|
1- Benetako eramangarriak: PDAk
|
|
|
Ordenagailu eramangarrien eramangarritasuna, askotan, izenean geratzen da. Ez dira hain arinak, ez dira hain fidagarriak. Esate baterako, zenbat irauten du bateriak? Betiere dendan berresten dena baino dezentez gutxiago. |
Niri dagokidanez, hara eta hona ibiltzen naiz lan kontuengatik, eta maiz orduak ematen ditut nonbait itxaroten edo norabait bidaiatzen. Denbora hori aprobetxatzeko, besteak beste oharrak hartzea gustatzen zait. Garai batean eskuz hartzen nituen, baina sarritan orriak eta orriak bete ondoren, sekulako lana hartu behar nuen gero, hura guztia ordenagailura pasatzeko. Horrexegatik, orain, ahal den neurrian behintzat, datuak zuzenean digitalizaturik hartzen ahalegintzen naiz.
Modurik errazenetarikoa, izenburuan azaltzen den PDA bat erabiltzea da (PDA: Personal Digital Assistant, ingelesez). Nolabait esateko, eskuko ordenagailuak: benetako eramangarriak. Oso arinak dira (ohiko sakelako telefono baten antzeko pisua du, edo zertxobait gehiago baino ez), eta aukera zinez interesgarriak ematen dituzte.
| Berez, agenda elektroniko gisa jaio baziren ere, pixkanaka gero eta funtzio gehiago bilduz joan dira. Nire PDA nagusia zahar samarra da (Palm m500 modeloa; ikusi alboko argazkia), baina adin horrek abantailak ematen dizkio eragozpenak baino gehiago. |
Palm m500
|
Pantaila monokromoa da (kolore bakar batekoa), eta primeran ikusten da edozein argitan. PDA berriek, esate baterako, milioika kolore dituzte, baina eguzkitan ez dira zaharrak bezain ondo ikusten.
PDA zahar horren beste abantaila bat bateria da. Sekulako iraupena du, eta orduak eta orduak eman ditzaket oharrak hartzen, testuak irakurtzen (ehunka liburu gorde daitezke memoria-txartel txiki bakar batean), kontsultak egiten (entziklopediak eta hiztegiak sar daitezke; besteak beste, Euskal Wikipedia osoa), agenda aztertzen, Interneteko zenbait foro eta albistegi-e begiratzen (horretarako, ohiko PC batetik pasatu behar diot informazioa, baina tira, oso erraza da), eta abar.
| Oharrak hartzeko, teklatu erreal batez baliatzen naiz: alegia, ez da zertan ibili sakelako telefonoekin bezala, botoitxoekin borrokan, mezu txikiren bat idazteko. Badira plastikozko teklatu tolesgarri batzuk, arinak eta oso erabilgarriak. Tolesturik daudela, liburu txiki baten tamainaren erdia izango dute. |
 |
 |
Zabaltzean, ordenagailu bateko ohiko teklatu baten tamaina hartzen dute, eta haietan bezain eroso idazten da. |
PDA horiek, gainera, berehala pizten dira. Botoiari sakatu bezain laster har ditzakezu oharrak. Ohiko eramangarriekin, berriz, “pixka” batez egon behar duzu zain (askotan, zenbait minutu). Hori dela-eta, PDA edukitzea, niretzat, sekulako aukera izan da: edonon nabilela ere (metroan, busean, mendi tontorren batean eserita…), PDA txikia segundo laurden batean atera, eta irakurri eta oharrak har ditzaket, oso modu erraz, eroso eta azkarrean.
Aipatuko dudan azken abantaila: OSO merke eskura daitezke. PDA zaharrak, Sarean pixka bat bilatuz gero, 40 euroren bueltan aurki ditzakezue, edo are merkeago (izan ere, berrien aldean itsusiak, motelak eta "ahulak" baitira; baina bost axola, nik nahi dudana primeran egiten baitute).
 |
Ona, ederra, merkea… Zer gehiago behar da? Eta ez daukat inolako komisiorik, garbi gera dadila! |
Atzera
|