebilen santu bat baino azkarrago. Hondamendiak prozesu hezigabe guztiak azeleratu zituen, nonbait.
—Suak urrun edukiko du —iritzi zion Bilbok—. Oraingoz ez da gehiago hurbilduko.
—Beharbada, katu hori gustura egongo da bere buruarekin. Beharbada, ezta hura ere. Baina ez duzu ukatuko batzuek zailagoa dutela —jarraitu zuen Xurik—. Nik normalagoa izan nahi nuke. Gehienen modukoa, behintzat. Zuk ez zenuke nahi?
—Normala bazina, zuk diozun moduan, beharbada orain daukazun bizitza irrikatuko zenuke. Zure bidea ez da samurra. Nirea ez da samurra. Norena da, ordea? Ez nahastu, Xuri. Orokortzea sinplekeria arriskutsua da. Eta alferrikakoa. Orain itxi begiak. Lo egin behar duzu. Bihar goiz jaikiko gara.
—Bihar. Etzi. Etzidamu…
—Eroso jarri eta begiak itxi. Orain bai, edo haserretu egingo naiz.
Bilbok agenda elektronikoa atera, eta irakurri egin zuen. Hiri amaigabeei buruzko istorioak, bizimodu lasaiko pertsonei buruzkoak, eta maitasun miresgarriei buruzkoak. Buruan bueltaka zeukan zerbait, eta ezin zuen gogoa behar bezala bildu. Agenda alboan utzi eta zeruko laino beltzei begira egon zen berriro.
Nora zihoan dena? Aurreko mundua hilda, eta zetorrena oraindik jaiotzeke.
Bilbok Xuriren kizkurrak laztandu zituen samurtasunez. Lagun baten semea. Jadanik bere laguna. Ai, zerbait beldurgarria bihurtzen ari zen gaztea. Xurik berak uste zuen baino beldurgarriagoa. Eta Bilbok ez zekien gauza izango ote zen gazteari gero eta gehiagotan irten nahi zitzaion barru-indar hilgarri hura kontrolatzen irakasteko.
Gizaki-bikote batengandik sortutako munstroa.
Piztia.
Kumea.
Geldi. Zerbait praktikoagoa pentsatzen saiatu zen, une hartan antzua baitzen harekin guztiarekin bueltaka aritzea. Pila kargatu batzuk behar zituen agendarako. Gero eta nekezagoa zen bateriak edo pilak eskuratzea, jende asko baitzebilen haien atzetik. Garai bateko musika-tresna txikiak, askotariko gailutxo elektronikoak… Ihesbide laburrak eta ñimiñoak, baina, askorentzat, halabeharrezko aterpe.
—Bilbo.
—Xuri! Itxi begiak.
—Egunen batean lagunen bat izango dut?
—Baduzu.
—Ulertu didazu.
—Egunen batean lagun bat baino gehiago izango duzu.
—Agintzen al didazu?
—Ezin dizut hori agindu.
—Badakit.
—Baina izango duzu.
—Lagun bat —murmurikatu zuen Xurik.
—Bat baino gehiago. Itxi begiak. Lo egin.
Atzera
|