|

(Liburuaren hasiera)
Andoitz eta Lurralde Ezkutuak
1- Argi ibil zaitezte!
Zenbat mundu ezkutatzen diren gure munduan! Jakingo bazenute… Baina ai, gehienek ez zenukete inoiz sinetsiko. Badakit, eta ez naiz alferrik nekatuko.
Besteei idazten diet. Dizuet.
Ez, ez da ametsa, ez da ilusioa: Zilarrezko Ispilua existitzen da. Bene-benetan existitzen da. Eta ez da Lurralde Ezkutuetarako sarbide bakarra. Gehiago aurki ditzakezue han-hemen, ezustean, gordeak edo abandonatuak.
Argi ibil zaitezte!
Zilarrezko Ispiluari esker hasi zen guztia. Nire bizitzako ordura arteko abenturarik bitxiena. Eroena. Sinesgaitzena.
Orain, suzko zezen baten moduan pizten dira nire oroitzapenak. Ekaitz basatiak, hamabi begidun izakiak, alfonbra hegalariak eta eguzki urdin hura, hotza eta ankerra. Oso ondo oroitzen dut dena.
Polikiago joan behar dut, ordea. Behar den bezala, hasieratik kontatuko dut guztia.
2- Enara eta biok
Andoitz nauzue, hamar urte eta erdi ditut eta, duela hiruzpalau aste (aste?, urteak dirudite!), Lurralde Ezkutuetara doan bideetariko bat aurkitu nuen.
Eta hamar urte eta erdiko Andoitz, mutiko normala, pixka bat baxua eta ilegorria, beste zerbait bihurtu da harrezkero. Beste norbait naiz orain.
Beharko!
Aitonaren baserrian abiatu zen guztia. Baserriak txalet handi bat dirudi, duela urte batzuk zaharberritu zutenetik. Kanpotik ikusita, garbi-garbi dago eraikina, eta berri itxura dauka. Barrutik, zorionez, betikoa izaten jarraitzen du: hamaika itzal, xuxurla eta istorio babesten ditu bere hormen artean. Azpeitiko kanpoaldean dago, Arauntza izeneko mendiaren azpialdean.
Egun hartan, arreba txikia, Enara, negar-malkotan ari zen: ez zuen aitonaren etxera joan nahi.
—Beldurra ematen dit! —oihukatzen zuen Enarak, negar-zotinen artean.
Enarak zazpi urte ditu, ni baino askoz txikiagoa da (sorbaldetara baino ez zait iristen) eta munduko arrebarik xelebreena da: batzuetan aita baino serioagoa da, eta beste batzuetan, berriz, haurtzaindegiko umeak baino eroagoa!
Bada, egun hartan, nioen moduan, Enara negarrez ari zen. Eta arrazoi osoz: aitonak beldurra ematen zuen.
Atzera
|